NAIZ

Harrera beroa egin diote Aita Mari ontziari Pasaian

Aita Mari ontzia Pasaiara iritsi da gaur goizean, 49 egun Palermoko (Sizilia) portuan blokeatuta izan ondoren. Italiak blokeatuta du administratiboki ontzia, eta ez dio Mediterraneoan erreskate lanetan aritzen uzten.

Aita Mari, Pasaian porturatzen. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Aita Mari, Pasaian porturatzen. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Gaur goizean iritsi da Aita Mari ontzia Pasaiara. Harrera beroa egin diete eskifaiako kideei portuan ongi etorria emateko zain zeuden hainbat lagunek.

49 egun igaro ditu Palermon (Sizilia) ontziak, Italiako Gobernuak blokeatuta daukalako. Salatu dutenez, horrek 55.000 euroko kostua eragin die, «Gobernu italiarrak ad hoc ezarri duen tasa berri batengatik batez ere».

Azkenean, Erromako agintariek Palermotik itsasoratzen utzi die, baina Pasaian «konponketa lanak» bakarrik egiteko baldintzarekin. SMH Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) iritziz, hori «tranpa administratibo bat» besterik ez da, Mediterraneo itsasoan erreskate lanak egin ez ditzan, izan ere, Aita Marik mota horretako itsasontzi bati dagokion araudia betzen duela ziurtatu dute GKE horretatik.

SMHren ustez, Gobernu italiarrak ez ditu erreskate ontziak nahi Mediterraneoan, eta horregatik ari da barkuak blokeatzen, Aita Mari eta Sea Watch-ekin egin duen bezala.

Aita Marik itsasoan jitoan zebiltzan 44 lagun erreskatatu zituen pasa den apirilaren 13an. Egun hartan Pasaiara bueltan zetorren eta itsasontzian ez zihoazen erreskate taldeko kideak eta medikuak. Migratzaileak Palermon lehorreratu eta italiar agintariek ezarritako koarentena igaro ondoren, euskal ontzia eta Alan Kurdi barkua blokeatu zituen Erromako Gobernuak.