NAIZ
DONOSTIA

Bost emakume poetaren ahotsak musikatu ditu Pamielak ‘Hitzak hots’ lan berrian

Proiektua orain bi urte jaio zen, Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak mahai gainean galdera bat jarri zutenean: zergatik musikatu da emakumezkoen hain testu gutxi euskal kantagintzan? ‘Hitzak hots’ liburu eta DVDak bost euskal emakume poeten zortzi testu jasotzen ditu.

Pamielak ‘Hitzak hots’ lan berria aurkeztu du gaur Donostian. (Andoni CANELLADA I FOKU))
Pamielak ‘Hitzak hots’ lan berria aurkeztu du gaur Donostian. (Andoni CANELLADA I FOKU))

«Zergatik musikatu da emakumezkoen hain testu gutxi euskal kantagintzan?», galdegin zioten elkarri Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak. Galdera horretatik abiatuta sortu da ‘Hitzak hots’ liburua eta DVDa. Pamiela argitaletxeak bost emakume poetaren ahotsak bildu baititu lan berri honetan.

Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiaren letrak biltzen ditu asteazken honetan Koldo Mitxelenan aurkeztu den lan berriak. Proiektuaren nondik norakoak barruko orrialdeetan azaltzen ditu idatziz Lertxundik berak; DVDan berriz Chillida Lekun iazko abenduan eskaini zen emanaldia jaso da.

Hastapeneko galdera hura orain parte bat urte jarri zuten mahaia gainean, idazle oroitarrak azaldu duenez. «Hortik abiaturik lanean hasi ginen, galderari erantzuteko modu aktibo batean. Poeta emakume batzuk aipatu nizkion, liburu batzuk ere bai aholkatu eta liburuetako poema batzuk seinalatu. Hortik abiaturik, Anttonek bere selekzioa egin zuen poema gustukoenekin, bere musikara egokitzen zirenekin. Ordutik, gaur entzungo ditugun zortzi poemek bi musika dituzte: poeta bakoitzak eman ziena bere garaian eta Antton Valverdek emandakoa».

Gipuzkoako Aldundiak ere parte hartu du aurkezpenean. Bertan, Mari Jose Telleria Kultura zuzendariak baloratu duenez, «liburu honen argitalpena oso albiste ona da. Gaur egun ezin baita gure gizartea ulertu emakumeak bertan duen parte hartzea kontuan hartu gabe».

Bost poetika eta bost ikuskera topatuko ditu irakurleak jaso diren zortzi poematan, baita haiekin sortutako zortzi kantu. «Bost poeta, zortzi poema, musikari bat, zortzi kantu. Euskal konpas ezagunean bezala, zortziko bat osatzen du kontzertuak», adierazi dute.