NAIZ

Txikon eta bere taldea oinarrizko kanpalekura bidean jarri dira, Manasluko tontorra helburu

Alex Txikon alpinista eta bere taldea oinarrizko kanpalekurantz abiatu dira aste honetan, Katmandun berrogeialdia bete eta bigarren PCR probak egin ostean. Oinarrizko kanpalekura urtarrilaren 10 edo 11n iristea espero dute. Astearte honetan Machakholarako bidea hartu dute.

Alex Txikon eta bere taldea, Machakholara abiatu aurretik. (@AlexTxikon)
Alex Txikon eta bere taldea, Machakholara abiatu aurretik. (@AlexTxikon)

Alex Txikonek Manasluko tontorra du helburu, igoera guztia negu astronomikoan eginik. Gainera, tontorra eta Ekialdeko Pinakulua lortzeko asmoa du espedizioak. Simone Moro eta Mikel Alvarez alpinistekin osatu du taldea lemoarrak eta Katmandun berrogeialdia bete ondoren −2020ko azken egunean joan ziren bertara, PCR probetan negatiboa jasotzean−, oinarrizko kanpalekura bidean dira jada. Tenji Xerpa eta Vinayak Jaya Malla alpinista nepaldarrekin partekatuko du espedizioa

Astearte honetan abiatu ziren oinarrizko kanpalekura, bigarren PCR proben emaitzak jakin ostean. Zenbait plan eduki dituzte esku artean eta azkenean, astearte honetan abiatzea erabaki zuten. Txikonek sare sozialetan adierazi legez, urtarrilaren 10 edo 11n iristea espero dute.

Azken bost egunak eman dituzte Katmandun eta lemoarrak adierazi zuen «oso pozik» zeundela, «hemen gaude eta».

Machakholara bidean jarri dira, Katmandutik 150 kilometrora dagoen herrirantz, alegia. Bertara iristean hasiko da ofizialki Manaslurako igoera. Interneterako sare eskasa dutela abixatu eta aurreko eguneko argazkiak igorri ditu, espedizioaren jarraipena kontatu asmoz.

Elur Equipment babeslea ere espedizioaren kontakizuna egiten ari da.