Saudi Arabiak egunean milioi bat petrolio upel gutxiago ekoitziko du otsailean eta martxoan

Otsailean eta martxoan, egunean milioi bat petrolio upel gutxiago ponpatuko du Saudi Arabiak, eguneko ekoizpena 8,25 milioi upeletan utzita. Hala iragarri dute LPEEren eta bere aliatuen bileraren amaieran.

Petrolio biltegiak, Saudi Arabiako Ras Al-Jair portuan.  (Giuseppe CACACE/AFP)
Petrolio biltegiak, Saudi Arabiako Ras Al-Jair portuan.  (Giuseppe CACACE/AFP)

Lurralde Petrolio Eportatzaileen Erakundeak (OPEC, ingelesez) eta herrialde aliatuek, tartean Errusiak, bi egunez negoziatu ondoren, ezustean harrapatu dituzte merkatuak, konpromiso bitxia iragarri baitute: Errusiak eta Kazakhstanek petrolio ekoizpena handitu ahal izango dute eta, Saudi Arabiak, aldiz, berea murriztu egingo du.

«Saudi Arabiak, bere borondatez, eten bat egingo du otsailean eta martxoan, eguneko milioi bat upelekoa». Hala adierazi du, bilkuraren amaieran, Abdulaziz bin Salman Energia ministroak. Datozen bi hilabeteetan, beraz, herrialdeak egunean 8,25 milioi upel inguru ponpatuko ditu.

Pixka bat lehenago, Kazakhstango Energia Ministerioak eman du ekoizpena murrizteko erabakiaren berri. Errusiak eta Kazakhstan salbuespenak izango dira, «baldintza bereziak» izango baitituzte.

Herrialde horiek, hurrenez hurren, 10.000 eta 65.000 upel gehiago ponpatuko dituzte egunero.

Iragan maiatzetik, LPEE osatzen duten herrialdeek eta haien aliatuek nabarmen murriztuta daukate petrolio ekoizpena. Hiru kide (Venezuela, Iran eta Libia) ekoizpena jaisteko konpromisotik salbuetsita daude, bizi dituzten egoera bereziak direla eta (krisi ekonomikoa, zigorrak edota gatazka armatua).

Gaur iragarritako akordioari esker, murrizketa eguneko 7,125 milioi upelekoa izango da, eta ekoizpena maila 36,728ra igoko da otsailean, eta 36,803ra martxoan.

Zifra horiek ez dute, baina, ez dute barne hartzen Riaden «borondatezko» murrizketa.

«Industria honen zaindariak»

«Industria honen zaindariak gara», adierazi du Bin Salmanek bere herrialdeak emandako ezusteko pausoa azaltzen saiatu denean, «urre beltza» deitutakoa garestitzen lagundu baitu.

Saudi Arabia, munduko petrolio esportatzaile handiena, eta horregatik LPEEko buru eztabaidaezina, abendutik ari zen eskatzen une honetan txorrotak ez irekitzeko. Ildo horretan, Wahabiako Erresumako ordezkariak «arreta» eskatu zuen astelehenean, bilera irekitzeko hitzaldian, covid-19a eragiten duen birusaren mutazio berriak agertzeak «aurreikusi ezinezko» egoera dakarrela ohartaraziz.

Konferentziaren amaierako adierazpenean, ministroek kezka horien berri eman dute, «infekzioen gorakadak, itxiera neurri zorrotzagoen itzulerak eta ziurgabetasun gero eta handiagoak susperraldi ekonomiko ahulagoa ekarri dutelako». «Petroprezioen» eta burtsen erantzun baikorraren aurrean, «zuhurtziaz jokatu beharra» azpimarratu dute, «eskari ahulagatik eta fintzeko tarte urriengatik, gehiegizko inbentarioengatik beste zalantza batzuengatik».

Errusia, baikor, merkatu gehiagoren bila

Saudiarabiarrek upelaren prezioa defendatu nahi dutela ematen badu, badirudi Errusiak ekoizpena eta merkatuko partaidetza berreskuratu nahi duela, Ameriketako Estatu Batuetako eskisto-petrolioak suposatzen duen lehiaren aurrean.

Alexandr Novak Errusiako lehen ministrordea baikor agertu da bere herrialdeak petrolio merkatua 2021ean coronavirusaren krisitik «erabat suspertuko» dela uste duelako.

Errusiaren ekoizpen-kuota otsailean eguneko 9,184 milioira eta martxoan 9,249 milioira igoko dela adierazi du, Saudi Arabiak bi hilabete horietan berea 1 mbd-ra murriztuko duelako, eta hori «petrolio merkatuarentzako oparitzat» jo du.

Hala ere, hainbat iturriren arabera, Errusiak eta Kazakhstanek hartutako engaiamendua zaila izan da (astelehenean irekitako bideokonferentzia bertan behera geratu zen, adostasun faltagatik, eta astearte honetan berriro ekin diote negoziatzeari), eta handituko diren bolumenak herrialde horietako barne merkatuetara soilik bideratzeko konpromisoarekin soilik lortu da akordioa, euren eskaria neguko hilabeteetan handitzen baita.

Prezioak gorantz

Bileraren emaitzaren berri izan ostean, Brent petrolio upela 53,57 dolarreraino igo da, astelehenean baino %4,85 gehiago, eta Texaseko (WTI) bitarteko petrolioa 50 dolarretik gorakoa izan da otsailetik lehen aldiz, %5 baino gehiago igota.

OPEC+ delakoak otsailaren 4an bilera berria egingo du bideokonferentziaz, egoera berriz aztertu eta eskaintzak egokitzeko.