K2 edo Everest mendietako neguko espedizioetan ez bezala, Alex Txikonek, zalaparta handirik gabe, Manasluren helburua aurkeztu du. Astelehen honetan bertan, Bilboko Euskal Museoan, alpinista lemoarra hedabideen aurrera azaldu da. Eta lehenik eta behin adierazi du hain harrapatuta duen neguko zortzimilakoetara itzuliko dela: «Onartu behar da pandemiak erabat irauli egin duela urte hau. Zaila baino zailagoa izaten ari da, baina, beste urte batez, neguko espedizio bat egingo dut. Uste dut xede berri hau aurkezteak baduela arrakasta kutsu bat».
Azken urteotan, munduko bi mendi garaietan (K2 eta Everest) ekinaldiak egin eta gero, Txikonek zortzimilako «xume» baten aldeko apustua egin du. Munduko zortzigarren mendirik garaiena da Manaslu (8.163 m). Eta modu batera edo bestera esanda, K2 edo Chogori mendia negu honetan izaten ari den bisita kopuru handia saihesteko Manaslura abiatuko da.
Aurkezpenean bertan, Morok berak hori guztia azaldu nahi izan du: «Geure helburua kanpaleku nagusian ahalik eta alpinista gutxien egotea nahi genuen. Ikusi dugu K2 mendian zenbat mendizale elkartuko diren, eta eite hori ez dugu gustuko. Zortzimilako bat talde txiki batekin lortzea da gure xedea. Ez da erronka erraza izango; izan ere, Manaslun bi ekinaldi egin ditut eta guztiak ala guztiak ezerezean geratu dira. Gogoratu behar dut neguan mendi zaila dela oso, besteak beste, elur asko pilatzen delako. 2005. urtean neguko jarduera hauekin hasi nintzen, eta dagoeneko lau zortzimilako egin ditut. Azkena, Txikonekin batera Nanga Parbateko igoera historikoa».
Hori guztia esan eta gero, ondoriozta genezake Manasluko espedizioaren «motorra» Moro bera dela; izan ere, duela hilabete bat, italiarra bera izan zen espedizioaren berri eman zuena. Eta aurreratu ere, Manaslu igotzeaz gain, taldearen helburua Ekialdeko Pinalukua edo Erpina (7.992 m) eskalatzea izango dela ere.
Morok eta Txikonek beste espediziokide bat alboan izango dute: Mikel Alvarez. Lemoarrak ondo baino hobeto ezagutzen du gipuzkoarra, eta horrela adierazi du prentsaurrekoan: «Duela 20 urte, elkarrekin egin nuen nire lehen espedizioa. Beste batzuek hartu zuten parte ere, baina dagoeneko ez daude gurekin. Iñaki espedizio honetara animatu dut, eta bidean geratu diren lagun horiei omenaldia egin nahi diegu».
Beste xede batzuk
Berez, hiru alpinista horiek osatzen dute Txikonek aurkeztu duen Manasluko espedizioa, baina zortzimilako horretan ez dira bakarrik izango. Tenji Xerpa eta Vinayak Jaya Malla nepaldarrek aurreratu dute Manaslu dutela helburu. Eta Txikonek baieztatu duen bezala, mendian egin beharreko lana partekatuko dute.
Heldu den ostegunean, urteko azken egunean, Alvarez eta Txikon Euskal Herritik Nepalera abiatuko dira. Lehen «oztopoa» etxean bertan izango dute; izan ere, bihar PCR probak egin behar dizkiete. Katmandura iritsi eta ez dute aukera izango zuzenean hurbilketa bidea egiteko, bost egunera beste PCR proba bat egingo dietelako.
Aurreratu dugu Manasluren gailurra eta Ekialdeko Pinakulua lotzeko asmoa dutela. Baina bada beste datu bat aipatu behar dena: zortzimilakoaren lehen errepikapena erdietsi nahi dute. Gainera, neguan osorik eginiko lehen espedizioa izango litzateke.
Berez, Manaslu behin eskalatu da neguan. Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrek 1984. urteko urtarrilaren 12an zapaldu zuten tontorra. Neguan igo zuten, bai, baina espedizioa abenduaren 3an hasi zuten. Hots, negu astronomikoa hasi baino lehen. Alvarez, Moro eta Txikonen xedea da espedizioa negu astronomikoan (hilaren 21ean hasi zena) osorik egitea.
Ekialdeko Pinakulua aipatu dugu ere, eta hori da hain zuzen ere hirukotearen beste helburu bat. Soilik behin eskalatu da, eta protagonistak Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrak izan ziren. Erpin hori, estilo arinean, 1986. urteko azaroan igo zuten.
Bestalde, astelehen honetako aurkezpenean alpinista bizkaitarrak azpimarratu nahi izan du espedizioak beste erronka batzuk izango dituela: «Jakina, kirol ikuspuntuak lehentasuna izango du, baina teknologiari, kulturari, ikerketari eta ingurumenari tartea egingo diegu. Duela hogei urte hasi nintzen zortzimilakoak eskalatzen, eta azken urteotan aldaketa oso handiak ikusi ditut. Adibidez, glaziarretan; atzera egiten ari dira. Horrez gain, kutsadura edo zabor asko pilatzen ari da. Horregatik guztiagatik, azken espedizioetan bezala, honetan ere ahalik eta arrasto gutxien uzten saiatuko gara».
«Energia sortzeko, panel fotovoltaikoak eramango ditugu. Eta 70 bonbilla. Espedizioa bukatzerakoan, tresneria hori guztia Manasluren inguruan dauden herrixka batzuetara eraman eta jarriko dugu. Bide batez, Eki Fundazioarekin batera, uraren kalitatea aztertuko dugu, eta horretarako lagin batzuk hartuko ditugu. Eta iaz bezala, plastikozko botilen erabilera erabat murriztuko dugu», argitu du.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
