NAIZ

Txikonek eta bere taldeak Manasluko lehen kanpamentua ekipatzea dute helburu orain

Oinarrizko kanpamentua oso denbora laburrean muntatu eta gero, taldea aurrera pausoak ematen jarraitzeko gogo biziz dago, klimatologia ona aprobetxatuz.

Txikonek eta bere taldeak Manasluko oinarrizko kanpamentuan egindako lana. (Phelipe EIZAGIRRE)
Txikonek eta bere taldeak Manasluko oinarrizko kanpamentuan egindako lana. (Phelipe EIZAGIRRE)

Alex Txikon eta bere taldea Manasluko oinarrizko kanpamentura (itsas mailatik 4.900 metrora) duela bi egun iritsi eta ekipatu ostean, klimatologia erritmoa bizkortzeko egokia dela erabaki dute. Izan ere, ez dago denbora galtzerik. Zaila da garai honetan eguraldi oneko leihoak aurkitzea, eta orain horrelakoak dituzte. Hurrengo pausoa altuerako lehenengo kanpamentua hornitzea izango da. 5.800 metroko altueran jarriko dute, eta, ahal dutenean, bigarren kanpamentuarekin gauza bera egiten saiatuko dira.

Oinarrizko kanpamentuak hiru domo ertain ditu (taldearen parte batek horietan egiten du lo), taldea hainbat gai eztabaidatzeko eta lasaitzeko elkartzen den domo handi bat, biltegi gisa erabiltzen den beste domo handi bat, 10 kanpin-denda txiki indibidual, kideek euren gorputzeko beharrak egiten dituzten bi denda (dena bidoietan batuta geratzen da, ondoren jaisteko. Papera, gainera, beste leku batean gordetzen da), estazio meteorologikoak, etab.

Gainera, bi estazio fotovoltaiko dituzte oinarrizko kanpamentu osoa elektrizitatez hornitzeko. Horrela, gogorarazi behar da ekipo osoak eguzkiak eta eguzki-plakek sortutako energiarekin lan egiten duela, sorgailuak (eta erregaiak) erabiltzea saihestuz, eta ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena sortzen saiatuz.

«Ezin dugu denborarik galdu. Iritsi ginenetik, pausoa azkartzen saiatzen ari gara, zorte handia izaten ari garelako denborarekin. Iritsi eta lanari ekin genion. Egun pare bat behar izan ditugu oinarrizko kanpamentu osoa muntatzeko, eta hori oso denbora gutxi da egin behar izan dugun guztia kontuan hartuta, eta orain pixkanaka altuera irabaziko dugu. 1. kanpamentua lehenbailehen hornitzen saiatuko gara, eta aukera izan bezain laister 2. kanpamentua ekipatzea pentsatuko dugu», azaldu du Txikonek.

Txikonek eta bere taldeak Manasluko gailurra (8.163 metro) erdiestea dute helburu, orain arte neguko espedizio batean sekula lortu ez dena.