Amaia EREÑAGA
BILBO

Pedro Olea zinemagilea: «Zentsurak hor jarraitzen du»

Pedro Olea (Bilbo, 1938) zinemagilearen ibilbidea 70. hamarkadatik gaur eguneraino iristen da. Oparoa oso, arrakasta ezagutu du –‘Un hombre llamado Flor de Otoño’ (1978) edo ‘El maestro de esgrima’ (1992) lanekin kasu–, baita erabateko porrota ere. Garaian garaiko gaiei eutsi die, beti zentsurarekin borrokatuz. ‘Olea... ¡más alto!’ dokumental-film luzean bere erretratua osatu du Pablo Malok.

Pedro Olea filmearen irudi batean. (GOLEM)
Pedro Olea, filmearen irudi batean. (GOLEM)

Pablo Malo (‘Lasa eta Zabala’) donostiarrak Pedro Olea zinemagileari buruzko dokumental-luzemetraiaren proposamena jaso zuenean eskatutakoaren zailtasuna argi zuen hasieratik. «Batez ere Olea euskal zinemagileentzat erreferentea zelako eta egile honen ibilbidea hainbat hamarkada zeharkatu dituelako; 60. hamarkadatik hasita, Zinema Eskolan hasi zenean, gaur eguneraino, frankismo garaiak tarteko. Oleak, gainera, mota guztietako estiloak jorratu ditu zineman», aitortu du Pablo Malok Bilbon egin duen prentsa agerraldian, Olea ere bertan zela. 

‘Olea... ¡más alto!’ izenburuarekin, filma zinema-aretoetara iritsiko da datorren ostiralean, azaroaren 6an. Garai arraro hauetan, eta hain justu zinema estreinaldi guztiak atzeratzen ari direnean, Golem ekoizleak hau bezalako formatu ezohiko produktu bat –dokumentala, alegia– zinema-aretoetara eramateko apustu irmoa egin du.

Pablo Malok  NAIZi aitortu dion bezala, joan den apirilean estreinatzeko zorian zeuden, konfinamendua iritsi zitzaigunean. Orain, bigarren konfinamenduaren susmoak hedatzen ari direnean, dokumentalak salto emango du zinema-areto komertzialetara eta baita Zinebi jaialdira ere, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiaren 62. edizioaren bezperatan aurreestreinatuko baita Alondegiko Golem zinematan.

Zehazki, Zinebik aurreestreinatuko du dokumentala azaroaren 5ean, 19.00etan. Zinebi bera azaroaren 13tik 26ra burutzekoa da eta, gauzak okertzen ez badira bederen, bi eratara egingo da; bai presentzialki bai «online» erara.

Zentsurak eta borrokak

‘Olea... ¡más alto!’ filmean Pedro Olearen umorea, zinema egiteko manera eta ikuspuntu ezkertiarra islatzen dira. Bost hamarkadetan, bizitza sozial eta politikoari bere begirada pertsonala eman dio, bai zinema formatuan baita telebistarako egin dituen tituluetan. Arriskuak hartzeko beldurrik ez du izan, eta mota guztietako tematikak ukitu ditu... frankismoaren zentsura gailenduz, gaur egungo ikuspegitik erabat modernoak eta zorrotzak diren tituluak errodatu dituelako.

Horren adibide ‘Pim, pam, pum... ¡Fuego!’ (1975), ‘Un hombre llamado Flor de Otoño’ (1976) edo ‘Akelarre’ (1986) titulu apurtzaileak. Lehenengoan, Concha Velasko eta Fernando Fernan Gomez protagonistak zituelarik, Gerra Zibilean irabazleen ustelkeria salatu zuen, komedia musikala itxurarekin. Bigarrenean, Jose Maria Rodriguez (Jose Sacristan, Donostian Zilarrezko Maskorra jaso zuen lan honegatik) pertsonaia historikoaren erretratoa filmatu zuen; hau da, Primo de Riveraren aurkako atentatuaren egilearena. Hirugarrenean, Euskal Herrian sorginen eta kultura herrikoiaren aurkako epaiketak islatu zuen. Zentsuraren aurka borrokatu zuen beti... frankismoan eta gaur egun ere.

«Ea zentsura desagertu ote den galdetzen didazu? Ez, zentsurak bere horretan darrai», erantzun dio NAIZi Pedro Oleak.

«Are gehiago –gaineratzen du–, gaur egun ezinezkoa izango zen ‘Un hombre llamado Flor de Otoño’ bezalako film bat egitea, eta ez protagonista gay-a delako, baizik eta Gobernuko presidentea akabatu nahi duen anarkista bati buruzko istorioa xamurtasunez kontatu nuelako. Gaur egun terrorismoa goraipatzea dela esango lukete, ‘Akelarre’ egin nuenean horrelakoak esan zizkidaten moduan. ‘Ikuspuntua proetarra da’, esaten zidaten orduan. Ni neuk kontatzen ditudan istorioak bizitzan oinarrituta daudenean. Gaur egun sekulako arazoak izango nituzke, hori bai. Eta are gehiago, TVErentzat egin nuen azken lana ‘La conspiración’ izenekoa, non Molak Gerra Zibila Nafarroatik nola irabazi zuen kontatzen dudan, zazpi urtez debekatuta egon da. Orduan PPk gehiengo osoa zuen TVEn; orain, ez dakigu telebista publikoko egoera nola dagoen, baina behintzat jende normala dago, Rosa Maria Mateo eta bere taldea kasu, eta akordio batera irisi gara ikusi ahal izan dadin, zazpi urteren buruan. Gaur egun zentsura ekonomikoa daukagu; filme txikiak egin ditzakezu, talde txiki batekin, baina handia denean, TVEren laguntza behar duzunean, esaterako... Ez dago zentsurarik, ados, baina imajinatu al dezakezu Juan Carlos I eta Corinnaren artekoa film batean islatzea? Ba ez, noski, eta ez dago zentsurarik».