NAIZ

Arantxa Arza, Felix Zubia eta Egunean Behin, Rikardo Arregi sarien irabazleak

Euskadi Irratiko ‘Osasun Etxea’ saioa egiten duten Arantxa Arzak eta Felix Zubiak Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso dute. Komunikazio Saria CodeSyntax enpresak garatutako Egunean Behin galdera lehiaketak eraman du.

Rikardo Arregi sarietako irabazleak. (Jon URBE/FOKU)
Rikardo Arregi sarietako irabazleak. (Jon URBE/FOKU)

Arantxa Arza eta Felix Zubia, informazioan, eta Egunean Behin, komunikazioan, izan dira gaur banatu diren XXXII. Rikardo Arregi sarien irabazleak.

Andoaingo Udalak antolatzen duen Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien banaketa ekitaldia egin da gaur ‘Xabier Lete gogoan’  izenburupean.

Kazetaritza saria Arantxa Arzak eta Felix Zubiak, Euskadi Irratiko ‘Osasun Etxea’  irratsaioagatik, jaso dute, zientzian eta, batez ere, koronabirusaren pandemian egindako dibulgazio lanagatik.

«Arantxa Arza kazetariak eta Felix Zubia medikuak osasun‐kontsulta zabaltzen dute igande goizero Euskadi Irratian. Saioak entzuleei kalitatezko zerbitzu publiko eredugarria eskaintzen diela» azpimarratu du epaimahaiak, «bereziki COVID-19ak mundu zabalean eragindako datu eta iritzi‐anabasaren testuinguruan».

Alea eta lastoa bereiztu

«Zer den alea eta zer lastoa bereizten lagundu duen erreferente informatiboa bilakatu da Osasun Etxea irratsaioa. Beraien zeregina gainera ez da koronabirusaren nondik norakoak azaltzera eta argitzera mugatu; izan ere, entzuleek beste edozein gaixotasunaz helarazitako kezka eta zalantzei erantzun diete, beti zehaztasunez, erraz ulertzeko moduko hizkera erabiliz eta gizatasunezko tratu pertsonalizatua lehenetsiz», gaineratu du.

Atal honetan finalista ziren ere Miel Anjel Elustondo, ‘Tonban ehortzirik’ testu sortagatik (‘Berria’); Albiste Faktoriako lantaldea, 2019ko irailetik 2020ko iraila bitartean egindako saioengatik (Euskadi Irratia); eta ‘Koronabirusaren azken datuak’ atala egin duen lantaldea (‘Berria’-ko atala) dira finalistak.

Tresna irudimentsu eta arrakastatsua

Komunikazio sarian, berriz, CodeSyntax enpresaren Egunean Behin jokoaren egilea izan da irabazlea.

«Komunikazio‐esparrua aldatzera datorren tresna nagusiari (Internet+ eramangarria duen eskuko ordenagailu‐telefonoari) modu irudimentsu eta arrakastatsuan heltzen dion proposamena da», azpimarratu du epaimahaiak.

‘Ene kantak!’ proiektu komunikatiboa, 2019-2020an emandako saltoagatik; Arteman, ‘Lur eta Amets’ filmaren komunikazio prozesuagatik; eta, ‘Urmuga’ proiektuaren spotagatik, Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus Orkestra izan dira atal honetako finalistak.

Bi sariak maila berekoak dira, 9.000na eurokoak.

Ezohiko adierazpena

Bestalde, epaimahaiak  ahobatez onartu du ‘Gizakiaren eta egiaren laudorioa’ izenburupeko ezohiko adierazpen publikoa.

Adierlazpen honetan adierazi dutenez, «esker oneko izan gura dugu egoera zail honetan informatzen eta komunikatzen jardun dutenekin. Larrua utzi dute kazetari batzuek larrialdi honetan, eta ez bakarrik zentzu figuratuan».

Baina aldi berean «kritiko, oso-oso kritiko izan gura dugu kazetaritzaren eta komunikazioaren jardunean etxekoei, herrikoei eta ezezagunei lagundu ordez, aztoratzen gaituen gaiaren inguruan lastoa eta zirina jaurtitzen ibili direnekin», adierazi du.

«Ez dira izan gutxi langai hori eskuartean hartu dutenak. Erdizkako egiak, albiste faltsuak, gezur borobilak, eta kanpaina orkestratuek arrisku bizian jarri dute gizakiaren eta komunitatearen osasun fisikoa, gogozkoa, eta politikoa. Ez da amaitu gorotz-oldea, era guztietako konplot informatiboak dabiltza gu denon usainean, nondik erasoa jo. Pandemikoa zaigu desinformazioa bera ere», salatu du epaimahaiak.

Andoaingo Bastero Kulturgunean egin den sari banaketa ekitaldiak Xabier Lete izan du gogoan, bere heriotzaren hamargarren urteurrenaren atarian, eta bere lana aitortu eta eskertzeko baliatu da. Bere musika eta kanten bidez omendu da Lete, Joxan Goikoetxea, Klara Mendizabal, Petti eta Antton Valverde musikarien eskutik.