NAIZ
GASTEIZ

Iruña-Veleiaren auzia argitzearen aldeko gose-greba amaitu da

99 egunen buruan, Iruña-Veleia Argitzearen Aldeko Gose Grebalariak taldeak eutsi egin duen protesta ekimena amaitutzat eman du, gaur osteguna aditzera eman dutenez. Ana del Valekin, Arabako Kultura diputatua, eta Inma Sanchezekin, Kultura zuzendariarekin, hilaren 21ean izan zuten bileraren ostean hartutako erabakia izan da.

Gabixolak gose greba utzi du 99 egunen buruan. (Raul BOGAJO / NAIZ)
Gabixolak gose greba utzi du 99 egunen buruan. (Raul BOGAJO I FOKU)

Iruña-Veleia Argitzearen Aldeko Gose Grebalariak taldeak aipatu duenaren arabera, egun hauetan mantendutako borrokak emaitzak izan ditu. Batez ere Joxe Mari Lejardik ‘Gabixola’ bertsolari eta euskaltzaleak 99 egunetan eutsi dio gose grebari, beste lau lagunekin batera. Horren inguruan, hainbat ekimen egin dira egunotan bai kalean, bai erakundeetan, ibilbide luze eta katramilatutako auzi hau argitze aldera. 

Arazoa, gaur egun oraindik epaileen eskuetan dago. Hasi, duela hamalau urte abiatu zen, Arabako aztarnategian sekulako aurkikuntza izango zena iragarri zenean, euskararen jatorria eraldatuko zuten ostraka batzuk, alegia. Jabetza publikoko aztarnategia kudeatzen zuen Lurmen enpresako arduradunek iragarritakoa zalantzan jarri zuen EHUk eta, hau dela eta, epaitegietara jo zuen Arabako Foru Aldundiak, aurkeztutako frogak faltsuak zirela salatuz. 2020an, azkenik Arabako auzitegiak Eliseo Gil kondenatu du dokumentuak faltsutzeagatik.

Oraindik polemika ez da itxi, dena den. 2008tik ostrakak egiazkoak ala faltsuak diren eztabaidagai izan da. Alegia, egin diren frogak eta prozesua bera zalantzan jarri dituzte ikertzaile eta euskaltzale batzuek.

Hor kokatzen da gose-greba hau, zeinak, dena den, ez du Eliseo Gil eta Idoia Filloyen babesa jaso. Egun hauetan, gose grebalariek argitu dutenaren arabera, elkarrizketatu diren «talde parlamentario guztiek beren adostasuna erakutsi dute. Zientzia izan dadin Iruña-Veleiako auzia ebatzi behar duena, nahiz eta inork ez duen lehenengo urratsa eman nahi izan».

Bilera eta garapen plan integral bat

Pasa den hilaren 21ean, Arabako Kultura diputatua Ana del Valekin eta Inma Sanchez, Kultura Zuzendariarekin, elkartu ziren. Eta han, diputatuak, «Iruña-Veleiaren garapen integralaren oinarriak ipintzean, Gabixolaren grebari amaiera ematea ahalbidetu zuen», argitzen dute. 

Planteatzen dena, haien esanetan, zera da: «Orain arte egin dena erabat desegokia izan da eta ez digu utzi bertan dugun egundoko aberastasun handia ikusten. Plangintza berri bat egin, ideia berriekin eta askoz ere arrazoituagoa. EHU-UPVri kontratua erretiratu, 12 urteotako balantzea egin, indusketak zuzentzeko arkeologo independente bat kontratatu, aztertu ez diren grafitoak gorde eta horiek zein gatazkagai izan diren piezak aztertzea».

Del Valek galdera hau bota zien: «Eta faltsuak badira?». Eta hauxe haien erantzuna: «Guk beti onartuko dugu zientziak esaten duena».

Irteera batera iritsi dira baina, dena den, aipatu dutenez, adi egongo dira: «Egoera berrian konfiantza eduki arren, beti egongo gara erne Kultura diputatuak aldarrikatutako prozesuari begira», diote.

Gose-grebalariek eskertu nahi izan dute jasotako babesa. Batez ere, aipatu nahi izan dute Paco Etxebarriaren aldetik jasotakoa –«zeinak, gose-greba honen irtenbide justua bilatzen lagundu ez ezik, esan baitigu zientziak, eta ez epaiketek, izan behar duela Iruña-Veleiari buruzko egia adierazi behar duena»– eta Jose Angel Cuerdak, Gasteizko alkate ohiak, emandakoa.