Planeta bat, osasun bat

 

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? (VII)

(Iker MORENO)
(Iker MORENO)

Epidemia guztietan errepikatzen da ustezko dilema: osasuna edo ekonomia. Batzuen ustez, ekonomiarik gabe ez dago osasunik; beste batzuen ustez, alderantziz. Pandemiek bigarrenei eman ohi diete arrazoia

New York kolerak jota zegoen 1832ko udan, baina ofizialki ez zen ezer gertatzen. Udalak ez zuen arazoa onartzen, eta ospitaleetako ebidentziaren kontra, normaltasunari eusten zion nola edo hala. Harik eta hiriko mediku ezagunez osatutako talde handi batek eskutitz bat argitaratu zuen arte, alerta publikoa deklara zezaten eskatzeko. Hirian ziztu bizian hedatu zen testua; bertan, medikuek gogor kritikatzen zuten agintarien egoskorkeria, eta akusazio oso zehatz bat egiten zuten: «Dolarrak eta zentaboak, komunitatearen bizitzaren gainetik» lehenestea.

Epidemia bakoitzean entzuten den musika ezaguna da: osasuna ala ekonomia. Horrela planteatuta inork gutxik erantzunen du «ekonomia», baina dilema baztertzeko formulan bada desberdintasunik: Batzuek esaten dute osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik, eta besteek, ekonomiarik gabe ez dagoela osasunik. Ez da gauza bera, eta, orokorrean, pandemiek lehenengoei eman ohi diete arrazoia.

Emil Verner MIT Massachusetts Institute of Technology entzutetsuko ikertzailea da. Koronabirusa ate joka zetorrela ikusi, eta 1918ko aurrekariei begira jarri zen 2020 hasieran, AEBetako Erreserba Federaleko bi ikertzailerekin batera; Sergio Correia eta Stephan Luck. Abiapuntu gisa galdera bat egin zuten: «Hilkortasuna txikitzeko ezarritako Interbentzio Ez Farmazeutikoek (IEF, berrogeialdiak eta konfinamenduak, besteak beste) ondorio ekonomiko txarrak izan al zituzten?». Martxorako prest zeukaten lana, ondorio garbi batekin: «Disrupzio ekonomikoak oso antzekoak izan ziren IEF zorrotzak ezarri zituzten hirietan, eta arinak izan zituztenetan. Izatekotan, epe ertainean, IEF zorrotzak emaitza ekonomiko hobeekin lotzen dira».

Jakin, beraz, bagenekien. Duela mende bat gertatu zen horrela, baita gaur egun ere. Michael Smithson Australiako Unibertsitate Nazionaleko ikertzaileak OCDEeko 45 estaturen azken hilabeteetako datuak konparatu ditu, aldagai modura pandemiaren aurrean hartutako neurrien zorroztasuna kontuan hartuz. «Ohiko adierazle ekonomikoek erakusten dute, oro har, birusa geldiarazi duten herriek kolpe ekonomiko arinagoa jaso dutela», ondorioztatu du Smithsonek.

Berandu eta eskas

Funtsean, agintariek muturreko bi aukera dituzte pandemia baten aurrean: dena itxi eta patogenoa gelditzen saiatu –“Zero kutsatze” estrategia–, edo dena irekita mantendu patogenoa desagertu arte –taldeko immunitatearen estrategia–. Gero, errealitatean, estatu gehienak bi mutur horien arteko punturen batean kokatzen dira. Honek, ordea, arazo bat dauka SARS-CoV-2aren kasuan: ez dago taldeko immunitatea lortzerik osasun sistema kolapsatu gabe, eta ondorioz hilkortasunak izugarri gora egin gabe. Bestela esanda: zenbat eta urrunago egon “zero kutsatze” estrategia batetik, gero eta inpaktu gogorragoa izango du pandemiak –eta ondorioz, gogoratu, baita ekonomiak ere–.

Estrategia horretan fin ibili dira, besteak beste, Txina, Hego Korea edo Zeelanda Berria. Kontrako norabidean ibili gara, ordea, Europan. Baita Euskal Herrian ere, modu ikusgarrian gainera. Zenbakiak argiak dira: OMEren datuen arabera, urte amaieran, soilik Belgikak eta San Marinok zituzten Hego Euskal Herriak baino hildako gehiago milioi bat biztanle bakoitzeko. 1.396 izan dira hemen; 1.600etik gora, beste bi herri horietan.

