NAIZ

Burgosko prozesuaren 50. urteurreneko ekitaldia, larunbatean NAIZen ikusgai

Larunbatean, 22.00etatik aurrera, Burgosko prozesuaren inguruko 50. urtemugako ekitaldia eskainiko du NAIZek. «50 urte geroago, gertaera historiko hark eragindako euskal matxinada balorean jartzea» du helburu ekimenak.

Burgosko auzia salatzeko manifestazioa Berlinen, 1970.
Burgosko auzia salatzeko manifestazioa Berlinen, 1970.

Burgos50 ekimenak prozesuaren 50. urteurreneko ekitaldia eginen du larunbatean, eta NAIZen ikusi ahal izango da, 22.00etatik aurrera. Burgosko Prozesua 1970eko abenduaren 3tik 9ra 16 euskal gazteren aurka egin zen gerra kontseilua izan zen.

Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru Meliton Manzanas komisarioaren heriotzan ustez parte hartzeagatik auzipetu zituzten, ETAko kide izatearen akusaziopean. Gerra kontseilu hartan bederatzi heriotza-zigor ezarri zizkien epaimahai militarrak akusatuetako seiri, 519 urteko kartzela zigor orokorra eta absoluzio bat. Zigor haiek berehalako erantzuna izan zuten kalean, Euskal Herrian nahiz nazioartean, eta sekulako mobilizaizoak egin ziren.

«50 urte geroago, gertaera historiko hark eragindako euskal matxinada balorean jartzea» du helburu urteurren ekimenak. Horretarako, sekuentzia historikoari erreparatuko dio, «sasoi hartan gorpuzten ari zen mugimendu independentista askoz ere indartsuagoa delako egun, beste eskaintza politikoekin lehiatzeko prest baitago».

Antolatzaileek azaldu dutenez, «ez da ohiko ekitaldi nazional bat izango». Osasun larrialdi egoerak behartuta, «formatu berritzailea bilatzeko ahalegin berezia» egin du Burgos50 ekimenak. «Asteburuan etxeko sofan jarrita ikusteko moduko ekitaldia izango da, telebistara egokituta». Saioak ordu erdiko iraupena izango du.

Aurreratu dutenez, «sasoi hartako protagonisten irudiek, lekukotzek eta ametsek ikusleak hunkitzeaz batera, belaunaldi berriek itxaropena kutsatuko digute larunbateko saioan». Eta 50 urteko gertakari hartatik egungo egoerara begira ere jarriko dira. «Izan ere, eragile ezberdinek abian jarritako borrokak eta antolaketak Franco garaitzea ekarri bazuten, egun ere herri honen askatasuna murrizten duen 78ko Erregimenari irabaztea posible dela badakigu».