OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

Uxue Alberdi gailendu da Euskadi Sarietan Euskarazko Saiakeran

‘Kontrako eztarritik’ iaz Susa argitaletxearekin argitaratu zuen Uxue Alberdik eta asteazken honetan iragarri da Euskadi Literatur saria irabazi duela Euskarazko Saiakera kategorian. Sarituen zerrenda osatu dute Aixa de la Cruzek, Gaztelerazko Literaturan; Idoia Santamariak, Euskarazko Literatura Itzulpenean; eta Borja Barraguek, Gaztelaniazko Saiakeran.

Ezker eskuin, Borja Barrague, Idoia Santamaria, Aixa de la Cruz eta Uxue Alberdi sarituak. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)
Ezker eskuin, Borja Barrague, Idoia Santamaria, Aixa de la Cruz eta Uxue Alberdi sarituak. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

Lehengo astean iragarri ziren 2020ko Euskadi Literatur Sarien lehen hiru irabazleak baina zerrenda osatzea falta zen; Lakuako Kultura sailak asteazken honetan eman ditu jakitera falta ziren lau egileen eta obren izenak.

Euskarazko Saiakera kategorian Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak irabazi du, iaz, Susa argitaletxearen eskutik, Lisipe bildumaren baitan, argitaratutako ‘Kontrako eztarritik’ obragatik. Epaimahaiak baloratu duenez, «emakumeen, eta, zehazki, emakume publikoen, bertsolarien, unibertsaltasun ezaren inguruko hausnarketa egiten du».

Idazketa prozesuan elgoibartarrak hamabost emakume bertsolari elkarrizketatu zituen eta hainbat
galdera planteatu zizkien, horien inguruan hausnartzeko aukera luzatuz. Gerora, errepikatzen ziren gaiak pilatu egin zituen 22 mekanismotan. Horietako batzuk dira, adibidez, gizonen kidetzat hartuak izatea eta ez emakume bertsolari bezala; deserotizatzea edota hipersexualizatzea; gizonen artean sortzen diren aliantzak; paternalismoa; eta askotan sentitzen duten gutxiespena.

«Uxue Alberdiren helburua ez da soilik emakume bertsolarien unibertsalitate ezak bertsolarien lana mugatzen duela aldarrikatzea, horrek bertsolaritzaren etorkizunean duen eragina ikustaraztea ere», jaso du Mitxelko Urangak zuzendutako epaimahaiak.

Jasotako emakumeen testigantzen balioa goraipatu du epaimahaiak, halaber. «Ez dira soilik testigantza partikularrak, pertsonalak, pribatuak edo intimoak, unibertsalak eta errepikakorrak baizik –dio ebazpenak–. Emakumeen testigantza hauek gizarte osoari begiratzen diote. Egileak unibertsaltzat hartzen ez diren egoerak unibertsalak direla sentiarazten du, emakumezko bertsolarien bizipenen benekotasunak irakurlea hunkitzeko daukan gaitasunaz».

Aixa de la Cruz, gaztelaniazko lan onena

Gaztelerazko Literatura saria Aixa de la Cruz (Bilbo, 1988) idazlearentzat izan da, ‘Cambiar de idea’ (Caballo de Troya) lanagatik. Ingeles Filologian lizentziatua eta Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuan doktorea, bere bizitzan une esanguratsuak izan direnak zeharkatzen dute obra, narrazioa, saiakera eta kronika nahastuz.

Ramon Ederrek zuzendutako epaimahaiaren arabera, ‘Cambia de idea’ «lan apurtzailea da bere gaian eta berritzailea bere diskurtsoan, ‘ni’-aren azalpen bat proposatzen du eta, aldi berean, ‘ni’ hori zalantzan jartzea, errealitatea ikusteko modu desberdinak erabiltzeko aukera ematen baitu».