Posible al da “zero kutsatze estrategia” Euskal Herrian? Egia da Europan ez direla betetzen aipaturiko herrietako baldintza batzuk. Adibidez, ez ditugu onartzen Txinan eta Hego Korean herritarrak kontrolatzeko indarrean dauden sistema zorrotzak. Koronabirusaren hedapena kontrolatzeko sakelakoetarako aplikazioen porrotak debate bat eskatzen du. Beste baldintza batzuk objektiboak dira: ez gara uharte bat, Zeelanda Berria geografikoki, edo Hego Korea praktikan diren bezala. Hala eta guztiz ere, pandemiak utzitako datuek aski izan behar lukete azkarrago eta zorrotzago joka zitekeela ondorioztatzeko. Madrilen eta Parisen berandu ibili dira, eta Euskal Herrian, beranduago.

Ospitaleetatik harago

Nola da posible Europak hain gaizki jokatu izana? Eta AEBek? Dena ez delako gaitasun materialen araberakoa, ezta gutxiago ere. Adibide bat: 1994an, Ugandako acholi herriak ebola agerraldi bat sufritu zuen. Euren sinesmenetan, horrelako gaitzak “gemo” izeneko deabruek sortzen dituzte, eta ebolarena ez zen lehenengo gemoa. Acholiek ez zekiten zer zen birus bat; are gutxiago, ebola, baina euren memoria kolektiboak erakusten zien horrelako gemoak nola kudeatu: berrogeialdiak egin zituzten basoko etxe isolatuetan, gaitza gainditu zutenak arduratu ziren gaixoen zaintzaz, herrixken arteko komunikazioak eten ziren, eta abar. Edozein epidemiologok gomendatuko lituzkeen neurri berberekin, acholiek nahiko ongi gainditu zuten ebola agerraldia. Barry Hewlet mediku antropologoak herri honek ebolari emandako erantzuna ikertu du, eta acholien memoria bizian topatu ditu beste gemo ezagun batzuk: baztanga eta elgorria, adibidez.

Ez gara hona etorri antzinako sinesmen oro idealizatzera, ezta medikuntza modernoarekin talkan jartzera ere. Badaezpada, gogoratuko dugu zortzi urte geroago, Gabonen, beste ebola agerraldi batean, komunitate bateko sendalariak agerraldia sorginkeria zela azaldu zuela, eta aztikeria maisu bati egotzi ziola, komunitatearen herra piztuz. Maisuaren etxeak erreta bukatu zuen, eta hark ozta-ozta salbatu zuen bizitza, Poliziaren esku-hartzeari esker. Acholien istorioak, ordea, materialak ez diren gaitasun eta bertute batzuen berri ematen digu.

2019an inork ez zekien SARS-CoV-2a existitzen zenik, baina John Hopkins Center, Nuclear Threat Initiative eta The Economist Intelligence Unit erakundeek garbi zuten zein zen munduko osasun arrisku handienetako bat: «Mundu mailako pandemia edo epidemia bihur daitezkeen gaitz infekziosoak». Munduaren prestaketa maila ezagutzeko, Global Health Security Index delakoa jarri zuten martxan, pandemia bati erantzuteko ondoen prestatuta zeuden estatuen rankinga eta guzti. Sailkapenak ez du lehen proba gainditu: lehenengo postuan AEBak zeuden, bigarrenean Erresuma Batua, eta hirugarrenean, Herbehereak. Bakar batek ere ez du nota onarekin gainditu koronabirusaren testa.

Nola da posible? Acholiek bezala, hilabete hauek ere erakutsi dute pandemia bat geldiarazteko ez dela nahikoa osasun sistema sendoa izatea; are gehiago, agian ospitaleak ez dira garrantzitsuena. Arduradun politikoen erantzunaren abiadak eta norabideak askoz gehiago markatzen du pandemiaren garapena. Lubakia ospitaleetara iristen denerako, berandu da jada. Horrek azaltzen du, neurri handi batean, zergatik Grezian pandemiak ez duen Euskal Herrian bezain gogor jo, edo Kuba eta Uruguai zergatik moldatu diren Frantzia eta Espainia baino askoz hobeto.

