NAIZ

Mitxel Unzueta hil da, Gernikako Estatutuaren sortzaileetako bat

Mitxel Unzueta senatari eta legebiltzarkide jeltzalea eta Gernikako Estatutuaren sortzaileetako bat hil da ostegunean, 88 urte zituela. EAJk doluminak agertu dizkie haren senide eta lagunei.

Mitxel Unzueta. (EAJ)
Mitxel Unzueta. (EAJ)

Mitxel Unzueta senatari eta legebiltzarkide jeltzalea eta Gernikako Estatutuaren sortzaileetako bat hil da, 88 urte zituela. EAJk jakinarazi du prentsara igorritako ohar batean, «Trantsizio garaiko euskal politikagintzako eragile nagusienetakoa izan zenaren senide eta lagunei» doluminak ematearekin batera.

Unzueta Bizkaiko senatari aukeratu zuten Francoren heriotzaren ondoren egin ziren lehen hauteskundeetan, eta berraukeratua izan zen 1979ko hauteskundeetan. Orduko legealdian Senatuko Batzorde Konstituzionaleko bozeramaile izan zen. Halaber, Gernikako Estatutuaren testua idatzi zuten Biltzarreko presidentea izan zen, 1979ko urriaren 25ean onetsia. Senatuko etapa amaitutakoan, legebiltzarkidea izan zen 1980 eta 1984 urteen bitartean.

«Eskubide Historikoen defendatzaile sutsua zelarik, Unzueta forutasunaren eta Espainiako Konstituzioaren Xedapen Gehigarriaren aktibista izan zen. Gizon pragmatikoa, printzipioen erradikaltasunean oinarrituta, eta aldi berean zuzenbidearen, jurisprudentziaren eta arrazoi historikoaren aldekoa», agertu du EAJk.

Halaber, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du Unzueta «pertsonarik funtsezkoenetakoa» izan zela «euskal politikagintzak bizi izan duen unerik esanguratsuenetako batean, Trantsizioaren zirrikituetan aritu zelako Konstituzioaren aurrean euskal herritarren aldarrikapenak defendatuz eta Gernikako Estatutua sortuz».

«EAJren baitan, jarrera diskretu eta zuhurrarekin, Unzuetak lan esanguratsua egin zuen burukide gisa. Gizaseme arteza, legegile bikaina eta goitik beherako abertzalea. Pertsona zintzoa izan zen, bakezalea, ezberdinen arteko elkarrizketaren aldekoa eta tolerantea», agertu du Ortuzarrek.