NAIZ

Salaketa berria jarri dute Aroztegiako bultzatzaileek Baztango alkatearen kontra

Joseba Otondo Baztango alkatea Iruñeko epaitegian deklaratu behar izan du gaur, Aroztegian egiten ari diren hotel eta golf zelaiaren proiektuaren bultzatzaileek jarritako salaketa dela eta. Hirugarrena da.

Joseba Otondo Baztango alkatea, 2018an Palacio de Arozteguia enpresak jarritako beste salaketa batengatik Iruñeko epaitegian deklaratu behar izan zuenean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Joseba Otondo Baztango alkatea, 2018an Palacio de Arozteguia enpresak jarritako beste salaketa batengatik Iruñeko epaitegian deklaratu behar izan zuenean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Baztango alkateek Palacio de Arozteguia enpresak paratu dituen salaketak direla eta sorturiko jazarpenaren beste kapitulo bat bizi izan da. Joseba Otondo Iruñeko epaitegian deklaratu behar izan du, Lekarozen hotel eta golf zelaia eraiki nahi duen enpresak paraturiko salaketa dela eta. Gaurkoa Otondo epaitegiaren aurrrean joaten den hirugarren aldia da.

Aurreko Baztango alkate Garbiñe Elizegiren kontra egin zuen Aroztegiako enpresak. Ibilbide judizial luze baten ondoren, Gorenak Lekarotzen egiten ari direna «pelotazoa» dela esateagatik absolbitu zuen.

Iruñeko epaitegiaren aurrean egindako adierazpenetan, EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen eledun Adolfo Araizek «lurra, herritarren ondasunak eta historia defendatzeagatik» salatu dutela Otondo nabarmendu du. Honekin batera, Baztango herritarren gehiengoa Aroztegiako egitasmoaren aurka daudela gaineratu du.

Araizek azaldu duenez, Otondori «prebarikazioa» leporatzen diote Vianako Printzea Erakundeak Aroztegiako eraikina babestu behar zela zioen txosten bat kontuan hartzeagatik. Interes ekonomiko eta urbanistikoen gainetik Otondok baztandarren alde lan egin duela gaineratu du Araizek.

«Palacio de Arozteguiak Baztango hautetsi demokratikoen eta herritarren kontra azkeneko urteetan abiatu duen eraso judizialaren hamaikagarren adibidea da, eta guztiz onartezina da. Eztabaida soziala galdu ondotik eta inongo zilegitasunik gabe, Aroztegiko pelotazoa inposaketa hutsa bertzerik ez da», salatu du Baztango EH Bilduk ‘Arranbela’ aldizkarian.

«Ekonomia eredu jakin bat, forma politiko jakin batekin heldu da. Pelotazoek inposaketaren forma hartzen dute. Eta inposaketa, herritarren erranak balio ez duen momentua da. Elite ekonomiko batek horrela gobernatu nahiko luke. Eta herritarrek eta hautetsiek kontra egiten dutelarik, judizialki zanpatu. Hertsadura demokratiko guztiak gainetik kendu eta Kapitala agintari bakar izan. Erakundeak eta herritarren iritzia soberan dituzte. Horretan ari dira Palacio de Arozteguia eta gisakoak. Horren aitzinean herritarren gehiengoaren araberako nagusigo instituzional eta politikoak antolatzen segitu behar da, herritarren beharren araberako ekonomia eta lurraldea antolatuz eta jendartea eraldatuz», gaineratu du Baztango EH Bilduk.