
Imanol Alvarezek zuzentzen duen Super Amara Bera Berak liderra da sei jardunaldiren ostean. Momentu honetan bigarren den Rincon Fertilidad Malagak bi puntu gutxiago ditu, baina baita partida bat gutxiago ere. Bi talde hauek 21na berdindu zuten euren arteko neurketan.
Donostiarrek asteazken honetan (20.00, Gasca) aurkari izango duten taldeak lau partida besterik ez ditu jokatu. Aula Alimentos Valladolid klubeko zenbait pertsonek Covid-19a izan dute eta, ondorioz, itxialdia izan zuten gainontzekoek, bi norgehiagoka atzeratuz: Atletico Guardes eta Lanzarote Puerto del Carmen taldeen aurka, azaroaren 21erako eta 28rako ezarri direnak.
Hala ere, laugarren sailkatuta daude momentu honetan, gauzak benetan ondo eginda. Lehen jardunaldian, Uneatlantico Pereda gainditu zuten (33-23), bigarrengoan Zubileta Evolution Zuazo Lasesarren (26-31) eta laugarrengoan Arreciferi irabazi zioten Huerta del Rey pistan (31-24). Malagan baino ez dute galdu (26-24).
Bera Beran ez dute lasaitasunik nahi eta oso garrantzitsutzat jotzen dute biharko partida, are gehiago harmailetan lehenengo aldiz ikuslerik gabe jokatuko dutela jakiterakoan. Partida atarian, komunikabideen aurrean agertu da Maria Prieto O’Mullony. Zamorako alboko jokalariak onartu duenez, «taldea gogotsu dago astea oso garrantzitsua delako. Zvezdaren aurkako partidak atentzioa desbideratzen duen galdetuta, «Europan ere pentsatzen dugu» onartu du O’Mullonyk, baina «Ligako partidan jarri behar dugu arreta osoa eta Valladolid da datorrena», gaineratu du.
Bere ustez, «asteazkenean partida ona egiten badugu iganderako sentsazio onak izango ditugu». «Denbora gutxi izan arren, ondo prestatzen ari gara eta Aularen aurka partida on bat egitea da ideia», azpimarratu du.
Norgehiagokari begira, Bera Berak Cesareo, Boada eta Maitane Etxeberriaren bajak ditu, azken honek larunbatean ZEV Zuazoren aurkako derbian sudurra apurtu ostean. «Maitane horrela ikustea gogorra izan zen», onartu du O’Mullonyk, baina era berean, «egoerari buelta emateko gaitasuna izan genuen eta partida irabazi», azpimarratu du ZEV Zuazoren aurkako garaipenaz hitz egiterakoan. Zentzu honetan, «oso baja esanguratsuak izan arren, nik uste dut taldea dugula guztion artean baja horiek ordezkatzeko», adierazi du.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
