Elkarrizketa
Jon Abril
Elhuyar-eko zuzendari nagusia

«Itzultzaile neuronalak iraultza ekarri du; askoz hobea da»

Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975) Elhuyarreko zuzendari nagusia da 2019ko ekainaz geroztik. Azken urte honetan, zientzia eta teknologia arloetan euskara sustatzeko hainbat tresna garatu ditu fundazioak. 2020ari begira ere jarrita daude.

Jon Abril, Elhuyarreko zuzendari nagusia.
Jon Abril, Elhuyarreko zuzendari nagusia.

Elhuyarreko zuzendaria zara orain, baina ibilbide oso luzea duzu, beti euskarari lotuta.

Bai, politikan, kulturgintzan eta kazetaritzan aritu naiz eta bide horretan ikasi dut taldean lan egiteko modua ulertzen. Gaur egun Elhuyar zuzentzen dut, baina bere sorreratik beretik, Elhuyar herritar talde bat da, helburu batekin: gizarterako ezagutza zabaltzea.

Elhuyarreko lan-arloari helduta, eta Euskaraldia oraintsu igaro dela kontuan hartuta, halako ekimenak beharrezkoak dira zientzia arloan ere?

Zoritxarrez, euskarak oraindik eremu guztietan behar du presentzia sendoagoa, baita zientzian ere. Horregatik sortu zen Elhuyar; hizkuntza bera ez zegoen landuta zientziarako. Azken hamarkadetan, berriz, euskara teknologietara eta lan mundura zabaldu da, baina oraindik habetzeko badago.

Terminologia berria zehaztea izan da Elhuyarren zereginetako bat pandemiaren hilabete hauetan...

Pandemia iritsi zenean, hainbat gauza nola adierazi finkatzeko beharrak areagotu ziren eta, gure kasuan, itzulpen espezializatuak egin ditugu zientzia eta osasun arloko hainbat erakunderentzat. Hor ikusi genuen lantaldeak erraztasuna bazuela. Zehazki, lantalde bat dugu hizkuntza baliabideak landu dituena eta beste bat itzulpen lan espezializatuak egin dituena.

Zein da jarraitzen duzuen prozesua terminologia zientifiko horrekin?

Horretarako iturri desberdinetara jotzen dugu; ea dagoeneko arautza dagoen, nola erabili den orain arte edo inguruko hizkuntzetan nola den. Orduan, proposamenak egiten ditugu, askotan arauak dezente beranduago. Orain, pandemia honetan are nabarmenagoa da; profesionalek oinarri zientifikoa daukaten termino horiek erabili behar dituzte.

Nola aldatu da bilketa-lan hori azken hamarkadetan?

Elhuyar zientzia arloa zabaltzen hasi zenean, hutsune handia zegoen terminologiarekin. Hortik etorri zen Elhuyarren hiztegia lantzen hastea. Garai batean, eskuz eginda zeuden lan asko eta asko. Azken urteetan, berriz, teknologiek asko lagundu dute horretan eta gaur egun milioika hitzeko corpus bat oso erraz azter daiteke.

Hiztegiaz gain, beste proiektu garrantzitsuenetako bat itzultzaile neuronalarena da. Zer berrikuntza ditu itzultzaile horrek?

Orain arte eredu matematikoetan oinarritu izan da itzulpena, eta nolabait hitzez hitz itzultzen zuen. Horrek oso konplikatua egiten zuen kalitate oneko itzulpen bat egitea; batez ere euskararen kasuan, deklinabideengatik. Oraingo sistemak, aldiz, dagoeneko aurretik eginda dauden itzulpenetatik esaldiak bilatzen ditu, hau da, oinarria hartzen du dagoeneko itzulita dagoenetik eta, beraz, emaitza askoz hobea da. Itzultzaile neuronalak iraultza bat ekarri du.

Zeintzuk dira itzultzaile horren erabilerarik ohikoenak?

Bi erabilera aurkitzen ditugu: bata profesionala eta bestea arruntagoa. Bolumen aldetik, lehenengoa da handiena; lanerako tresna bat gehiago bihurtu da itzultzaileentzat. Dena den, badu beste alderdi hori, ikasle batek edo oraindik menderatzen ez duen pertsona batek testu bat errazago ulertzeko, adibidez.

Urtea amaitzear, eta berria ate joka. Zer proiektu ditu esku artean Elhuyarrek 2021erako?

Batez ere, bi arlotan nabarituko dugu aldaketa handia. Alde batetik, asko indartu ditugu adimen artifizialarekin lotutako proiektuak, hala nola hizkuntza prozesamendua edo ahotsa testu bihurtzekoa. Bestea digitalizazioa da. Halabeharrez, gizartea bera bezala, egokitzapen horretan ari gara: Zientzia Azoka bezalako proiektu bat, presentziala izan beharrean, online bidez ere egin beharko da.