NAIZ

Aitor Etxarte euskaltzalea hil da Iruñean, koronabirusak jota

Covid-19ak eraman du Aitor Etxarte, euskararen aldeko lan eskerga egin ostean. Besteak beste Iruñeko Udal Ikastolako bultzatzailea edota Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria. Hedoi Etxarte kultur eragilearen aita ere bai.

Aitor Etxarte. (@hedoi_etxarte)
Aitor Etxarte. (@hedoi_etxarte)

Iruñean bereziki euskararen aldeko lan luzea egin duen Aitor Etxarte Berezibar zendu da, koronabirusaren ondorioz, 63 urte zituela, ostiral honen arratsaldean jakin denez.

Euskalerria Irratiko kolaboratzailea izan da, beste gauza askoren artean, eta irratiak gogora ekarri duenez, Iruñeko Merced kaleko seme zen Aitor Etxarte, nahiz Arrasaten jaioa izan, bertakoa baitzuen ama.

Ikasketak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen: Filosofia eta Hezkuntza Zientziak. Pedagogoa zen lanbidez eta euskaltzalea sentimenduz. Hau dela eta, Iruñeko Udal Ikastolaren sustatzailea izan zen frankismoaren urte beltzetan, gero Hegoaldeko Ikastolako zuzendaritza taldeko kide bilakatu zen eta beranduago, 2015tik 2019ra hain zuzen ere, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari.

Karririki euskaldun elkartea sortu zutenetako bat ere izan da Aitor Etxarte. Eta politikagintzan jardun zuen urte haietan, LKI alderdian hain zuzen ere.

Euskalgintzan, kulturgintzan eta hezkuntza arloan dabiltzanen partetiko doluminak jaso ditu familiak albistea zabaldu bezain laster, eta bereziki Hedoi Etxarte semea.

Honela agurtu du aita kulturgileak, sare sozialetan: