Ibai Azparren

Futbola eta literatura, bi errealitate «osagarri»

Mari Mar Boillos eta Jon Kortazarrek kaleratutako «Egungo euskal literatura eta futbola» liburuak bi «errealitate osagarri» bezala hartzen ditu literatura eta futbola. Are, futbolzalea literaturazalea izan daitekeela frogatu dute obran, ebidentzia ugarirekin.

Jon Kortazar eta Mari Mar Boillos, liburua eskuetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Jon Kortazar eta Mari Mar Boillos, liburua eskuetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Albert Camus eta Mario Benedetti atezainak izan ziren gaztaroan. Idazle uruguaitarrak kolore urdin, gorri eta zuridun kamiseta daraman Nacional de Montevideo Tricolor futbol talde ezagunaren kronikak idatzi zituen hiriburuko egunkari batean. Futbolarekiko zaletasuna Eduardo Galeano herrikidearekin partekatu zuen. Hain zuzen ere, azken idazle horren kontakizun ugarik askok kontrajarritzat zituzten bi errealitate bateragarriak eta osagarriak zirela frogatu zuten: futbola eta literatura.

Gaur arte, asko izan dira futbolaren gaia jorratu duten idazleak, besteak beste, Julio Ramon Ribeyro, Roberto Fontanarrosa, Almudena Grandes edo Osvaldo Sachieri. Beraien lumetatik futbolari eskainitako lan laburrak eta ez hain laburrak atera dira, nahiz eta futbola gorroto duten idazle famatuak ere badauden, Jorge Luis Borges eta Guillermo Cabrera Infante kasu. Nolanahi ere, futbola idazle askoren gai zein azpigai izan da eleberri, ipuin eta poemetan.

Hori horrela izanik, Mari Mar Boillos Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta ikertzaileari eta Jon Kortazar EHUko Literatura katedradunari arraroa egiten zaie futbola eta literatura bi mundu kontrajarri ote diren galdetzea bera ere. Ura eta olioa baino, editore gisa argitaratu duten “Egungo euskal literatura eta futbola'” liburuak agerian uzten du bi elementuok kafearen eta esnearen antz handiagoa dutela. «Nik betidanik praktikatu dut futbola eta betidanik irakurri dut futbolari buruzko literatura», dio Kortazarrek. Hala, futbolaren atzean den «dimentsio literarioa» aztertzea izan da liburuaren helburuetako bat, Boillosen esanetan.

Euren bizi esperientziak izan zituzten biek abiapuntu liburua osatzeko. Nola ez, biak dira futbolzaleak, baina ikuspegi ezberdinetatik. «Nik askotan esaten dut futbolzalea naizela, baina, egia esan, Athleticen zalea naiz», azaldu du Boillosek. Pentsa, Athleticeko Peñen Elkarteko idazkaria da ikerlaria. Kortazarrek, ordea, lagunarteko kirol praktika du maiteago, Boillosekin Athleticekiko pasioa partekatzen duen arren: «Ni okerragoa naiz, Athletic irabazten ikustea gustatzen zait bakarrik!». Biek maite dute futbola eta bientzat «plazera» izan da gehien gustatzen zaien hori lanera ekartzea.

Pasio horretatik jaio da hiru zatitan banatu duten liburua. Lehen atalean, “Ikerketa” aurkeztu dute editoreek. Bigarrenean, “Didaktika”, hau da, futbolari buruzko testuak irakaskuntzan nola eman. Eta hirugarrenean, irakurlearen gozagarri, “Sorkuntza” landu dute. Azken atal horrek, besteak beste, 2020ko Euskadi Saria irabazi duen Karmele Jaio, Pablo Garcia Casado eta Manuel Rivas bezalako idazle ezagunen lanak biltzen ditu. «Corpusa, ikerketa, osatu genuenean, hasiera batean aurreikusi genuen txikia izango zela, baina, espero baina handiagoa izan da», azaldu du Boillosek.

Beraz, badira bai literatura eta futbola uztartu duten obrak. Baina, Euskal Herrira mugatuz, ba al du tradiziorik euskal futbolari eta euskal futbol taldeei eskainitako literaturak? Kortazarren ustez, «hori neurtu egin beharko genuke». Idazleak dio badagoela literatura bat kronikarekin lotutakoa, kazetaritza kronikarekin zehazki. Gogoan ditu Lauaxetak kazetari gisa egindako Athleticen partiduen kronikak, edota Gabriel Arestik Bilboko futbol taldea masen opio gisa aipatzen duen poema.

Fikziozko literatura ez zaio iruditzen hain indartsu izan denik, ordea. Juan Mari Irigoien idazlea aipatu du Kortazarrek, fikziotik esploratzen dituelako kirolaren mundutik eratortzen diren grinak bere eleberrietan. Bernardo Atxagaren eta Kirmen Uriberen lanak ere aipatu ditu; liburuan azaltzen den bezala, biek ala biek «umoretik urrunduz» lantzen baitute futbolaren gaia beraien “Gizona bere bakardadean” eta “Elkarrekin esnatzeko ordua” lanetan.

