I.S.

Jokin Urain ‘Kixkur’ idazle eta preso ohia hil da

Jokin Urain Larrañaga ‘Kixkur’ preso politiko ohi eta idazlea bart gauean hil da, Errenterian. 27 urte eman zituen preso, Estrasburgoren epaiaren ondorioz geratu zen aske. Literatura eta memoria liburu garrantzitsuen egilea da.

Jokin Urain ‘Kixkur’.
Jokin Urain ‘Kixkur’. (Jon URBE | FOKU)

Literatura eta memoria lan garrantzitsuen egile den Jokin Urain ‘Kixkur’ idazlea zendu da. Estrasburgoko auzitegiaren ebazpenaren ondorioz aske geratu aurretik 27 urte eman zituen preso.  

Mendaron 1959an jaioa, Lasturren ikasi zuen, Deban, eta baita Donostiako Zabalegi Nekazaritza Eskolan ere. 1983 arte nekazari gisa egin zuen lan. Militantziaren eta errepresioaren ondorioz, urte hartan Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen. Hiru urte beranduago Basaurin atxilotu zuten, ETAko kide izateagatik.

Espainiako kartzela ezberdinetan egon zen preso; besteak beste, Herreran urte askoan. 2009ko irailaren 7an, 23 urteko espetxe zigorra bete ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak 197/06 doktrina ezarri eta kartzelaldia 2016 urtera arte luzatu zion. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak doktrina hori bertan behera utzi ondoren atera zen kalera, 2013an.

Urain, 2013an, Herrera de la Manchako kartzelatik atera zenean. (NAIZ)

Idazle fina

Militantziagatik ez ezik, euskal literaturari eta pentsamenduari egin dion ekarpenagatik ere ezaguna da ‘Kixkur’. Kartzelan zela hasi zen idazten. Bere lehen lanak, ‘Izaina’ (1990) eta ‘Adlotse’ (1992), nobelak dira. Euskal literaturaren barruan, ‘kartzelako literatura’ deitu daitekeen horretan kokatzen dira. ‘Gatibu sortu nintzen’ (2000) liburuan, Antxon Garcia del Molino lagun presoaren ibilbide pertsonal eta militantearen kontakizun zehatza egiten du. Herrerako kartzelan Del Molino eta Urain elkarrekin izan zirenetik hamabi urte igarota idatzi zuen, 1999an biak Palenciako La Moraleja kartzelan suertatu zirenean, hain zuzen. Liburu hau, ondoren, gaztelaniara itzuli zen ‘Nací cautivo’ izenburuarekin.

Kartzelan idatzi zituen azken liburuak dira ‘Errotarria’ (2006), 1936tik 2005era artean izandako «borroken eta derroten» kronika, eta ‘Ez dago etxean’ (2010), kartzelako literaturaren historia modukoa, bere hausnarketez aberastua; izan ere, «idazlea preso dago baina ez mundutik lekora, munduaren muinean baizik»..

Horretaz gain, bai kartzelan bai kalean, Ataramiñe ekimenaren kide izan da, euskal presoen lanak argitaratzen lagundu duen ekimena. 2022an “Urrun da zeru urdina” antologia apailatu zuen, 2002tik 2017 artean Ataraminek argitaratutako hainbat lanez osatua.

Lan horiek guztiek Urainen estiloaren eta trebeziaen bilakaeraren lekuko dira. Narratzaile bikaina zen 'estolda' atzean utzi zuenerako ('Adlotse' esan zion bere bigarren nobelan) eta hala erakusten segitu zuen gero ere. Besteak beste, 7K astekariko iritzigile jardunean zenbait urtez. Horrelaxe gogoratuko dugu egunkarian, idazle fin gisa, baita lankide on gisa ere.

Memoria lan mardulak

Literaturaz harago, euskal pentsamenduari eta herriaren memoriari egin dion ekarpenagatik ere gogoratua izango da 'Kixkur'.

‘Ametsen liburua’ (2015) obraren izugarriaren koordinatzailea izan zen. Bertan, 426 euskal preso, iheslari eta erbesteratuen ahotsak, ametsak eta esperientziak biltzen dira, bakoitzak orrialde zuri batean idatzitakoa edo marraztutakoa oinarri hartuta. Testigantza-liburu itzela da, Angela Davisek berak goratu zuen obra.

‘Amaren Etxea. Euskal preso politikoen senideen historia’, ildo beretik doan lana da, gatazkaren erdian ikusi ez den historia ezkutu hori azaleratzen duena. Liburu horrek gizon eta emakumeen, nerabeen, gazteen, helduen eta adinekoen ahotsak biltzen ditu; norbanakoen ibilbideak oso bestelakoak izan arren, guztiek dute helmuga bera: maite duten norbait espetxean izatea, etxetik ehunka kilometrora. Hori dela eta, espetxe-politika anker baten biktima dira; sakabanaketa eta urruntzeak, presoaz gain, senideak eta lagunak ere kondenatzen baitzituen.

Argitaratu zuen azken lana ‘Txomin. Aurrera bolie!’ da, ETAko buruzagi historikoaren biografia. Horretarako testigantza zuzenak jaso zituen, Iturberekin militatu zuten pertsonen testigantzak, hain zuzen ere.

“Ez dago etxean” lanean idazle preso bat falta da, egilea, hain zuzen, kartzelako idazlerik emankorrenetako bat izan arren. Hala barruan nola kanpoan, besteen lanak eta lagunen ibiliak izan zituen gai. Esandako liburuan, zorionez, ez da falta “Komunikazioa” izenburuko atala, atalik hunkigarriena. Semearen gutuna. 1999an Palencian dago Jokin, Madrilen Hodeiertz, biak ere morroilope Dueñasko eta Valdemoroko kartzeletan. Semeak, haur motxiladuna izan zenak, «aita-seme harremana edukitzeko espetxez espetxe ibili behar» izan zuen, eta gutunean maitasuna, miresmena eta eskerrona agertzen dizkio aitari. Hilean bi bider baino ez dute telefonoz hitz egiten, noizbehinka gutunez, haien hitzek hilabeteak ematen baitituzte bidean. «Nahiz eta ehunka kilometrotara egon, beti sentitu zaitut gertu eta beti eduki dut zure laguntza eta babes osoa». Oztopoz beteriko harremana, baina, Hodeiertzen hitzetan, «berezia gure artekoa, bai, baina kristorena!»