Mikel Aginagalde

Erdaldunek zer harreman dute euskararekiko?

‘Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak’ ikerlana egin du Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriak osatutako ikerketa taldeak, UEMAren babesarekin

Edurne Urrestarazu eta Enara Eizagirre, ikerlanaren egileetako bi.
Edurne Urrestarazu eta Enara Eizagirre, ikerlanaren egileetako bi.

Euskal Herrian bizi diren etorkin erdaldunek euskararekin duten harremana aztertu dute Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiria ikerlariek ‘Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak’ ikerlanean. Autoreen arabera, «‘erdaldun’ hitzaren atzean dagoen errealitatea askotarikoa da, eta pertsona horiek euskararekiko duten lotura aldakorra eta dinamikoa».

Lan hori UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko ematen duen Iñaki Arregi beka baliatuz egin dute egileek. Iragan urriaren amaieran egin zuten lan horren aurkezpena.

Ikerlanean 2005. urteaz geroztik Euskal Herrira heldu diren jatorri ez euskalduneko pertsonek euskararekiko duten lotura, bizipena eta ustea jaso dute, betiere gure hizkuntzarekiko dituzten beharrak, mugak eta aukerak aintzat hartuz.

Faktore askoren eragina

Euskararekiko harremana ulertu ahal izateko kontuan hartu beharreko zenbait alderdi nabarmendu dituzte egileek, hala nola, harreman sare trinkoa, haurrak, lanarekiko aurreikuspena eta Euskal Herrian geratzeko asmoa. Egileen hitzetan, aldagai horien arabera aldatu ohi dira pertsona erdaldunek euskararekiko hartzen duten jarrera eta ikuspuntua.

Hala, ikerlariek ondorioztatu dute etorkinek euskararekiko duten atxikimendua dinamikoa eta aldakorra dela, arestian aipaturiko faktoreen eraginpean dagoenean, bai euskarara hurbiltzeko, baina baita euskaratik aldentzeko ere.

Zeregina aurrera eramateko, euskararen erabilera altua duten eta azken urteetan etorkin kopuru nabarmena jaso duten hamahiru udalerritan egin dute ikerketa: Azpeitia, Baztan, Berastegi, Dima, Etxarri-Aranatz, Igantzi, Ikaztegieta, Lekeitio, Mutriku, Muxika, Ondarroa, Oñati eta Orion, hain zuzen ere.

Elkarrizketatu dituzten hemeretzi etorri berrietatik hamabi emakumeak dira, eta zazpi gizonak. Jatorri zehatzak honakoak dira: Argentina, Dominikar Errepublika, Espainia, Maroko, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Sardinia, Senegal eta Txina.

Analisi kualitatiboa egin dute autoreek metodologiari dagokionez. Pertsona erdaldunei eginiko elkarrizketak izan dira, noski, lanaren muin eta ardatz. Guztira 23 solasaldi burutu dituzte jatorri ezberdineko pertsonekin, eta euren bizipen eta iritziak jaso dituzte, baita gizabanako horien egunerokotasunari, ibilbide linguistikoari edota etorkizuneko planei buruzko informazioa ere.

Errealitate heterogeneoa

Etorkinekin eginiko elkarrizketen ondorioak zehatz-mehatz laburtzea nekeza izan den arren, Enara Eizagirrek ziurtatu zuen «erdaldun» hitzaren atzean dagoen errealitatea askotarikoa dela, baita euskararen ezagutzari dagokionez ere. Bestalde, gehitu zuen jatorrizko hizkuntzak baino gehiago beste aldagai batzuek dutela eragina euskararekiko harremanean, eta kanpotik etorritako askok euskara ikasteko interes handia duela. Azkenik, eta ikerketa testuinguru egokian kokatzeko asmoz, hiru ikerlariek migrazio mugimenduen, udalerri euskaldunen eta euskararen arnasguneen inguruko marko teorikoa ere landu dute.

Ildo horretan, UEMA erakundeko lehendakari Iraitz Lankanok honakoa azpimarratu zuen: «Ikerlanaz gain, sarrera modura, egundoko ekarpen teorikoa egin eta laburtu dute, migrazio mugimenduei, udalerri euskaldunei eta arnasguneei buruz. Zorroztasun akademikoz egindako lana da, baina, era berean, baita publiko orokorrari zabaltzeko moduan aurkeztutako eta idatzitako dibulgazio lana ere».