Futbolaren gaia landu duten emakumeak askoz gutxiago dira, izan badiren arren, besteak beste, lehen aipatutako Almudena Grandes edota Aixa de la Cruz. Ildo horretan, Boillosek uste du gero eta gehiago direla futbolarekin lotura duten emakumeak: «San Mamesen gero eta emakume gehiago ikusten ditut, eta hori ere ikusten ari da literaturan. Gure liburuan Karmele Jaioren lana sartu dugu, eta horrekin ere adierazi nahi dugu aldaketa bat ematen ari dela eta orain emakumezkoen presentzia ere kontuan hartu behar dugula».

Futbola, nazioa eta identitatea

Aresti, Atxaga eta Uribetik harago, Kortazarrek Ramiro Pinillaren “Aquella edad inolvidable” eleberriaren azterketa egin du liburuan. «Haurtzaroaren defentsa» den nobela bezala definitu du, baina futbolari, nazioari eta identitateari buruzko hausnarketak ere badaude tartean. «Testu hori gazteleraz idatzi nuen Suitzako unibertsitate batean aurkezteko. Kuriosoa izan zen, nire hitzaldiak bildu zituelako aurrekoek esandako ondorio guztiak; futbola haurtzaroaren ametsa da, gurasoekin elkarrekin joatea, baina baita identitatearen defentsa ere», nabarmendu du.

Kortazarren ustez, futbolak «arlo asko» ditu; esaterako, badu «arlo afektibo bat ezin dena banandu, pasio modukoa»; badu identitate marka bat eta bada ere «nazioaren defentsa egiteko» modu bat. «Noski, badu arlo merkantilista bat ere, diruarekin eta negozioaren lotua eta liburu honetan hainbeste aipatu ez duguna», gaineratu du. «Pinillaren nobelan gertatzen zena zen horrelako elementuak oso ondo azalduta agertzen direla: haurtzaroa, antifrankismoa, identitatea, arlo horiek guztiak futbolean daude eta baita nobela horretan ere», azaldu du Kortazarrek.

Ikerketaren atalean, Yvette Sanchezek «literaturako kirol-nitxoak» aztertu ditu eta Aiora Sampedrok futbola eta literatura Euskal Herrira gerturatu ditu. Nobeletatik harago, antzerkiaren eta futbolaren arteko harremanak jorratu ditu Karlos del Olmok “Pitxitxi jokoz kanpo” kapituluan. Jon Martin-Etxebestek idatzitako “Zangoak eta oinak” pasartea ere aurki daiteke liburuan, non futbola eta bertsolaritza bezalako bi mundu hain ezberdinetan antzekotasunak ere badaudela adierazten den. Miren Gabantxok Luis de Castresana “El otro árbol de Guernica” eleberriaren azterketaren bitartez “60ko hamarkadako frankismoa, Espainia eta erbesteko umeen erabilera ideologikoa” gaian murgildu da, eleberriaren izenburu bera duen filma ere aztertuz. Jose Antonio Morlesinek, berriz, liburu azaletan «futbol iruditeriak eta euskal futbol taldeen nortasunak izandako presentzia» aztertu du.

Didaktikaren atalean, futbolaren erabilera pedagogikoa aztertu dute Boillosek eta Ana Merinok. Azken horrek egindako saiakeran, Iowako Unibertsitateko irakasle zela aurkitu zituen futbolaren baliabide pedagogikoak aztertzen dira. Futbolaz hitz egitea atsegin zuten ikasleekin literatura ikastaroak prestatu zituen Merinok, «baloiaren eta kirolaren ogitartekoan literatura eta zine onena» sartuz. Horrela, bere saiakeran azaltzen du ikasleen futbol begirada hori poeta handiekiko bere zaletasunarekin lotu zuela; Rafael Albertiren “Oda a Platko” eta Gabriel Celayaren “Contraoda del poeta de la Real Sociedad” poemak erabili izan ditu bere ikastaroetan, baita Gioconda Belliren poemak edo Manuel Vazquez Montalbanen zutabeak ere.

Boillosek, bere aldetik, literatura hizkuntza irakasteko tresna gisa erabil daitekeela baieztatzen du bere saiakeran. Eta ez hori bakarrik, futbola gai nagusitzat duten literatura lanetatik abiatuta, euskara irakasteko proposamen batzuk eskaini ditu ikerlariak: «Uste dut literatura eta futbola ez direla etsaiak. Orduan, hori didaktikara eramaten badugu, ikasleek horrela ikusiko dute. Nire artikuluan, Lehen Hezkuntzarako liburu batzuk aukeratzen ditut eta liburu horiek lantzeko ariketa batzuk proposatzen ditut. Orduan, gure ikasleek liburu horiek irakurtzen badituzte, ikusiko dute literatura eta futbola batera lantzea posible dela».

Karmele Jaiok bere kontakizunean planteatzen duen galderari erantzunez, futbolaren pasioa literaturara eramatea posible dela uste dute Kortazarrek eta Boillosek. Azken horrek uste du futbolaren atzean mundu literario oso bat dagoela, eta horren eredu dela, adibidez, Diego Armando Maradona. «Eleberri bateko pertsonaia izan daiteke, osagai guzti-guztiak ditu: haurtzaroaren ametsa, nortasunarena, heroi eroriaren ideia...».