NAIZ

FARC-EPko gerrillari ohiek bakearen alde antolaturiko «erromesaldia» Bogotan da

FARC-EPeko gerrillariak izandako bi mila lagun iritsi ziren igandean Bogota erdigunera, Ivan Duque presidenteari Habanako bake akordioak errespeta ditzan eta segurtasun bermeak exijitzeko.

FARC talde politikoko buruak, Bogotara iristen. (Juan BARRETO/AFP)
FARC talde politikoko buruak, Bogotara iristen. (Juan BARRETO/AFP)

FARC-EPeko gerrillariak izandako bi mila lagun iritsi ziren igandean Bogota erdigunera, Bolivar plazara hain zuzen ere, Ivan Duque presidenteari Habanako bake akordioak errespeta ditzan eta segurtasun bermeak exijitzeko.

Pasa den urriaren 21ean abiatu ziren Mesetas herritik, Metako departamenduan. Egun horretan bertan beste bi gerrillari ohi hil zituzten zonaldean, eta, urriaren 24an, beste bi. Kolonbiako iparraldetik eta hegoaldetik ere beste bi zutabe atera ziren. Guztira 200 kilometro egin dituzte «bakearen eta bizitzaren aldeko erromesaldia» deitu dioten ekimenaren baitan.

«Bake akordioa sinatu zutenen kontrako genozidio salatu nahi dugu. Gure biziak errespetatzea nahi dugu», adierazi zuen igandean Victoria Sandinok, Habanan FARC-EPko negoziatzailea izandakoa eta egun senataria.
“Duque, ez genuen bakea sinatu hil gaitzaten”, irakur zitekeen hainbat pankartatan.

Pastor Alape ere FARC-EP gerrillako negoziatzailea izan zen Habanan. Egun, birgizarteratzeaz arduratzen den erakundearen buruetako bat da. «Gerrillari ohien eta giza eskubideen defendatzaileen kontrako erasoak gelditzea Estatuaren ardura da. Duqueri entzun gaitzala exijitzen diogu. Kolonbiarren bizitza bermatu ahal izateko Estatuak dituen erronkei buruz hitz egin nahi dugu presidentearekin», adierazi zuen. 2016ko azaroan bake akordioak sinatu zirenetik, horiek bere egin zituzten 236 gerrillari ohi hil dituztela gogoratu zuen.

Indepaz behatoki independenteak urtarriletik hona 70 heriotza erregistratu ditu.

Gerrillari ohiek aste guztian zehar ekimenak egingo dituzte Bolivar plazan. Bizi duten egoeraren berri eman eta gizartearen elkartasuna eskatuko dute.