NAIZ

49 langileri eragiten dien EEEa salatu dute Ilunion-Euskaldunako langileek

Ilunion-Euskaldunako langileak 49 langile kaleratuko dituen Enplegu-Erregulazioko Espedientearen aurka mobilizatu dira ONCEk Bilbon duen egoitzan. Enpresa Batzordeak salatu duenez, zentro horretako langileen kolektiboa «azpikontratazio sistema gaiztoak» zapaltzen du.

Ilunion-Euskalduna enpresako langileen mobilizazioa. (LAB).
Ilunion-Euskalduna enpresako langileen mobilizazioa. (LAB).

ONCE taldeko Ilunion-Euskalduna Enplegu Zentro Bereziak Enplegu-Erregulazioko Espediente baten bidez 49 langile kaleratu nahi dituela salatu du Ilunion-Euskaldunako enpresa-batzordeak. Dioenez, ONCE Taldea eta Ilunion «egungo egoera iragankorraz baliatzen ari dira» aniztasun funtzionala duten 49 langile kaleratzeko.

Enpresa batzordeak astelehen honetan ONCEren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean azaldu duenez, Ilunion-Euskalduna elkarteak argudiatzen duen arrazoi nagusia Gurutzetako Ospitaleko uniformeen garbiketa kudeatzeko kontratua galtzea da.

«Hark urgentziazko esleipena egin dio aldi baterako beste enpresa bati, berriro lizitatu arte. Kontratua 2014an hasi zen eta Ilunioni esleitu zitzaion, baina ez zituen zerbitzuaren beraren kostuak estaltzen. Aipatu behar da dibertsitate funtzionala duten langileen lan baldintzak Lanbidek (Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 50 ordaintzen du) eta Gizarte Segurantzak (Gizarte Segurantzari dagozkion kostuak bere gain hartzen ditu) diruz laguntzen dituztela. Gainera, 10 urte baino gehiago daramatza berritu gabe», zehaztu du LABek, ELAk eta CCOOk osatutako enpresa batzordeak.

Enpresa batzordeak, beste behin ere, salatu du zerbitzu hori ematen duen kolektiboa «azpikontratazio sistema gaiztoak zapaltzen duela, enkante publiko batean bihurtuta dagoena». Dioenez, enkante horretan, prezio baxuena «sustatzen eta saritzen» da, eta Ilunion–Euskalduna eta Osakidetza «honetaz baliatzen dira».

Alde batetik, zerbitzu bat enplegu zentro berezi baten bidez azpikontratatzeak kostuak aurrezten dizkio Osakidetzari, eta enplegu zentro berezi bat are azpikontrata merkeagoa bihurtzen du», azaldu du batzordeak.

Astelehen honetako mobilizazioa ostiralera arte egingo den lehena izan da, eta urtarrilaren 11ra arteko greba deialdiarekin bat egin dute, dibertsitate funtzionala duten 49 langile kaleratuko dituen lan-erregulazioko espedientea bertan behera uztea eskatzeko.

Asteartean, urtarrilaren 5ean, elkarretaratzea egingo dute Gurutzetako Ospitalean, 10.00etatik 10.30era; ostegunean, hilak 7, elkarretaratzea Hotel Union Bilboko hotelean izango da, goizeko 08.30etik 09.30era; eta ostiralean, hilak 8, Gurutzetako Ospitalean bilduko dira, 18.00etan.