Manex ALTUNA

Garitano: «Astero azterketa bat da guretzat eta etxeko partidak hil ala bizikoak dira»

Jokalariei Celtaren aurkako partida oso garrantzitsua dela azpimarratu diela azaldu du Athleticeko entrenatzaileak euskara hutsean egindako agerraldian. Yuri eta Capa deialdian sartu dira eta baita Kodro ere.

Garitano Betisen aurkako norgehiagokan San Mamesen. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Garitano Betisen aurkako norgehiagokan San Mamesen. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Euskararen Nazioarteko Eguna denez, Garitanok euskara hutsean hitz egin du entrenamenduaren aurretik Lezaman egindako agerraldian. Celtaren aurka neurtuko dituzte indarrak San Mamesen eta Athleticen entrenatzaileak ohartarazi duenez, gainditu beharreko beste «azterketa» bat izango da zuri-gorrientzat.

Azken bi partidetan lau puntu eskuratu ostean, lasaitasun gehiagorekin lan egiteko aukera izan dute Athleticen. Hala ere, Garitanok oso argi dauka ezin daitezkeela azken emaitzekin konformatu eta jokalariei astean zehar aipatu izan die.

Sailkapena estu dago, puntu gutxiren artean talde asko daude, eta «salto bat» emateko aukera aproposa izan daitekeela uste du Derioko entrenatzaileak. San Mamesen jokatzen dituzten partidak Athleticentzat «hil ala bizikoak» direla komentatu du, etxetik kanpo asko kostatzen baitzaie irabaztea. Orain arte, lau puntu pilatu dituzte soilik, Ipuruan gailendu eta Getafen berdinduta.

Helburua, etxean laugarren garaipena jarraian lortzea izango da. Levante, Sevilla eta Betis gainditu ondoren. Aurrean izango duten Celta taldea teknikari berri batekin dator. Eduardo ‘Chacho’ Coudet argentinarra geldialdian iritsi zen Galiziara, Oscar kaleratua izan ondoren.

Entrenatzaile berriarekin Sevillan galdu zuten, itxura ona eman arren, eta azken jardunaldian Granada mendean hartu zuten Balaidosen. Garitanok aipatu duen bezala sistema aldaketa bat egin dute, gorago ari dira presionatzen eta Iago Aspasek bere maila onena berreskuratu du. Kontuz ibili beharko dira defentsan zuri-gorriak. Izan ere, Aspasekin batera kalitate handiko jokalariak dituzte eta hasieratik jokatzen aritu ziren aurreko partidan Santi Mina, Brais Mendez eta Nolito bera.

Celta Betisen estiloko talde bat dela esan du Garitanok eta ikusteke dago hirugarren aldiz hamaikakoa errepikatuko duen. Vencedorren, Vesgaren eta Villalibreren parte hartzea erabakigarria izan da taldearen itxura aldaketan. Derioko entrenatzaileak, aldiz, ezberdintasuna ez dela hainbesterako izan komentatu du eta azpimarratu du une honetan ez dagoela hamaikako bat definiturik.

Yuri eta Capa deialdian sartu dira arazo fisikoak gainditu ostean eta berritasun nagusia Kodroren itzulera da.

Abenduko egutegia

Celtaren kontrako norgehiagokaren ondoren, Athleticek Valentzian jokatuko du abenduaren 12an, larunbata. Eta hortik aurrera ez du atseden hartzeko aukerarik izango. Hainbat partida jokatu beharko ditu hilabete batean. Real Madrili bisita egin behar dio abenduaren 15ean, Huesca hartuko du 18an San Mamesen eta 22an Vila-realen zelaian dauka partida.

Urteari agur esateko, Realaren aurkako derbia San Mamesen abenduaren 31an. Urtarrilaren 3an berriro etxean Elcheren kontra eta 6an Bartzelonan jokatuko du. Gero, Atletico Madrilen zelaira bisita egin eta Superkopa jokatu beharko du. Informazio ofizialik ez dagoen arren, badirudi ezinezkoa izango dela Saudi Arabian ospatzea eta Andaluzian edo Kanariar Uharteetan egitea aztertzen ari dira.

Garitanori ez dio kezkatzen bata bestearen atzetik datozen partidak eta talde osoan konfiantza duela berretsi du, denboraldi honetan aulkian aldaketak egiteko aukerak dauzkala nabarmenduz.

Aldi berean, Iñigo Vicente moduko jokalari baten aldeko mezua bidali du. Derioko gazteak minutu gutxi batzuk jokatu ditu denboraldi honetan lehen taldera iritsi ostean. Garitanok esan du pozik dagoela berarekin eta aukera gehiago izango dituela. Azken paseak emateko eta golak egiteko gaitasuna daukala azpimarratu du, nahiz eta oraindik lehiakortasunean edo alde fisikoan lan gehiago egin behar duen.