NAIZ

Hirugarren gradua Idoia Martinezentzat, preso bat Iruñera eta lau gertuago

Murtziatik Logroñora lekualdatuko dute Josetxo Arizkuren gaixorik den presoa eta bost espetxeratu gehiago hurbildu edo Euskalerriratuko dituzte. Hirugarren gradua onartu zaio Idoia Martinezi.

Logroñoko espetxera ekarriko dute Josetxo Arizkuren. (Jon URBE | FOKU)
Logroñoko espetxera ekarriko dute Josetxo Arizkuren. (Jon URBE | FOKU)

Aurreko astean bezalaxe, honetan ere bost euskal preso gerturatuko dituela jakinarazi du espainiar Gobernuko Espetxe Zuzendaritzak, bai eta seigarren bat Euskal Herriratuko duela ere, azken honi hirugarren gradua onartuta, lege borrokaren ondorioz.

Idoia Martinez da kalea zapaltzen hasi beharko lukeena, gradu aldaketa horren bitartez. Asturiaseko Villabonan da orain eta Zaballara ekarriko dute. EPPK-ko hiru preso baino ez daude Arabako kartzelan, Kolektiboak onetsitako ekimenak toki hau erreferentziatzat jo zuen arren.

Beste emakume bat bere hirira, Iruñera, ekarriko dute: Olga Comes, orain arte Villabonan ere giltzapetuta izan dutena. Zigorra oso aurreratua duela nabarmendu du Espetxe Zuzendaritzak.

Espainiar hedabideetan zeresan handien ematen ari diren mugimendua Josetxo Arizkurenena da. Jada 21 urte eman ditu espetxean eta gaixotasun larria garatu du espetxean. Murtzian bertan erietxera eraman behar izan zuten 2018. urtean, bihotzeko arazoak direla eta. Hemendik aurrera Logroñon beteko duela zigorra iragarri dute, bigarren graduan.

Joanes Larretxea Herrera de la Manchatik Asturiaseko Villabonara lekualdatuko dute. Bi euskal preso baino ez da geldituko beraz Castillako kartzela aski ezagunean. Jon Gurtubai Puerto de Santa Mariatik Zaragozako Darocara pasako da. Eta Gullermo Merino, azkenik, Valentziatik Zaragozako Zuerara mugituko dute.

Etxeratek duela bi aste gogoratu zuenez, ia Kolektiboaren erdia 600 kilometro baino urrutiago dago, eta zenbait kasutan etxetik 1.200 kilometrotara.