NAIZ

Aztikerren inkesta: haurrak kontent eta urduri, eta familiak kritiko gobernuekin

Ikasturtea amaieran baino poz handiagorekin eta urduriago ekin diote eskolako bueltari haurrek, Aztiker soziologia ikerguneak egindako “Eskola buelta” inkestak emandako datuen arabera. Familiak kritiko dira Nafarroako eta EAEko gobernuekin, gehiago azken horrekin, eta protesta bidezko ikusten dute (%68), nahiz eta greba deialdiak zatiketa handiagoa eragiten duen (%44 alde eta 43 kontra).

Haur bat maskararekin. (Endika PORTILLO/FOKU)
Haur bat maskararekin. (Endika PORTILLO/FOKU)

‘Eskolara buelta’ inkesta Aztikerrek egindako ekimena da, propio garatutako ZOOM ikerketa digitaletarako tresnaren bidez. Eremua Hego Euskal Herriko lau herrialdeak izan dira, eta unibertsoa eremu horretan bizi diren eta 2-12 urte arteko umeak dituzten familiak dira. Inkesta bide digitaletik egin da, inkestatuak berak betetako galdetegi baten bidez. SMSak eta sare sozialak erabiliz osatu dute datuak biltzeko prozedura irailaren 4tik 8ra bitartean, eta azkenean, laginaren tamainari dagokionez, baliozko 800 elkarrizketa lortu dituzte.

Lan honen arabera, bi sentimendu dira nagusi haurren artean: pozik eta urduri dira. Gaur egungo egoera ikasturte amaierarekin alderatu dute. Horrela, hasiera honetan %67,2 pozik dago (%48,8k adierazten zuen sentimendu hori aurreko ikasturte amaieran). Urduritasunak ere gora egin du, 22,1etik 30,8ra pasa baita.


Behar izanez gero, gehiengoa konfinamenduaren alde dago, baina, izatekotan, beste modu batez egin beharko litzatekeela uste du. «Bai, baina konfinamendu orokor bat ez» da aldekotasun handien jaso duen aukera, %51,3. Nolanahi ere, inkestaren arabera, konfinamendu baten arazo nagusiak gurasoen zailtasunetatik datoz.

Gehiengoak uste du gaitzarekin kutsatuko dela edo kutsa daitekeela. «Baliteke baietz» da nagusi: %48,6. Eta inkestatuen bi herenentzat kutsatzea ekiditeko neurriak hartzea oso garrantzitsua da.

Haurrentzat jantokiari buruz, inkestatuen heren batek lasai asko erabiliko luke, eta beste heren batek ez du jantokirik behar. Laurdenak zalantzekin erabiliko luke, eta %14k, behar izanda ere, ez luke erabiliko.

Arlo politikoan, familiak ez daude gustura. Bi erkidegoetan gehiengoa kritikoa da euren gobernuekin. EAEn are gehiago. Eskolara itzulerarekin Nafarroako inkestatuen artean zalantza gutxiago egon dira EAEn baino.



Inkestak ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deituriko mobilizazioei buruz eta, zehazki, irailaren 15erako deituriko grebaz galdetu du. Aztikerrek ateratako ondorioa hauxe da: «Grebaren inguruan familiak zatituta daude: grebarekin ados dago %44 eta kontra %43. Mobilizazioekin, ordea, %68 ados dago».