Jon Ormazabal

Ezkurdiak eta Arangurenek ez dute atzean geratu nahi eta garaipen garrantzitsua lortu dute Ziordian

Urrutikoetxeak eta Irribarriaren ordez aritu den Bikuñak ondo eutsi diote partidari 15-16rakora arte, baina urdinek 0-6 partzial batekin itxi dute lehia.

Joseba Ezkurdia izan da partidan tantorik gehien egin duen pilotaria. (Iñigo URIZ/FOKU)
Joseba Ezkurdia izan da partidan tantorik gehien egin duen pilotaria. (Iñigo URIZ/FOKU)

Mastersaren finalerdietan sartzeko behar-beharrezkoa zuten puntua eskuratu dute Ezkurdia eta Arangurenek Urrutikoetxea eta Irribarriaren ordez aritu den Iñigo Bikuñari Ziordian 15-22 irabazita. Gaurkoarekin zazpigarren garaipena lortu dute arbizuarrak eta Aginagakoak eta Bengoetxea VI-Martija harrapatu dituzte sailkapenean.

Jokoan ezer gutxi bazuen ere, gaurkoa hitzordu berezia izan da oso Iñigo Bikuñarentzat, lehen mailan jokatu duen lehen partida izan baitu etxean bakartuta jarraitzen duen Irribarriaren ordezko gisa jokatu duena. Lan asko egin behar izan du donostiarrak, bera izan da, aldearekin, pilotakadarik gehien jo behar izan duen pilotaria eta nahi baino pilota gehiago galdu ditu, bere zoritxarrerako. Txaparekin ere ez du zorte handirik izan, baina denera galdutako bederatzi pilotak gehitxo izan dira azkenerako.

Intendentziak ere izan du aparteko eginkizunik, Ziordiko pilotalekuak lanak eman baitizkie pilotak jartzerakoan. Hasieran eramandakoak biziegiak ziren pilotaleku bildu horretarako, errazegi sartzen ziren errebotean eta lehenengo Gorostizak eta geroago Apeztegiak beste motelago batzuk eraman behar izan dituzte partidak hasi aurretik, ikuskizuna egokiago izan zedin.

Ohi duen bezala, Joseba Ezkurdia saiatu da partidaren erritmoa eramaten eta urdinek ia hasieratik –gorriak 2-0 aurreratu dira– eraman dute markagailuaren kontrola. Hori bai, Mikel Urrutikoetxea eraginkor aritu da gantxoz eta kosta egin zaie partida apurtzea eta gorriek 15-16kora arte eutsi ahal izan diote.

Amaieran, ordea, partidan benetako beharra nork zuen argi geratu da eta Ezkurdia-Arangurenek 6-0eko partzial batekin lortu dute horren beharrezkoa zuten puntua eskuratzea.

 

Fitxa teknikoa:

Urrutikoetxea-Bikuña: 15

Ezkurdia-Aranguren:22

Pilotakadak: 520. Iraupena: 59,30 minutu. Markagailua: 2-0, 2-4, 3-4, 3-7, 4-7, 4-9, 6-9, 6-10, 7-10, 7-11, 9-11, 9-12, 10-12, 12-12, 12-13, 12-16, 15-16 eta 15-22. Sakeak: Falta bana Urrutikoetxea eta Ezkurdiak. Tantoak: 6 Urrutikoetxeak, 1 Bikuñak, 8 Ezkurdiak eta 2 Arangurenek. Hutsak: 3 Urrutikoetxeak, 9 Bikuñak, 5 Ezkurdiak eta 2 Arangurenek. Gorabeherak: Sal zitezkeen sarrera guztiak saldu dira eta sartu ezinda geratu da pilotazaleren bat.