Manex Altuna

Garitano, Athleticen euskara zabalduz

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Derioko entrenatzaileak euskara hutsean eskainiko du Celtaren kontrako partida aurreko agerraldia. Getafen Movistar kateko kazetariak ere zuzenekoan nabarmendu zuen euskaraz ari zela jokalariei aginduak ematen.

Garitano lan saio batean Lezaman jokalariei aginduak ematen. (@AthleticClub)
Garitano lan saio batean Lezaman jokalariei aginduak ematen. (@AthleticClub)

Athleticek euskararen aldeko hainbat ekimen eta egitasmoetan parte hartu eta sustengatu izan ditu, egun hauetan ospatzen ari den Euskaraldia esaterako. Sarritan ordea, eredu izateak askoz balio handiagoa dauka eta Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Garitanok euskara hutsean egingo duela agerraldia jakinarazi du. Sare sozialetan zer esan pixkat eman du dagoeneko. Realean Imanol Alguacilek eta zenbait jokalarik ere horrela egin dute Euskaraldiarekin bat eginez.

Derioko entrenatzaileak Athleticen lehen taldea zuzentzen duenetik ohikoa izaten da lan saioetan gero eta euskara gehiago entzutea. Gero eta jokalari gehiago dira euskaraz ikasketak egin dituztenak eta hizkuntza ulertzen dutenak, nahiz eta oraindik ere batzuek lotsagaitik, edo ez direlako guztiz eroso sentitzen, prentsaurrekoetan gazteleraz bakarrik mintzatzen diren.

Gizartean dagoen egoera baten adibidea besterik ez da. Hezkuntza euskaraz jaso arren, familian edo lagunekin erabiltzen ez dutenez, ez dira ausartzen komunikabideetan hizkuntza hortan hitz egiten hanka sartzeak ekiditeko. Hala ere, Capa, Cordoba edo baita Dani Garcia ere agertu izan dira klubak berak egindako adierazpenetan edo elkarrizketa pertsonalagoetan euskaraz mintzatzen.

Esan bezala, Garitanok euskara erabiltzen du sarri eta adierazgarria izan zen azken jardunaldian Getafen gertatutakoa. Ziur asko Bordalasek edo aurkariek ez ulertzeko, inoiz baino gehiagotan aginduak euskaraz eman zizkien jokalariei, luze jokatzeko eskatuz Williamsen bila. Movistar telebista katearentzako zuzenekoa egiten ari zen kazetaria ohartu zen egoeraz eta lankideek entrenatzaileak zertan ari ziren galdetu ziotenean, euskaraz ari zenez ez zuela ulertzen komentatu zuen.

Ez zuen modu txarrean esan, 2015ean Almerian jokatu ostean Garitanori gertatu zitzaion bezala. Eibar taldeko entrenatzailea zenean, agerraldia bertan behera utzi zuen kazetari batek euskaraz erantzuten ari zenean protesta egin zuelako.