NAIZ

‘Bateragune’ auziko epaiketa errepikatzeko erabakia gaitzetsi dute alderdi eta sindikatuek

Hainbat alderdi politikok eta sindikatuk Auzitegi Gorenak ‘Bateragune’ auziko epaiketa errepikatzeko hartutako erabakia gaitzetsi dute. LABek «eskandalu bat dela esan du. EAk PSOEri eta Podemosi «kontrako jarrera» hartzeko eskatu die. EAJk «harriduraz eta haserre» hartu du erabakia.

Iñigo Iruin, Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta Miren Zabaleta. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Iñigo Iruin, Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta Miren Zabaleta. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Auzitegi Gorenak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez ‘Bateragune auzia’ dela-eta berriro epaitzea erabaki ostean, hainbat alderdi politikok eta sindikatuk beren iritzia plazaratu dute.

EAJk «harriduraz eta haserre« hartu du Auzitegi Gorenaren erabakia, eta «ezusteko desatsegina» eragin diola adierazi du ohar batean. Bere ustez, erabakiak «auzitan jarri du Espainiako Konstituzioak ezartzen duen segurtasun juridikoaren printzipioa».

Jeltzaleek nabarmendu dutenez, Auzitegi Nazionalean auzia hasi zenetik «zenbtzugabekeria politiko-judiziala izan zen ezker abertzalearen munduan den-dena ETA zela baieztatzea; hasiera hasieratik bilera askatasuna argi eta garbi urratu zen; eta horrek denak behar ez ziren oztopoak ekarri zizkion Euskadiko bizikidetza normalizatzeko lanari».

Eusko Alkartasunaren (EA) ustez, Auzitegi Gorenak ‘Bateragune’ auziko epaiketa errepikatzeko hartutako erabakian «bultzada politikoa» dago, eta PSOEri eta Podemosi «kontrako jarrera» hartzeko eskatu die.

EAk esan duenez, Auzitegi Gorena «iraganean ainguratu nahi dutenekin» kokatzen da erabaki honekin, eta Espainiar Estatuak «zilegitasun demokratikoarekin arazoa duela bere egitura juridikoan».

«Euskal Herrian inork ez du ulertuko nazioarteko erakundeek bidegabetzat jo zuten zigorra osorik bete zuten bost pertsona berriro epaitzea, eta are gutxiago 2020an jarduera politikoagatik ustez ETAren parte izateagatik inor epaitzea», adierazi du EAK.

Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaileak gogor kritikatu du Auzitegi Gorenaren erabakia. Ohar batean azaldu duenez, «pertsona bakar bat ere ezin da bitan epaitu gertaera berberengatik, are gutxiago ezarritako zigorra bete denean».

Saluden ustez, espainiar Estatuko eskuinak «gehiengo antidemokratikoak» mantentzen ditu auzitegietan, eta horiekin «politika egin» nahi du, kasu honetan gertatu den bezala.

PSOE

Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkari eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako ministroak EH Bildu alderdi gisa Arnaldo Otegiren erantzukizun pertsonaletik «aldenduta» dagoela adierazi du. Hala ere, Auzitegi Gorenaren erabakiari buruzko iritzia ematea saihestu du.

«Gauza bat da kontu pertsonala, eta beste bat taldeari eragiten diotenak, baldin eta alderdiak berak Konstituzioaren esparrua eta, beraz, legezkotasuna onartzen eta errespetatzen badu», adierazi du Abalosek.

PP eta Vox

Garcia Egea PPko idazkari nagusiak adierazi duenez, bere alderdiak espero du kasu honetan «Otegi jaunarengan justiziaren duen pisu guztia erortzea» eta Pedro Sanchezek zuzentzen duen Gobernuak Estatuko Fiskaltza Nagusiaren bidez «maniobrarik ez egitea».

Voxek ospatu egin du Auzitegi Gorenaren erabakia eta EH Bildu legez kanpo uzteko deia egin du beste behin ere.

Sindikatuak

LABek Auzitegi Gorenaren erabakia salatu du eta epaiketa politiko guztiak amaitzea eskatu du. Sindikatuaren esanetan, espainiar Estatuak justizia «bidegabea» erabiltzen jarraitzen du eta «eskubide zibil eta politikoak bidegabeki urratzen» du.

«Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Herria bake bidean jartzeagatik bost lagun espetxeratu eta zigortzea basakeria izan bazen, disparate politiko eta juridikoa da berriro epaitzea. Eskandalu bat da», adierazi du LABek ohar baten bidez.

ELAren ustez, Auzitegi Gorenaren erabakia «zentzugabekeria judiziala da eta arrazoi politikoei bakarrik erantzuten die». Erabakiak bi helburu dituela adierazi du sindikatuak: «Batetik, Eezker abertzalearen eta Estatuko beste erakunde subiranista batzuen homologazio instituzionala eragoztea. Bestetik, Estatuko Gobernuaren aliantza politikoa desgastatzea».

ELAk espero du mobilizazio sozialak eta ekintza politiko eta judizialak «eragotzi egingo dutela Auzitegiaren erabaki politiko honek bere helburua lortzea». Era berean, Gasteizko eta Nafarroako parlamentuek eta gobernuek bost herrikide horiek babestea eskatu du ELAk.

CCOOk «errespetua» adierazi dio Auzitegi Gorenaren erabakiari baina ez dator bat epaitegiaren irizpidearekin.

Sindikatu horren iritziz, auzia berriro epaitzea «ez da Estrasburgok bidegabea deklaratu zuen prozesu bat erreparatzeko modua», eta gainera «ez du errespetatzen auzipetuen erabakia epaiketa berriro ez errepikatzeko».

Gainera, bere ustez Gorenaren ebazpenak dagoeneko «hondatuta» dagoen espainiar justiziaren irudia berriro zigortu dezakeen beste epai bat ekar dezakeela nabarmendu du.

Gure Esku

Gure Eskuren iritziz, «onartezina da Espainiako Estatua legeak horrela bihurritzeko prest egotea normalizazio politikoa oztopatzeko».

Twitter bidez ohartarazi duenez, «herri honek bakean eta bizikidetzan aurrera egiteko erakutsi duen borondatea ez dute geldiaraziko. Aurrera egin eta etorkizuna eraikitzeko garaia da».

Kataluniatik ere bai

Kataluniatik ere iritsi dira gaitzespen mezuak: Pere Aragones Gobernuko lehendakariordea, Carles Puigdemont erbestean dagoen presidentea, ERC...