Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
DAMARIS EGURROLA
EVERTON TALDEKO JOKALARIA

«Evertonek behar nituen konfiantza eta babesa eman dizkit»

Athleticen sei urteko ibilbidea amaitu eta Ingalaterrarako bidea hartu zuen udan, Everton taldearen kamisetarekin egungo emakumezkoen futbolaren «paradisuan» jokatzeko.

Damaris Egurrola, Manchester Cityren aurkako partida batean. (Kirsty WIGGLESWORTH / AFP)
Damaris Egurrola, Manchester Cityren aurkako partida batean. (Kirsty WIGGLESWORTH / AFP)

Edurrak Liverpooleko kaleak nola zuritzen dituen leihotik begiratzen duen bitartean hitz egin du GARArekin Damaris Egurrolak. Ikuspegi bakar horrekin eman beharko ditu oraindik egun pare bat bizkaitarrak, etxekoak bisitatu ondoren derrigorrezko berrogeialdia betetzen ari baita Ingalaterrara bueltan. Ezohiko amaiera urte arraro bat.

Arraroa, gorabeheratsua, gogorra... Ez naiz ausartzen zure urteari adjektibo bakarra ipintzen.

Niretzat ere zaila da. Beharbada hori izango litzateke, zaila, behintzat denbora luze batez. Zorionez, aurrera egin ahal izan dut eta urtea talde handi batean amaituko dut, jokatzen, gustura, txapelketa handi batean disfrutatzen eta ikasten... Baina hona heldu arte asko sufritu dugu.

Oraindik minduta ikusten zaitut.

Oso gogorra izan zelako gertatutakoa. Edozein langilek askatasuna eduki beharko luke zer etorkizun nahi duen erabakitzeko. Kasu honetan, nik Athletic uztea erabaki nuen. Pena handiz, urte asko izan zirelako, baina nik nuen guztia eman nuen urte horietan eta baita Athleticek berak ere. Oso eskertuta nago nirekin egin zuten lanarekin, egun naizenaren parte handi bat bertan lortu nuen. Baina langileok aske gara gure etorkizuna erabakitzeko. Eta erabaki horiekin ados egon zaitezke edo ez, baina gutxienez errespetatu egin behar dituzu. Nik ez nuen sentitu hori; neuk, familiak, lagunek... oso aste gogorrak bizi izan genituen, sekulakoak entzuten, oso gauza mingarriak. Aldi berean, babesa ere sentitu nuen, mezu asko jaso nituen... Horrek indarra eman zidan eta benetan eskertzen dut nire alboan egon zirenek emandako berotasuna.

AFE futbolarien elkarteak eta ACFF kluben elkarteak Konpentsazio Zerrenden inguruan aldaketak adostu berri dituzte. Zuretzat berandu heltzen bada ere, nolabaiteko poza emango dizu.

Batere, dena gezurra delako.

Aho zabalik uzten nauzu.

Bai, ulertzen dut, oso ondo saldu dutelako. Klausula, salbuespen eta puntu mordo bat sartu dituzte, eta, lehengokoa txarra bazen guretzat, oraingoa are txarragoa. Nik ez dut kritikatzen klausula bera. Alde nago, izan ere, ulertzen dut hainbeste urtez prestatu zaituen talde batek konpentsazio bat merezi duela. Baina mugak jarri behar dira, muga logiko eta errealistak, bestela jokalari gazteak guztiz lotuta dauzkazu, kluben menpe. Hori ezin da horrela izan eta horregatik protestatu dugu horrenbeste, eta borrokatu dugu, baita Auzitegi Nazionalera heldu ere. Nahiz eta oso gutxi izan garen eta beteranoen babes argiagoa falta bota dugun askotan. Jokalari ezagun eta garrantzitsuen sostengu publikoa falta izan zaigu.

Eta zergatik uste duzu ez duzuela eduki? Batez ere kontuan hartuta entzun ditugun ahots gehienak, ia guztiak, klausula hori moldaketaren alde agertu direla?

Gehienak AFEn daudelako eta horrek AFEri ematen diolako boterea. Berdin da gu babestea edo arrazoia daukagula esatea gero indarra AFEri ematen badiogu. Hori da gure arazo handiena.

Zure kasuan, Konpentsazio Zerrendak Iberdrola Ligatik kanpo bidali zaituela esan daiteke.

Bai, nire lehen aukera bertan geratzea zen. Pare bat eskaintza on jaso nituen, baina gauzak konplikatzen joan ziren, hilabeteak pasatzen ezer argitu barik... Abuztura iritsi eta ez neukan talderik, denboraldi-aurrea egin barik...

Egoera gogorra zuretzat, ezta?

