NAIZ

Imanol Alvarez: «Klubaren historiarako partidarik garrantzitsuenetarikoa da»

Super Amara Bera Berako jokalariak ostiral honetan abiatuko dira Errusiara, HC Zvezda taldearekin Europa Leagueko Q3 kanporaketako itzulera jokatzeko. Donostiako taldeko entrenatzailearen ustez, «erraza izan ez arren», kanporaketa gainditzeko «gai izango gara».

Lan gogorra egin beharko dute Bera Berako jokalariek Zvezda gainditzeko. (Jon URBE/FOKU)
Lan gogorra egin beharko dute Bera Berako jokalariek Zvezda gainditzeko. (Jon URBE/FOKU)

Super Amara Bera Berako entrenatzaile zein jokalariak ostiral honetan abiatuko dira Errusiara, Chekhovera hain zuzen ere. Bertara iristeko, bi autobus, bi hegaldi eta gaua pasa beharko dute Estambulen. Hori bai, ilusioa eta ardura daramate beraiekin joaneko neurketan HC Zvezda taldearekin 27na berdindu eta gero. Partida igandean izango da (10.00) eta Bera Berari 27 gol baino gehiagoko berdinketak ere balio dio.

European Leagueko ligaxkan egotea «da denboraldiko helbururik erakargarrienetarikoa», adierazi du Imanol Alvarez entrenatzaileak. «Finala gisa hartu dugu», azpimarratu du ermuarrak. «Guztiok dugun sentsazioa da klubaren historiarako partidarik garrantzitsuenetarikoa dela, multzoen fasean berriro egoteko aukera emango diguna», gaineratu du.

Alvarezen iritziz, «Errusian sailkapena lortzen badugu gogoratzeko egun horietako izango litzateke. Horrelako partidak bizitzea gustoko dugu. Gogoekin goaz, presiorik gabe», ohartarazi du taldeak oso baja garrantzitsuak izan arren.

Bera Berako entrenatzailearen ustez, «Zvezdak ere badaki partida gogorra izango duela», eta horregatik Alvarezek joku erritmoa handitu nahi du. «Hemen 54 baloi jabetza izan genituen eta gehiago nahi ditut. Guri horrela komeni zaigula uste dut, nahiz eta beraiek ere gol gehiago sartzen ohituta egon».

Chekhov hiriko Sport Hall "Olimpiyskiy" pistan erabakiko da kanporaketa, ateak itxita. Moskuko hegoaldeko hiri honetako Chekhovskie Medvedi taldeak jokatzen du bertan, gizonezkoen European Leaguen aritzen dena Ademar Leonen multzoan. «Bidaiak lan gehiago ematen digu –PCRk egin ditu taldeak goizean-, paperak betetzen jarraitzen dugulako. Pistak ez, Txapeldunen ligako modukoa delako», adierazi du Alvarezek. «Multzoen fasetik duela 10 egun baino gertuago gaude», amaitu du.