NAIZ
DONOSTIA

Motxiladun umeak «gurasorik gabe bizitzera kondenatzen» dituen espetxe politika salatu du Sarek

Hilaren 20an, etzi, adingabeen eskubideen nazioarteko eguna dela-eta, aita, ama edo biak espetxean dituzten haurren egoeraz ohartarazi du Sarek. Lehendik ere gordina zen errealitate hori pandemiarekin okertu egin dela nabarmendu dute, presoak «gehiago isolatu» baitituzte.

Presoen urruntzeak eta covid-19ari aurre egiteko hartutako neurriek haurrengan duten eraginaz ohartarazi dute. (SARE)
Presoen urruntzeak eta covid-19ari aurre egiteko hartutako neurriek haurrengan duten eraginaz ohartarazi dute. (SARE)

Azaroaren 20an adingabeen eskubideen nazioarteko eguna izaki, Sarek agerraldia egin du Hernanin eta han gogoratu dute «Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duela guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituztela, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia-bizitzan». Hori bermatzeko espetxe agintariek erreztasunak ematea ezinbestekoa dela azpimarratu dute eta, ildo horretan, gaineratu dute «edozein estatuk adingabeekiko duen betebeharra haien eskubideak babestea dela».

Espainiar Estatuan errealitatea «bestelakoa» da, esan dutenez, motxiladun umeen eskubideak «behin eta berriz» urratzen direlako: «Urrunketaren eraginez, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatuta gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea, hilabetean behin ikusten baitituzte haien guraso presoak eta honek eragin izugarria du haurrarengan. Gainera aita, ama edo biak, hain urruti dagoen espetxean egoteak esan nahi du haur hauek bidai amaigabeak egin beharko dituztela bisita bat gauzatu ahal izateko eta horrek izugarrizko zama fisikoa eta psikikoa suposatzen du haientzat».

Pandemiarekin egoera gordin hau larriagotu egin dela adierazi du Sarek, covid-19aren eraginez «presoak gehiago isolatu» dituztelako eta, ondorioz, «senideen sufrimendua areagotu» egin delako, bereziki adingabeen kasuan. Martxoaz geroztik haien gurasoak besarkatzen ez dituzten haurrak badirela esan dute, adibide gisara.

Estatu frantsesean, espetxe batzuetan pertsona bakarra sar daiteke bisitara eta, beraz, haurrak ezin dira joan bakarrik sartzerik ez daukatelako. Beste batzuetan, aldiz, pertsona bat baino gehiago sar daiteke, baia ezin dute musukoa kendu eta haurrak gurasoengandik metro eta erdira egon behar dira.

Horrek guztiak haurren garapenean ondorioak izan ditzakeela azpimarratu dute agerraldian. Halaxe laburbildu dute egoera: «Motxiladun umeak umezurtz uzten ari diren neurri eta politikak aplikatzen ari dira, gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira».

Egoera «onartezina» dela iritzita, haurrak beraien gurasoekin egotea «lehen mailako eskubidea» dela adierazi eta aldarrikatu dute pandemiaren kudeaketarako hartzen diren neurriek ezin diotela horri bizkar eman. Hala, egoera aldatzeko eskumena duten horiei «urgentziaz» jokatzeko eskatu diete: «gehiago luzatu gabe presoak beren jaioterritik gertu egon behar dute. Probintzia berdineko espetxeetan. Hori da orain urgentea».