
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko 4.021 ikaslek beteko dituzte aurten Ipar Euskal Herriko 37 ikastoletako ikasgelak.
Aurreneko ikasturtearen kopuruak atxiki ditu Seaskak. 4.001 ikasle zituzten Iparraldeko ikastolek iazko sartze egunean, aurten hogei gehiago izanen dira.
«Sartze honetan departamendu mailan eskola publikoan 600 ikasle galduko dituztela kontuan izanik ez da zenbaki txarra gurea», nabarmendu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, Piarres Larzabal kolegioko lehendakaria den Jurgi Arrizabalagarekin batera, goiz honetan, Ziburun, eskaini duen prentsaurrekoan.
Hiru lurraldeetan haur gutxiago sortzen bada ere, bederen ondoko hiru ikasturteetan ikastoletako matrikulazio zenbakiek ez dutela behera eginen aurreikusi du Jorajuriak.
Hala, mila ikasleen langa gainditu dute aurtengo sartzean Seaskako sarea osatzen duten lau kolegioek. Hain zuzen, gaurko agerraldirako hautatu duten kolegioan, Piarres Larzabalen, 329 ikaslekin egin dute eskola sartzea, iaz baino zortzi ikasle gehiagorekin.
Joera antzekoa da bigarren mailako beste hiru zentroetan. Berriki sorturiko Baionako Estitxu Robles kolegioan 169 ikasle izanen dira aurten (+27), Kanboko Salbador kolegioan 309 (+31) eta Lartzabalen kokatzen den Manex Erdozaintzi kolegioan 243, iaz baino 14 gehiago.
«Azken bi urteetan alarma piztua dugu eta aurten dagoeneko mila ikasleen heina gainditu dugu», azaldu du Arrizabalagak.
Orotara 2020-2021 ikasturtean 1.048 ikasle izanen dira Seaskako kolegioetan.
Egoera horretan bosgarren kolegioa irekitzeko egitasmoa mahaigainean ezarri du Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak.
Oraindik ere ezin dute zehaztu noiz eta non irekiko duten kolegio berria. Jorajuriak aukera bi izan ditu aipagai. Hego Lapurdin dagoen matrikulazio eskaera handiari erantzuteko aukera ona litzatekeela kolegio berria Senpere-Azkaine aldera plantatzea azaldu du, baina ez du baztertu ere Hazparne aldean zabaltzea kolegio berria.
Protokolo zorrotzak eta baliabide eskasia
Seaskak aurten nahi luke bosgarren kolegioa irekitzeko egitasmoa tenkatu. Izan ere, covid-19ak eragindako krisiak ia dena zalantzan eman du ikasturtearen hasiera honetan.
Protokolo zorrotzak bete behar dituzte gainerako eskolek bezala Iparraldeko ikastolek. Horrek, hala nola, garbiketari buruzko aurrekontuak azkarki emendatzea ekarri du.
Izan ere, Herri Urrats eta abarreko besta ekimenak bertan behera geratu direnez, ikastolen buxeta heren batean murriztu dela oroitarazi du Peio Jorajuriak.
Osasun protokolo arinagoa daukate lehenengo hezkuntzan, ez ordea bigarren mailan. «Ikasle guztiek eskola sartzea egitea» helburu izanik musukoen erabilpena izan dela neurririk esanguratsuena azaldu du Arrizabalagak.
«Ikastoletako bulegoek sekulako lana egin zuten maiatzean berriz klaseak abiatzeko eta berriz ere irailean sartzea ahal bezain ongi abiatzeko», mahaigainean jarri du Jorajuriak.
Horri begira irakasle, guraso eta ikasleen aldetik «antolaketa, ardura eta elkarlana» nagusitu direla goraipatu du. Alta, frantziar Hezkuntza Ministerioak ez duela balore horien arabera jokatu deitoratu du Seaskako lehendakariak. Parisen aldetik «inprobisazioa, arduragabekeria eta inposaketa» izan direla ardatz nagusiak salatu du.
«Talde tippietan aritzeko, ikaslegak desdoblatzeko baliabiderik ez dugu», zehaztu dute Seaskako arduradunek. «Nafarroan 750 postu gehigarri ezarri dituzte, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian 1.000, Frantziak zero», laburbildu du Jorajuriak.
«Maiatzean baino hobeki prestatuak gira, baina pandemiaren eboluzioak horretara eramaten bagaitu, ikastoletan izanen dugun aukera bakarra ikasleak etxera bidaltzea izanen da», azaldu du Seaskako lehendakariak. Estatu frantserarengandik «euro bakar bat ere ez dugula hunki ordenagailu berriak erosteko» salatu du.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina




