Maddi Txintxurreta

Jabetza publikoko etxebizitzak inauguratu dituzte Zerainen

Jabetza publikoko zortzi etxebizitza inauguratu dituzte Zerainen. Gazteei edo 70 urtetik gorako helduei zuzendutako proiektua da, eta 100-200 euro artean ordaintzen dute hileroko errenta.

Zeraingo Antxaputzuko etxebizitzen aurkezpena. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zeraingo Antxaputzuko etxebizitzen aurkezpena. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ostiral eguerdian inauguratu dituzte Zeraingo herritarrek Antxaputzuko jabetza publikoko etxebizitza berriak, bioeraikuntzaren bidez diseinatutako zortzi apartamentu. Orain hiru urte eta erdi abiatu zuen Zeraingo Udalak alokairu publikoko etxebizitza hauek eraikitzeko proiektua, eta Lakuako Ihoberen eta Fiare Banku Etikoaren finantzaketari esker egikaritu dute egitasmoa. Erakunde hauen ordezkariak bertan izan dira, Amaia Junquera alkatearekin eta erakinaren diseinuaz arduratu den Oreka enpresako Nagore Tolosa arkitektoarekin batera.

35 urtetik beherako gazteei edo 70 urtetik gorako biztanleei zuzendutako etxebizitzak dira, baina helduen eskaeraren faltan, jada zortzi apartamenduak okupatuta daude, Zerain eta Goierriko gazteak bertan bizi direlarik.

Egitasmoa martxan jarri aurretik, Amaia Junquera alkateak azaldu du galdeketa bat egin zutela Zerainen eta inguruko herrietan, eta bertan ondorioztatu zutenez, bi ziren, etxebizitzari dagokionez, gazteen behar nagusiak: alokairuan bizi nahi zuten, eta ezin zuten hilean 300 eurotik gorako errenta ordaindu. Hala, gazteen beharrei begira abiatu zuten Antxaputzuko etxebizitzen proiektua.

Alokairu publikoa 50 urtez babestuta dagoela esplikatu du alkateak.

2017an finantziazioa bilatu eta diru laguntzak jaso ostean, 2019an etxebizitzak eraikitzen ari ziren, Oreka enpresako diseinua jarraituz. Iragan uztailean amaitu zituzten lanak, eta abuztutik gazteak etxe hauetan bizitzen ari dira.

Lakuaren aldetik 380.000 euroko diru-laguntza jaso dute, eta diru hori ez dute itzuli beharko. Bestetik, Fiare Banku Etikoak ia 200.000 mila euroko mailegua eman diete.

Bizitzen ari diren horiek, baldintza zehatz batzuk bete behar dituzte: 35 urte baino gutxiago izan behar dute eta urteko diru-sarrerak ezin dituzte 25.000 euro gainditu. Baldintzak beteta, bost urterako kontratua egin zaie, eta guztien 100-200 euro artean ordaintzen dute hileroko errenta.

Alkateak esan duenez, Zerain bezalako herri txiki batean ez da erraza horrelako proiektu bat abiatzea; izan ere, «260 biztanleko herri txiki bat gara, eta ideia bat egiteko, Zerainen 8 etxebizitza publiko egitea, proportzioan, Donostiak 5000 etxe egitea bezala da».

Bioeraikuntza

Orekako arkitektoei proiektua aurkeztu zietenean, bi zutaberen gainean hasi ziren lanean: batetik, etxeek ekonomikoki bideragarriak izan behar zuten eta, bestetik, bioeraikuntza irizpideak bete behar zituzten.

Lehenengo baldintza gazteen errentari esker beteko dute, izan ere, proiektua martxan jartzeko Fiarek emandako mailegua horien bitartez ordainduko dute 15 urteko epe batean, eta hortik aurrera sarrera horiek herriarentzat izango dira. Hala, etxebizitza hauek «ez die zentimorik ere kostatu zeraindarrei», Junquerak argitu duenez.

Bestalde, bioeraikuntzaren irizpideak jarraituta, lortu dute eraikina energetikoki eraginkorra izatea, «espazio osasuntsuak» izatea eta aztarna ekologikoa murriztea. Gehien erabili duten materiala egurra izan da.

Errenta, lehentasuna

Inaugurazioan izan da Lakuako Etxebizitza Plangintzako sailburua, Mario Yoldi. Azaldu duenez, bere Gobernuan alokairuko etxebizitzak «lehentasun historikoa» izan dira, urtean 1.000 errentako etxebizitza egiten ari direla. Horregatik babestu dute, bere esanetan, Zeraingo proiektua. Bestalde, onartu du Antxaputzuko etxebizitzen kasuan, Zeraingo Udalarena dela protagonismo nagusiak, eta gainontzeko udalerriak animatu ditu antzeko egitasmoak abiatzera.

Etxebizitzen aurkezpena egin ondoren, apartamentuetako batera bisita egin dute bertaratu direnek.