Oreka bat apurtuta, borroka

Jarrai diezaiogun hariari, pandemiak erakutsi baitigu osasun sistema bat osasun-etxe eta ospitaleetatik harago doan zerbait dela; hasteko, komunitate baten osasunarekin duela zerikusi handiagoa, norbanakoen osasunarekin baino. Gaitz infekziosoen kasuan, behintzat, irakaspena garbia da: ez dago irtenbide indibidualik. Gaitzak talde batean zirkulatzen duen bitartean, denok gara zaurgarriak. Aurreko atal batean ikusi genituen desoreka sozialak, beraz, gasolina dira edozein pandemiatan, eta osasunaren izenean –eta giza eskubideenean–, horiei soluzioa jartzeak lehentasuna izan behar luke.

Baina ez hori bakarrik. Gizakion osasuna gure inguruko animalia eta ekosistemen osasunetik banaezina dela ere ikasi dugu hilabete hauetan. Koronabirusa zoonosi bat den neurrian, pandemiak One Health deitutako estrategiak indartu ditu, edo gutxienez, ezagutzera eman ditu. Hiperespezializazioak ezagutza sakabanatu du neurri handi batean. Mediku bakoitza bere alorrean dabil buru-belarri; albaitariak eurenean; eta biologoak hamaika adar ditu aukeratzeko. Horien arteko elkarlana bilatzen du One Health korronteak, hala nola, agintariek osasun globala helburu duten politikak ezartzea.

Erronka ez da, besterik gabe, dena konektatua dagoela esatea; oreka ekologiko desberdinak ulertzen saiatzea baizik. Ez da gauza erraza, sistema ekologikoek milaka urteko borrokaren osteko oreka-egoera islatzen baitute askotan. Zerbaitek oreka hori apurtzen duenean –gizakiaren eskuak, gehienetan–, borroka hasten da berriz. Desoreka.

AEBetan, adibidez, urteak behar izan dituzte konturatzeko akain edo kaparrak ez direla pieza esanguratsua Lyme gaitzaren transmisioaren gorakadan, hala uste izan arren. Dagoeneko oso hedatua dagoen gaitz horrek zerikusi handiagoa du, adibidez, lurralde bat baso-puska txikietan zatituta egotearekin. Baso sail handietan, aniztasuna askoz handiagoa da, eta hanka zuriko saguak, besteak beste, ezin dira nahi adina ugaldu. Karraskari horrek ematen dio babesa, beste inork baino hobeto, Lyme gaitza sortzen duen bakterioa gordetzen duen akainari, gehienbat bere lehenengo fasean. Baso sail txikietan, ordea, erraz egokitzen diren sagu hauek ez dute euren populazioa mugatuko duen lehiakiderik, ezta harrapakaririk ere. Urteak behar izan dira sistema ekologiko hau deskodetzeko.

One Health ikuspuntua ezinbestekoa izan da, era berean, koronabirusa bisoietan antzemateko. Danimarkan 17 milioi bisoi akabatu behar izan dituzte, abeltegiak koronabirusaren gordailu eta mutaziorako laborategi bihurtu zirela frogatu eta gero. Baina bisoi kutsatu bat lehen aldiz Herbehereetan topatu zen. Ez da kasualitatea, Q sukarraren agerraldien ondorio baizik. Coxiella burnetii bakterioak sortzen duen gaitz hark gogor jo zuen mende hasieran, ahuntz abeltegietatik gizakiengana igaro ostean. Herbehereetan halabeharrez ikasi dute abeltegiak ongi behatu behar dituztela giza osasuna bermatzeko. Abeltegien eredu intentsiboa gakoa izan zen Q sukarraren hedapenean –animalia asko eremu txiki batean, higiene baldintza eskasekin, baina hori baino lehenago, Europar Batasunaren laborantza politika iritsi zen. 80ko hamarkadan esneari kuotak jarri, eta Herbehereetako ekoizle askok behiak ahuntzengatik aldatu zituzten. 1983an 7.000 ahuntz inguru zeuden herrialde txiki horretan; 2009. urtean 374.000 ziren. Posible al zen laborantza-politika batek Q gaitza Herbehereetara eraman zezakeela aurreikustea? Etorkizunean, One Health ikuspegia aplikatuta, izan beharko luke.

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? ZORTZI KAPITULUAK:

(I) Urtezaharra, existitzeari utzi dion toki batean

(II) Jauzi egiteko tranpolin bat

(III) Beldur al da armiarma adarbakarraren adarrarekin?

(IV) Abrakadabra, ideia berri bat

(V) Desberdintasun handiagoak mundu txikiago batean

(VI) Hogei umezurtz portuz portu

(VII) Planeta bat, osasun bat

(VIII) Gu, Erebuseko marinelak