Jon Ormazabal

Sufritzen ere badakitela erakutsi dute Artola eta Rezusta liderrek Tafallan (19-22)

Elezkano eta Aretxabaleta 18-15 aurreratu dira baina ordura arte izan ez duen argitasuna izan du Alegiako aurrelariak azken aldera eta liderrak liderrago dira hamargarren puntua bilduta.

Une batzutan nahastuta ibili den arren, Artolak bikain amaitu du partida. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Une batzutan nahastuta ibili den arren, Artolak bikain amaitu du partida. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Finalerdietarako txartela poltsikoan izanda behar handirik ez zuten agian, baina sufritzen ere badakitela erakutsi dute Artola-Rezustak Tafallan eta euren partidarik onena jokatu ez badute ere, hamargarren puntua eskuratu dute Elezkano-Aretxabaletari 19-22 irabazita beste partida luze batean. Euren joari esker normalean haizea alde dutela jokatzen ohituta, Danel Elezkanok gaur bide zuzen horretatik atera ditu, batez ere Iñaki Artola, baina partidaren hondar aldera erasoan argiago arituta, bikote gipuzkoarrak horren garrantzistua den garaile inertziari eutsi ahal izan dio.

Sailkapenak bestelakorik zioen arren, partida oso orekatua izan da eta, are gehiago, bizkaitarrak joan dira aurretik gehienean. Danel Elezkanoren hasiera on bati esker, bikote gorria 5-0  aurreratu da, hein handi batean, Zaratamokoak bere efektoekin aurkariak nahastu eta ez dielako gustokoa duten bezala, zuzen eta aurpegiz jokatzen utzi. Hasiera horretan, gainera, Iñaki Artola presaka antzean aritu da eta gipuzkoarrek ez diote abantailarik atera bere kolpe indartsuagoari.

Hori bai, urdinek azkar antzean eman diote buelta egoerari, pixkanaka euren ohiko jokoa berreskuratu dute Artola eta Rezustak, pareko atzelaria zigortzen hasi dira eta markagailua orekatzen joan dira. Lesio baten erruz lau astez kantxetatik at egon behar izan duen Andoni Aretxabaletak esker txarreko lana izan du gaur Tafallan, bi jotzaile handiren aurka eta pilotaleku zailean, baina bere mailan oso ondo erantzun du, akats oso gutxi eginaz, nahiz eta berak ez duen egindakoarekin batere gustura amaitu.

 

Gorabehera asko

Piloteoan urdinak nabarmen nagusitu direnez, Elezkanok arrisku handiak hartu behar ditu eta, huts batzuk ere pilatu dituenez, faboritoek partida zuzentzea lortu zutela zirudien 12-14 aurreratu direnean. Ez da inondik inora hala izan, gipuzkoarrek ez dutelako jarraikortasunik izan euren jokoan. Gehienean dominatuta izan den arren, Zaratamokoak ez du aukerarik galdu erasora pasa eta Iñaki Artolari aurrean nahasteko amua botaz, gehienean garaile irtenaz gainera. Gauzak horrela, bigarren atsedenaldi luzera ere aurretik iritsi dira gorriak, 18-16.

Euren lanak, ordea, ez du saririk izan. Nekeak erasotu egin die eta azken aldera Iñaki Artolak ordura arte izan ez duen eraginkortasuna lortu du unerik garrantzizkoenean. Unerik zailenetan lanean jarraitzeak saria eman die azkenerako eta Alegiakoak azken lau tantoak eginda, sufritutako garaipena eskuratu dute.

 

Elezkano-Aretxabaleta: 19

Artola-Rezusta: 22

Pilotakadak: 735. Iraupena: 83,45 minutu. Markagailua: 5-0, 5-5, 7-5, 7-6, 8-6, 8-8, 9-8, 9-9, 12-9, 12-14, 1414, 14-15, 18-15, 18-18, 19-18, 19-22. Sakeak: 1 Artolak. Tantoak: 10 Elezkanok, 0 Aretxabaletak, 8 Artolak eta 2 Rezustak. Hutsak: 8 Elezkanok, 2 Aretxabaletak, 3 Artolak eta 6 Rezustak. Gorabeherak:Mugen barruan, sarrera eta giro polita Tafallako Ereta pilotalekuan. Dirua doblean irten da urdienen alde hasieran.