NAIZ

Larrialdi egoeraren aurrean komunitate feministak aktibatzera deitu du Bilgune Feministak

Egun bizi dugun pandemia egoeran hartutako erabakiek emakumeek bizi duten indarkeria matxista, heteropatriarkala eta ekonomikoa ez dutela aintzat hartzen salatu du Euskal Herriko Bilgune Feministak azaroaren 25ari begira egin duen irakurketan.

Euskal Herriko Bilgune Feministak Azaroaren 25erako irakurketa plazaratu du.
Euskal Herriko Bilgune Feministak Azaroaren 25erako irakurketa plazaratu du.

Euskal Herriko Bilgune Feministak Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunerako irakurketa plazaratu du. Aurtengo leloa ‘Burbuila nuklearrik? Ez eskerrik asko! Guk babes sare anitzak’ izango da, eta egun bizi den egoeran hartutako erabakiek emakumeek bizi duten indarkeria matxista, heteropatriarkala eta ekonomikoa ez dutela aintzat hartzen salatuko dute.

Irakurketan dioenez, pandemiak «areagotu» egin du 2008tik zetorren finantza-, ekologia- eta jendarte-krisia. «Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak: merkatuarekiko dugun menpekotasuna, zerk duen egiturazko lehentasuna eta, horrez gain, agerian geratu da zer den jendarte desorekatua, injustua eta askotariko indarkeriek zeharkatua. Enpresa eta plataforma digitalak maneiatutako kapitalismoa indartu da eta horrek ateak ireki dizkio kontrol sistema tekno-totalitarioari», azaldu du Bilgunek.

Era berean, gobernuek epidemiaren aurrean emandako erantzunek «arrazakeria, prekarietatea, emakumeen bereizkeria eta herri burujabetzaren galerak biderkatu besterik ez dituztela egin» salatu du. «Muga eta kaleen militarizazioa, abusu polizial eta instituzional arrazistak, indarkeria matxistaren gorakada, euskal preso politikoen bakartzea eta bisiten mugak, kide konfinatuak zaintzeko lan merkatu utzi behar izan duten milaka emakumeak, gure lurraldean erabakiak hartzeko ahalmenik ez izatea edota euskararen atzerakada erakundeetan eta zerbitzu publikoetan» jarri ditu horren adibide gisa.

Gainera, eremu feminizatuetan krisialdiak «eragin zuzena» izan duela nabarmendu du, «bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan».

Pandemiari aurre egiteko burbuilak

Azken hilabeteetan pandemiari aurre egiteko neurriak «eskala indibidualean eta familia nuklear heteroarautuen logikan pentsatu» direla gaitzetsi du eta bertan ematen diren indarkeria matxistei aurre egiteko baliabideak ez direla eskaini argi utzi du. «Hausnarketa handirik gabe, babes sareak bikotera edota odoleko familia harremanetara mugatzea bihurtu da normalitate berria, beti segurtasunaren izenean. Burbuila txiki eta bakanduetan sartu gaituzte, aisialdirako eta harremantzeko espazioak kendu dizkigute, ehun produktiboari eustera behartu gaituzten bitartean».

«Bizitzak erdigunean jartzeko eta, ondorioz, beste jendarte eredu baterantz urratsak emateko» funtsezkotzat jo du Bilgune Feministak zaintza ereduaz hausnartzea. Horrez gain, zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak sozializazio prozesuan jartzea beharrezkoa dela nabarmendu du.

Azkenik, antolakuntza feminista eta herrigintza funtsezko jarduerak direla adierazi du. «Lehentasunezkoa da gure komunitate feministak jostea eta aktibatzea larrialdi egoera honi aterabidea emateko».