Katalan hizkuntzaren defendatzaile bat Macronen gobernuaren buru

Emmanuel Macron 2017an Estatu frantseseko presidente izatera heldu zenetik, eskualdeetako hizkuntza minorizatuen kontrako erasoak ugariak izan dira. Horregatik, harrigarritzat har daiteke Lehen ministro hautatu duen Jean Castex katalan hiztuna eta katalan hizkuntzaren defendatzailea dela jakiteak.

Ez da lehen aldia Gobernu frantsesean lehen ministro katalan hiztun bat dagoela, 2014 eta 2016 artean postu horretan izan zen Manuel Valls ere horrela baitzen, baina ezberdintasuna nabarmena da bien artean. Vallsek eskualde hizkuntzak independentismoaren jatorri eta ‘Frantziaren’ etsai gisara ikusten zituen bitartean, Castexek katalan hizkuntza lagundu du. Luzaz auzapez izan zuen Prada de Conflent herrian, katalana sustatzeko ekimenak lagundu ditu, eta bressola (ikastola katalana) bat hartu du herrian. Urteetan Universitat Catalana d’Estiu-ri (Udako Unibertsitate Katalana) anfitrioi gisara egin dio harrera.

Hizkeran ere nabaria da ezberdintasuna, Castexen ahoskeran bere izaera katalana agertzen baita, eta horren ondorioz, Gobernuaren buru izatera heldu zenetik, bere jatorriaren adierazle den azentua bera ere kritikatua izan da. Uztailan postua hartu zuenean sare sozialetan bere hizkeraz trufatu ziren, baina ez ziren soilik norbanako anonimoak izan, zenbait kazetari eta pertsona publikok mota guztietako oharrak egin baitzituzten.

Azentuak bere burua defenditzera bezainbesteko zalaparta sortu baldin badu, Estatuko hizkuntza gutxituekiko duen iritzi politikoak, eta zentzu horretan hartu dituen erabakiak ‘Frantziako hiriburuan’ harro eta ozen adieraztera ausartuko ote litzatekeen ikustekoa da, eta horrela baldin bada horrek izan dezaken ondorio politikoak ere.

Iaz, Castexen gobernukide den Jean-Michel Blanquer Hezkuntza Ministroak ikastola eta bressola bezalako murgiltze eredua duten eskoletako ikasleek frantsesa ez jakitea ekar zezakeela adierazi zuen. Eta elebitasunak ekar dezaken onuraren berri ere ez daukate frantses askok. Ez da ahaztu behar ere, Europako Hizkuntzen Karta onartua izan bada ere, ez dela berretsia izan, horrek Estatuko hizkuntza gutxituak ofizialak egin beharko lituzkelako, eta frantsesak ez daude horrekin ados, «Errepublikaren hizkuntza frantsesa» dela adierazten duen Konstituzioa baitago oinarrian.

«Frantziaren unitate sakratua» ziurtatzen duen Konstituzioa ukitu gabe, horren gibelean dagoen frantses izaeraren parte den glotofobia (hizkuntza diskriminazioa), beharbada txikitu dela aditzera eramaten duten bi lege pasa dira aurten Asanblea Nazionalean. Azentuarengatik diskriminazioa zigortuko luken lege proposamena ia aho betez onartu berri da ostegun honetan. Eta otsailaren 13ean Estatuko eskualde hizkuntzak babesteko proposamenaren parte batzuk onartu ziren, nahiz eta hezkuntzari lotutakoek ez zuten aurrera egitea lortu. Biak orain Senatura joan behar dira, eta horren jarraipena egin beharko da.

Frantsesa ez den hizkuntzekiko kontrakotasuna txikitzen ari denaren seinale gisara har daitezke erabaki horiek, beraz? Gure euskara eta beste eskualdeetako hizkuntzen ezagupen eta babes ofizialerako bidean urrats txiki bat al dira? Macronek hizkuntza gutxituekiko hartu dituen neurriak ikusirik, kontrako erantzuna argitzat eman daiteke, baina beharbada gizartearen pertzepzioa aldatzen ari da? Hizkuntza gutxituak dituzten eskualdeetan orokorrean horretarako joera badagoela esan daiteke, Euskal Herrian horrela da, baina «Frantziaren zentro eta buru» den Parisen etsaiak ugariak dira, aliatu izan al daiteke Castex?