NAIZ

Irungo Harrera Sareak mila migratzaile artatu ditu uda honetan

Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez, uda honetan trantsituan zeuden mila pertsona artatu ditu, gehienak afrikarrak eta Kanariar irletatik zetozenak. Irungo harrera dispositibora sartzeko irregulartasunak izan direla eta konfinamenduaren ondotik migratzaileen egoera okertu egin dela salatu du.

Voluntarios de Irungo Harrera Sarea atienden a varios migrantes. (Gorka RUBIO/FOKU)
Irungo Harrera Sareko boluntarioak migratzaileak artatzen, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Irungo Harrera Sareak (IHS) ohar batean azaldu duenez, uda honetan mila migratzaile artatu ditu, afrikarrak. Gehienak, Ginea Conakry, Mali eta Boli Kostakoak ziren, eta gutxi batzuk Kamerun, Senegal eta Nigerrekoak. Profil ugariena bakarrik zetozen gizon gazteena izan da, baina baita bakarrik edo haur txikiekin zetozen emakumeena ere. Gehienak Kanarietatik etorri dira. IHSk adierazi duenez, «Afrikako migrazio-bideak aldatuz doaz Espainiak eta Marokok zirkulazio askatasuna oztopatzeko egiten duten presio militarraren arabera».

IHSk udako hilabeteetan ere Irungo harrera dispositibora sartzeko irregulartasunak antzeman ditu. «Ez dago irizpide koherenterik eta dispositiboa erdi hutsik egonik ere, migratzaile askori ez zaie aterpetxean sartzen utzi», deitoratu du.

Horrekin batera, konfinamenduaren ondotik migratzaileen egoera okertu egin dela salatu dute. «Pertsona askok esan digute, arrazoi desberdinak medio, ez dietela Irungo aterpetxean sartzen utzi. Egoera hau are larriagoa da kontuan hartzen badugu konfinamendua amaitu zenetik aterpetxean, bi egunetan izan ezik, beti egon dela lekua. Hau da, hainbat migratzaile diskriminatu dira eta errekurtsoa ez da behar bezala erabili, diru publikoa modu desegokian xahutuz».

Bestalde, Estatu frantsesak «legez kontra kanporatu dituen migratzaileen testigantzak» jasotzen jarraitu du Irungo Harrera Sareak eta horren harira Europako Batasunak errefuxiatuekiko duen politika «xenofoboa eta hiltzailea» salatu du. Hala, Moriako, Mediterraneoko eta espainiar kostako kanpamentuetan errefuxiatuak nola tratatzen dituzten «izugarritzat» jo du. Horregatik euskal erakundeei exijitu die «bete dezatela aurkeztu berri duten Harrera Plana» eta «oraingoan anbizio eta ardura handiagoarekin joka dezatela».

Herritarrei ere dei egin die IHSk, «Europaren kontrol politika arrazistek gizatasunik gabeko muturrera eraman dituzten Moriako eta beste kanpamentuetako errefuxiatuei laguntzeko abian jarri diren ekimenak» bultza ditzaten.

Ildo horretan, larunbat honetan Donostiako Antiguako pilotalekuan pertsona errefuxiatuek eta migratzaileek jasaten duten gizatasunik gabeko tratua salatzeko eta Zaporeak elkarteak Morian daukan proiekturako dirua biltzeko hainbat kultur-elkartek antolatutako kontzertura joatera animatu ditu herritarrak.