«Kantuen kontrabandista» herriz herri dabil abesti zaharren bila

Zazpi ataleko ‘Kantuen kontrabandista’ dokumentalak, galduak edo galtzear dauden Euskal Herriko abestiak berreskuratu eta kantari ezagunei helarazteko bidea erakusten du. Xabaltx ‘kontrabandistak’ kantuak Petti, Willis Drummond, Thierry Biscaryri…. ematen dizkie bertsionatu eta gaurkotu ditzaten.  

Xabaltx musikaria zaldiz Pirinioen bi aldeetako herrietan zehar dabil abesti zaharrak biltzen.(CAT GREL / KESTU PRODUCTIONS-KANALDUDE)
Xabaltx musikaria zaldiz Pirinioen bi aldeetako herrietan zehar dabil abesti zaharrak biltzen.(CAT GREL / KESTU PRODUCTIONS-KANALDUDE)

«Kantuen inguruan bidaia bat egiten ari gara Euskal Herrian zehar zaldi gainean, abenturazale gisa»; hitz horiekin azaldu du Iban Rusiñol zuzendariak proiektuaren mamia. “Kantuen kontrabandista”-k bidaia Hondarribian hasi zuen urrian, eta orain Pantxoa Xabaltx musikari eta kantaria, “Inda” bere behorra, eta Rusiñol, kameraren gibelean, Zuberoan daude lana amaitzear.

Zazpi ataletan banatutako dokumentalean, lehen seietan Pirinioen bi aldeetan egindako bidaia agertzen da, «Euskal Herria bitan banatzen duen gunean, hor nolabait kontrabandisten arrastoari segituz kantuak biltzen ditugu, eta musikariei eramaten dizkiegu beren bertsioa egin dezaten».

Azken atalean, “kontrabandoan” bildutako kantu moldatuekin udaberrian egingo den kontzertua agertuko da. Estreina irailean izanen da Kanaldude telebistan eta 2022ko urtarrilean France 3 Akitania Berria kate publikoan pasako da.

Bidaia herriz herri egiten dute, eta bertan bildutako euskal kantu zaharrak proiektuan parte hartzen ari diren kantarien herrira eramaten dituzte. Pettik, Willis Drummond taldeak, Nahia Zubeldia eta Manu Mathysek osatzen duten Lumik, Maddalena Luzzik, Thierry Biscaryk, Morau taldeko Beñardok eta Oihan Oliarj-Inesek Xabaltxen eskuetatik abesti tradizionala jaso eta gaurkotuko dute.

Kantu zaharrak berri

Egitasmoa prestatzeko Resurrección Maria de Azkue eta Aita Donostiak egindako lana baliatu dute, baina lehen urratsa besterik ez dela izan azaldu du Rusiñolek: «Abentura guzti horretan konturatzen gara gauzak etengabe aldatzen direla, kantu bat duela mende bat era batera transkribitua izan zela, eta orain norbaitek beste molde batez ezagutzen duela. Orain guk kantu hori gaur egungo eszenako musikariei transmititzen diegu pasatu diguten bezala, hau da jada transformatua eta orain berriz moldatua izanen da, baina gero ere izaten ahal dena infinitora arte».

Kantu zaharrek izan dezaketen gaurkotasuna nabarmendu du Xabaltxek: «Gure sustraietan salto bat egitea gauza harrigarria da, jorratzen ditugunak urrundik heldu dira. Agertzen diren gauza batzuk ere galduak dira, balea ehizako kantuak, esaterako, balea gaur egun ez da ehizatzen Euskal Herrian, baina nolabait erran zaharrek beti garaikidetasuna badute, garai bateko argazkiak dira, eta ikusten da gaurkotasuna ere badutela, herriaren memoria eta luzapena dela, alde hori ez nuen ezagutzen, eta gaur sentitzen dut».

Musikariekin elkarlana

Beraiekin batera kantuen “kontrabandoan” ari diren beste artisten parte hartzea nabarmendu du kantariak: «Hautatu ditugun musikariak goi mailakoak dira, eta interes handia erakutsi dute. Ni heldu naiz bildu ditudan kantuekin a capella, eta segidan beren musika tresnekin hartzen dituzte, eta ikusten da berehala sartu direla mundu horretan. Sorpresa ukanen dugu, orain sorpresaren goitan gara».

Proiektua Rusiñolek Xabaltxi musikariak elkarrizketatuz zaldun gisara bidaia egitea proposatu zuelarik hasi zen. Baina azkenean, bidaia kantu zaharrak bilatzen eta biltzen egitea deliberatu zuten, eta proiektuan Kanaldude jada berarekin zuela, Azkaineko Kestu ekoizpen etxea lotu zitzaion.