NAIZ

Berri Txarraken biran filmatutako ‘Dardara’ filmaren trailerra aurkeztu dute

Iaz bere 25 urteko ibilbidea etetea erabaki eta Euskal Herriko zein atzerriko oholtzetan agur esan zien zaleei Berri Txarrak taldeak Ikusi Arte biraren bidez. Marina Lameiroren ‘Dardara’ dokumentalak jasoko du bizipen hura.

‘Dardara’ dokumentalak jasoko du Ikusi Arte biran bizitakoa. (NAIZ)
‘Dardara’ dokumentalak jasoko du Ikusi Arte biran bizitakoa. (NAIZ)

2019an, bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, Berri Txarrakek etenaldi mugagabea iragarri eta urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte bira aurkeztu zuen. Haren bidez, Euskal Herriko zein atzerriko zaletuak agurtu zituzten, azken eskertza gisa. Marina Lameiro zinegile nafarrak bertatik bertara jarraitu zuen bira eta haren emaitza izango da ‘Dardara’, zinema-aretoetara 2021eko lehen hiruhilekoan iritsiko den filma. Bien bitartean, pelikularen trailerra aurreratu dute. Trailerra Berri Txarraken Facebook-ean dago ikusgai.

Dokumentalak taldeko konposatzaile, gitarra-jole eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera. «Pasioari buruzko filma da, bai Gorkak sortzaile gisa bai Berri Txarrakeko zaleek taldearekiko era-kusten duten pasioari buruzkoa», azaldu dute.

Marina Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritza eta argazkia. Ekoizpenaren diseinua Itziar García Zubirik sinatzen du. Muntaia, Diana Toucedok. Ekoizpen exekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoa-ren ardurapekoa izan da. Nuria Pérez Martínezek koordinatu du Miguel García Irabururen pospro-dukzioa. Álvaro García Echeverria arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzalezek soinua editatu eta nahastu du. Mikel Santosek taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egin ditu.

Filma Arena Comunicación eta Txalap.art-ek ekoiztu dute, Only in Dreams-ekin lankidetzan. EiTB MEDIA partaide gisa ageri da. Filmak Nafarroako Gobernuaren Generazinemaren, Caja Navarra Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova-Cultural programaren eta Etxepare Institutuaren laguntzak ere jaso ditu. Atera Films arduratuko da banaketaz.