
Apirilaren 23a ailegatzen den aldiro zenbait plazek liburu azokak hartzen dituzte eta liburu dendek deskontu bereziak eskaini ohi dituzte; ordea, orduan posible izan ez zena nolabait, moldatuta bada ere, uztailaren 23 honetan eskainiko du liburuaren sektoreak. Donostiako Gipuzkoa plazan urtero egiten den liburu azokarik ez da izango, adibidez, baina zenbait dendek beren atarian mahaitxo batean postutxo bat jarriko dute. Donostian, Garazi Liburudenda eta Aritz izango dira; Errenterian, Noski Liburudenda; Elgoibarren, Pitxintxu, eta Andoainen Ernaitza.
Aurten ere, irakurleek % 10eko deskontua izango dute liburuak erostean eta, gainera, BonoKulturak eskaintzen dituen abantailez baliatu ahalko dira, Gipuzkoako Liburu-saltzaileen Gremioak azaldu duenez.
Bilboren kasua bestelakoa da, izan ere hiriko liburu ganberak egun bateko azoka antolatu du Albia lorategia parean, eta bertan idazleak azken nobedadeak sinatzen izango dira. Ohikoa denez, aipatu deskontua izango dute liburuek.
Iruñean, berriz, hiriko zenbait liburu-dendak (Abarzuza, Arista, Katakrak, Muga, Nerea eta Troa, besteak beste) arrosak eta deskontuak eskainiko dizkiete bezeroei, eta arreta-ordutegia luzatuko dute.
Kulturaren sektoreak orohar, eta liburuarenak zehazki, jaso duen kolpea arintzen saiatu asmoz, Lakuako Hizkuntza eta Politika sailak ‘Dena hasten da liburu-dendan’ kanpaina jarri du abian, Estatu osoan martxan jarritakoarekin bat eginez. Herritarrei liburu-dendetara itzultzeko gonbita luzatzea da helburua.
Era berean, Lakuak gogorarazi du 2.391.800 euro inbertituko dituela aurten, diru-laguntza deialdi irekien bidez, argitaletxeen sektorea laguntzeko, literatura bultzatzeko edota Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzua hobetzeko, «iaz baino 300.000 euro gehiago», zehaztu du ohar bidez.

Los «gilipollas» del himno, el cabreo del PP y la derrota de la Guardia Civil

La Real, campeona de Copa en los penaltis, como en 1987: ¡va por ti, Aitor Zabaleta!

‘Freed from desire’tik ‘Txoria txori’ra, realzaleek amestu zuten gaua

Atzerapenarekin, baina Kopa iritsi da Hondarribira: eskerrik asko, Gipuzkoa!
