NAIZ

Donostiako Zinemaldian zentsura frankistak izan zuen eragina, aztergai

Zinemaldiaren eta zentzura frankistaren arteko «erlazio konplexua» aztertuko du abenduaren 4an Tabakalerak hartuko duen ‘Zinemaldia 70: historia posible guztiak’ jardunaldiak.

Zinemaldiak frankismoarekin izandako harremana aztertuko dute. (NAIZ)
Zinemaldiak frankismoarekin izandako harremana aztertuko dute. (NAIZ)

Donostiako Zinemaldiak zentsura frankistarekin zuen erlazioa erakutsiko du ‘Zinemaldia 70: historia posible guztiak’ ikerketa proiektuaren bigarren programa publikoak, herritarrei zuzendutako jardunaldi ireki batean.

Abenduaren 4an izango da, Donostiako Tabakalera zentroko zinema aretoan. Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatu dute jardunaldia. ‘Zinemaldia 70: historia posible guztiak’ proiektuak Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren, Euskadiko Filmategiaren eta Kutxa Fundazioaren lankidetza du, eta Zinemaldiaren «artxibo bizi bat» sortzea du xede. Programaren lehen fasea Zinemaldiaren 70. edizioan amaituko da, 2022an.

Zinemaldiko arduradunek azaldu dutenez, abenduaren 4ko programan, Zinemaldiaren artxiboko eta beste bilduma batzuetako dokumentuak oinarri hartuta EQZEko ikertzaileek eta ikasleek egindako lanaren ondorioak ezagutaraziko dira. Proiektuaren lehen urtean, Zinemaldiak trantsizioa deitu izan denaren lehen urteetan (1976-1980) izan zuen bilakaera aztertu zuen ikertzaile taldeak. Orain, 1960 eta 1971 artean gertatu ziren hiru zentsura eszena aztertuko dituzte: 1960an egin zen Zinema Ikasleen I. Topaketaren inguruan egon zen polemika, 1968an programatu zen New American Cinema atzera begirakoak izan zituen arazoak eta 1971ko edizio tirabiratsua, ‘Canciones para después de una guerra’ (Basilio Martín Patino, 1971) eta ‘Liberxina 90’ (Carles Duran, 1970) filmen debekuak direla eta.

Erlazio konplexua

Pablo La Parra Pérez EQZEko Ikerketa Saileko koordinatzaile, Zinemaldiko Pentsamendua eta Eztabaida saileko arduradunetako bat eta ‘Zinemaldia 70’ proiektuaren ikertzaile nagusiak azaldu duenez, Zinemaldiak erlazio «konplexua» izan zuen zentsura frankistaren mekanismoekin.

«Erregimenaren nazioarteko erakusleiho gisa, nolabaiteko tutoretzapeko irekierako espazio bat izan zen Zinemaldia: urteak igaro ziren Zinemaldiko programako film batzuk pantaila komertzialera iritsi arte. Nolanahi ere, hain zuzen bere garrantzi estrategikoagatik, barruan egin ziren zenbait kontrol eragiketak, gobernuaren zentsuraren prozedura arruntei jarraitu ez ezik, batzuetan, askoz ere harago eraman zituzten», adierazi du.

‘Zinemaldia 70’ proiektuak parada ugari izan ditu 2020an ikerketen emaitzak herritarrei jakinarazteko. Programa publiko honez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) ‘Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika’ udako ikastaroa egin zen irailean, Donostian, bai eta ‘Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko’ erakusketa ere (abenduaren 8ra arte ikusgai Artiumen).

Jardunaldi hau «pantaila partekatuko programazioan» dago, Zinemaldiak «urte osoko zinema jaialdia» izan nahi baitu. Urrian eta azaroan, Zinemaldiaren 68. edizioko irabazleen film laburrak programatu dira; abenduan, berriz, ‘Zinemaldia 70’ proiektuaren programa publikoa egingo da. Laster, 2021eko lehen seihilekoko jardueren berri emango da.