Duela hiru urte hasi zen idazten, San Telmo museoan asteazken goiz honetan egin den agerraldian kontatu duenez. «Minez eta amorruz» betetako garaiak ziren haiek. «Oso baldintza zailetan ondutako lana da», erantsi du. Emakume asko elkarrizketatu zituen idazketarako, erasotuak, mehatxatuak, bortxatuak. Horregatik, «beste emakumeei zor» dion liburua dela esan du, beren bizipen eta esperientziei esker egin ahal izan zuelako.

Pixkanaka, lanorduetatik kanpo egindako lana izan da Idoia Santamariak itzuli duena. Donostiarrarentzat Euskarazko Literatura Itzulpena saria Ingeborg Bachmann egilearen ‘Aldibereko’ obra gure hizkuntzara ekartzeagatik. Elhuyarreko langile honek denbora librean, bulegotik kanpo egin du, pixkanaka.

Alemanieratik euskarara itzuli du «ezinezkoa zirudiena», baloratu du Bingen Zupiria Kultura sailburuak. Bost ipuin biltzen ditu, nahiz eta azkenak ia liburu erdia hartzen duen. Santamariak, beste itzultzaile batzuek ez bezala, izenburu originala mantendu du, eta lehen ipuin laburraren izenburua, obrari izena ematen diona, errespetatu du. ‘Simultan’, alegia, ‘Albidereko’ (Erein&Igela).

Ingeborg Bachmann idazlea, Santamariak kontatu duenez, Austria hego-ekialdekoa da, muga eta hizkuntza ugari nahasten diren inguru batekoa. Esloveniera hitz egiteaz gain, italieraz eta alemanieraz ere mintzatzen dira, eta identitate anitz horrek liburua zeharkatzen du. Europa erdialdeko mireslea naiz ni, XX. mendean arte diziplina guztietan egin denaz, pinturaz, arkitekturaz, eta batez ere bi Mundu Gerren artean egin ziren lanez». Aitortu du. Horregatik gozatu du izugarri. «Arratsaldero Usurbiletik Vienara» bidaiatu duelako.

Epaimahaiaren ustez, «Bachmannen prosa alemanez irakurri duenak badaki ez dela irakurlearentzat erreza, eta askotan lan nekeza dela hitz egiten ari diren pertsonaien ahotsak, gogoetak eta are narratzailearena bereiztea. (…) Idoia Santamariaren euskarazko itzulpenean ondo ezagutzen dira alemanezko istorioetako gizon eta emakumeak, eta iztultzaileak harturik erabaki batzuen ausardiari zor zaio».

Lehenengo saiakera

Borja Barrague donostiarra da baina Madrilen bizi da. Zuzenbidearen Filosofian irakasle, bere lehen saiakera lana da ‘Larga vida a la socialdemocracia’ (Ariel). Beretzat izan da Gaztelerazko Saiakera saria. Erronka handiena, egileak berak aitortu duenez, publiko zabalak ulertzeko moduko hizkuntza erabiltzea izan da. «Niretzat errazena zen jerga konplikatua erabiltzea, alegia, Akademian erabiltzen duguna, baina nire helburua edukia ulerterraza egitea zen, eta hori egin zitzaidan, hain zuzen, zailena».

Liburuak «dilema klasikoak» jartzen ditu mahaia gainean, «ausardiaz». Sozialdemokraziak funtsean esaten zuena gogora ekarri eta gaur egunera egokitzea proposatzen du egileak. «Dibulgaziozko tonu zorrotza» eta «estetika egokia» aitortu dizkio epaimahaiak. «Argia da eta ironia dago, eta proposamen ireki gisa egindako saiakerak galderak irekitzen ditu, pentsarazten ditu eta belaunaldi desberdinak lotu ditzake».

Barrague-k «liburu arraroa» dela ere esan du, izan ere makro errelatoak eztabaidatzetik hasi beharrean, mikro-fundamentuetatik hitz eginez abiatzen da.

Euskadi Literatur sarien zerrenda osoa jakitera emanda, sari banaketa ekitaldia datorren azaroaren 19an izango da, Bilboko Alondegian. Saritu bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu eta lana beste hizkuntza batean argitaratua izanez gero, beste 4.000 euro.