Oso. Ziurgabetasun hori oso latza egin zitzaidan. Ez da bakarrik jokatu edo entrenatu barik egotea; 20 urte dituzu, Liga desberdinetan denboraldiak hasteko oso gutxi falta da eta ez dakizu aste gutxi batzuetara non egongo zaren ere. Gehi lehen aipatu ditugun gure inguruko komentarioak, epaiketak... Une zailak, bai.

Azkenean Ingalaterrarako bidea hartu zenuen eta, zorionez, urteak dezente hoberantz egin du.

Bai, oso esperientzia ona izaten ari da. Alde batetik, Evertonek dituen baliabideak ezin hobeak dira. Eta batez ere, behar nuena eman didatelako: lehen egunetik gauzak erraztu dizkidate konfiantza osoa eskainiz. Behar nituen konfiantza eta babesa eman dizkidate. Ez da erraza klub berri batera, herrialde berri batera etortzea, are gehiago nik aurreko hilabeteotan bizitakoaren ondoren. Baina oso gustura sentitu naiz lehen egunetik, konfiantza horri esker. Denboraldi-aurrea egin barik heldu eta, hala ere, lehen egunetik bertatik jokatzen ipini ninduten.

Munduko jokalari onenak Ingalaterrara etorri izana ez da kasualitatea, Federazioak eta klubek urteetan egindako lanaren ondorioa baizik. Mila urte aurrerago daude

Kanpotik ikusita, Ingalaterrako Federazioak eta klubek eraiki duten futbola paradisua iruditzen zaigu. Barrutik ere horrela da?

Barrutik ere horrela da. Ezin da konparatu Espainiako Lehen Mailarekin; edozein zentzutan, ezin da konparatu. Mila urte aurrerago daude. Ez da kasualitatea munduko jokalari onenak etorri izana, urteetan egindako lanaren ondorioa baizik. Eta arlo guztietan nabaritzen da. Gure taldean, adibidez, sekulako instalazioak dauzkagu, gizonen taldean dituen berberak, eta gero covidaren inguruko neurriak, bidaien antolakuntza, staff teknikoa, sendagileak, analistak... Hainbeste dira oraindik badaudela ezagutzen ez ditudanak ere! Noski talde batzuk baliabide gehiago dituztela, baina denok betetzen ditugu minimo batzuk eta minimo horiek oso altuak dira. Zelai guztiak, adibidez, belarrezkoak dira; txikiak badira ere, estadioak dira... Eta ikusgaitasunari dagokionez... orain bertan ordu eta erdiko saio bat ikusten ari naiz telebista nazionalean! Partida denak zuzenean ikus daitezke, telebistan edo app baten bidez, baita atzerritik ere... Horkoak, berriz... Pentsa, lau hilabeteotan hiru partida besterik ezin izan ditut ikusi hemendik.

Futbol arlo hutsean desberdintasunak aurkitu dituzu? Fisikoak? Teknikoak? Prestakuntzan?

Aurreiritzi bat edo beste ere ahaztu behar izan dut. Nik uste nuen oso futbola fisikoa zela hemengoa. Eta bada, erritmoa, intentsitatea eta agresibitatea sekulakoak dira, baina teknikoki ere harrituta utzi naute. Guztia batuta, desberdintasun handiena jokatzeko abiadura da: norberan mugimenduak, trantsizioak... Horrek azkar pentsatu eta mugitzera behartzen zaitu, bestela ez duzu zer eginik. Entrenamenduak ere oso gogorrak dira, pentsa, beroketan bakarrik neka zaitezke! Kontroletan, paseetan...erritmo handia sartzen da eta hori gero asteburuetan ikusten da. Gure partiduak grabatuta ikusten ditudanean aho zabalik geratzen naiz, gauzak zer azkar egiten ditugun ikusita, baloia hartu eta pasa artean segundo bat ere ez da pasatzen!

Moldatu zarelakoan nago, dena jokatzen ari zara eta.

Bai, ezin naiz kexatu. Hasieratik izan dut entrenatzailearen eta taldekideen konfiantza. Horrek asko erraztu dit lana eta gauza berri asko ikasteko aukera eman dit. Adibidez, zentral bezala jokatu dut hor bajak izan ditugunean, baina ez dakit hori esperientzia ontzat hartu behar dudan, nahiko gaizki aritu bainintzen [barrezka].

Guztia borobiltzeko zalean bakarrik falta dira, ezta?

Bai, partida bakarra jokatu ahal izan dugu publikoarekin! Eta pena handia da. Wembleyn jokatu genuenean, beldurra ematen zuen hain estadio handia hutsik ikusteak, baina, batez ere, pena eta amorrua. Deseatzen gaude jendea zelaira etorri ahal izatea, batez ere, denontzat oso seinale ona izango delako.