NAIZ

Nøgen taldeak disko berria aurkeztuko du NAIZen, streaming bidezko emanaldian

Nøgen taldearen ‘Under alt’ izeneko diskoak argia ikusi du duela gutxi eta lan berri horren aurkezpena gaur egingo dute. NAIZ webguneko Musika atalean zuzenean, streaming bidez, ikusi ahal izango da donostiarren emanaldia. NAIZ Irratian ere zuzenean jarraitu ahalko da.

Nøgen taldeak Azpeitiako Sanagustin kulturgunean jotako kontzertua, NAIZ Kontzertuak ekimenaren barnean. (Gaizka PEÑAFIEL / FOKU)
Nøgen taldeak Azpeitiako Sanagustin kulturgunean jotako kontzertua, NAIZ Kontzertuak ekimenaren barnean. (Gaizka PEÑAFIEL / FOKU)

Bigarren lan luzea kaleratu berri du Nøgen musika taldeak, ‘Under alt’ izeneko diskoa, alegia. Berritasun askorekin baina Mikel Idigoras taldekideak Danimarkako egonaldian errotutako folk estiloa alboratu gabe grabatu dute lan berria Higain estudioetan.

Lehen kontzertua Victoria Eugenian ematea aurreikusten dute, abenduaren 4an, baina hori baino lehenago hitzordu garrantzitsu bat daukate Nøgeneko kideek. Izan ere, ostiral honetan, 19.30ean, zuzeneko emanaldia egingo dute NAIZen. Musika atalean egongo da ikusgai streaming bidez eta disko berriaren lehen emanaldia izango da. NAIZ Irratiak ere zuzenean eskainiko du. 

Hain zuzen, aurtengo udaran antolatutako NAIZ Kontzertuak ekimenean ere parte hartu zuen talde donostiarrak. Zuzenean, publiko mugatuarekin, eta streaming bidez eman zen Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskainitako kontzertu hura, zeina 3.200 ikus-entzule inguruk gozatu ahal izan zuten.

‘Nøgen etxeko’ ateak zabalik, Zurriolan

Orain, ‘Nøgen etxeko’ ateak zabaldu dituzte NAIZ hedabideak Donostiako Zurriolan daukan gunean. Asteburu honetan irekiko dituzte ateak: ostiral arratsaldetik igande arratsaldera «diskoaren esparru fisiko, azalaren mamia» bilakatuko da. 

«Bertan merchandisinga eta diskoa erosteko aukera egongo da, berau sinatzekoa, baita Nøgen garagardoa erostekoa ere», kontatu zuten Alex Irazustak eta Jokin Gilisagastik NAIZ Irratiko Musikharia saioan.

Ahal dela gonbidapen bidez gerturatzea nahiko lukete jendea, edukiera mugak zorrotz mantenduko dituztelako. Hala ere, bertatik pasaeran dagoen jendearentzat ere atea irekita edukiko dute, tokiak horretarako aukera ematen badu. Hartara, gonbidapena dutenen sarrera lehenetsiko dute. 

Bigarren disko luzea

2016an sortu zen Nøgen eta lehen lan laburra ‘Lys’ izan zen, 2017an grabatutakoa. Honen ostean iritsi zen talde donostiarra arrakastara bultzatu zuen ‘Liv til døden’ lan luzea. Egun Eider Saez da taldeko abeslaria baina orain arteko lan guztiak Ane Negueruelak grabatu ditu. Beraz, ‘Under alt’ diskoan lehen aldiz jarri du ahotsa Saezek.

Musikharia saioan Irazustak eta Gilisagastik kontatu zutenaren arabera, Nøgenen 2020ko argazkia da ‘Under alt’. «Bageneukan 2021a arte itxarotea kaleratzeko? Bai. Baina justuena eta errealena orain argitaratzea zen, hori baita gaur egun garena. Datorren urtean beste disko bat badator, ba hor ikusiko da zer garen 2021ean», gaineratu zuen Gilisagastik.

Ostiralean NAIZ webguneko Musika atalean ikusgai egongo den kontzertuaz gain, beste hiru dituzte programatuta, oraingoz, donostiarrek. Abenduaren 4an eta 5ean Victoria Eugenian izango dira eta 8an Bilboko Euskalduna Jauregian.