Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Hogei umezurtz portuz portu

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? (VI)

(Iker MORENO)
(Iker MORENO)

Behiak jezten zituzten emakumeek baztanga ez harrapatzearen arrazoien bila, Edward Jennerrek lehenengo txertoa sortu zuen 1798an. Asmakizunak gure bizitza aldatu du, baina gaitz berrien kasuan, txertoan oinarritutako estrategia bat beti izanen da estrategia erreaktibo bat.

Ez dakizkigu haien izenak, baina baztangaren kontrako lehen txertoa mundura zabaldu zuten. Coruñako 22 umezurtz izengaberi buruz ari gara. Espainiako erregeak barku batean sartu zituen 1803. urtean, munduari buelta eman ziezaioten, Kanarietatik hasi, Ameriketatik jarraitu eta Filipinetara iritsi arte. Itsasoratu aurretik, umezurtzetako bati baztangaren kontrako lehenengo txerto errudimentarioa jarri zioten; Edward Jenner-ek bost urte lehenago aurkeztu zuen txertoa, hain zuzen ere.

Jennerren eta baztangaren txertoaren historiak intuizioa, metodoa eta etika-maila apur bat baxua uztartzen ditu. Landa eremuko mediku hark ikertzaile arima zeukan, eta aspaldi aditua zuen herrietan aipatzen zen zerbait: behiak jezten zituzten emakumeek ez zutela baztangarik harrapatzen. Orduko baztangari buruz ari gara, 3.000 urte luzeetan edozein patogenok baino biktima gehiago eragin zituen gaitzari buruz. 1980an, OMEren kanpaina luze baina arrakastatsu baten ostean, mundutik erabat desagerrarazi zuten lehenengo gaitza izan zen baztanga; baina horra iritsi arte, milioika pertsona geratu ziren bidean.

Jennerrek jakin bazekien behiek abereen baztanga sufritzen zutela, gizakion baztangaren ahaide ez hain larri bat; eta intuizioak gidatuta, bere buruari galdera egin zion: eta abereen baztanga bada emakume jezleak immunizatzen dituena? Galdetu eta frogatu. Sarah Nelmes jezlearen eskutik zornea atera eta mutil gazte baten besoan inokulatu zuen. Pustula arin batzuk atera zitzaizkion mutikoari eta bizitza normala egiten jarraitu zuen, sintomarik gabe. Sei hilabete igarota, Jennerrek gizakien baztangaren eraginpean jarri zuen mutikoa, baina hark ez zuen gaitza harrapatu. Immunizatuta zegoen, abereen baztangari esker.

Jennerrek 1798an argitaratu zuen, arrakasta handiarekin, medikuntzaren historia –eta gure bizitza– aldatuko zuen aurkikuntza. Hurrengo hiru urteetan 100.000 pertsonak baino gehiagok jaso zuten txertoa Ingalaterran soilik. Jennerrek «vaccination» izena jarri zion bere metodoari, abereen baztangaren latinezko izena aintzat hartuta: Variolae vaccinae. Pasteurrek beranduago Jennerren omenez proposatuta, hortik dator txertoek hainbat hizkuntzatan egun jasotzen duten izena. Metodo berari jarraituz, beste birus askoren kontrako txertoak garatzen hasi ziren hurrengo hamarkadetan.

Egiari zor, azaldu beharra dago lehenengo prototxertoa Txinan erabiltzen hasi zirela ia hiru mila urte lehenago. Metodoa ez zen oso desberdina, baina bai arriskutsuagoa, bariolizazioa deitu izan dena gizakion baztangarekin egiten baitzen. Alegia, baztangak jotako gaixo baten pustula hartu eta osasuntsu zegoen beste pertsona bati zauritxo batean sartzen zitzaion. Normalean, gaixotasunaren bertsio arin bat igaro ostean, pertsona hori immunizatuta geratzen zen. Baina ez beti.

Segurtasun maila askoz handiagoa zeukan, jakina, Jennerren erremedioak, baina txerto “moderno” hark ere bazituen zenbait arazo. Iraunkortasun laburra zen horietako bat. Txertoa jasotzen zuen baten pustula berehala aprobetxatu behar zen beste norbait immunizatzeko; bestela katea eten egiten zen. Mundura zabaltzeko zailtasuna zen beste arazo bat; izan ere, abereen baztanga Europan bakarrik zegoen. Nola eraman baztangaren kontrako sendagaia munduaren beste muturrera? Baztanga bera eramatea oso erraza zen. XVI. mendean espainiarrek Erdialdeko Amerikako biztanleen %90 akabatu zituzten, kontinentean ordura arte ezezaguna zen gaitzarekin –hori arma biologikoa hori!–, baina orain sendagaia existitzen zela, ez zirudien hain erraza zabaltzea.

Kontakizunaren pasarte honetan sartzen dira Coruñako 22 umezurtzak. Esan dugu jada bati txertoa jarri ziotela portutik atera aurretik. Ume hark zortzigarren egunean garatu zituen pustula sendagarriak, eta horiekin hurrengo umezurtza immunizatu zuten, itsaso zabalean dagoeneko. Haren pustulekin, beste zortzi egun igarota, beste haur bat. Eta horrela, erremedioa ume batetik bestera pasatuz, baztangaren txertoa munduan zehar hedatzen hasi zen.

Txertoak, bi mende geroago

Gaur egun ez da umezurtzik behar txertoak banatzeko. Erremedioak munduari bira ordu gutxian eman diezaioke, nahi izanez gero, jada deskribatu dugun mundu interkonektatu eta azkartu honetan. Teknika ere garatu da, jakina: ez dugu jada ondokoaren pustula behar gu immunizatzeko. Koronabirusaren kontrako txertoen kasuan, ez hori bakarrik, jada ez dugu birusaren bertsio hil edo arindu bat behar immunitatea eskuratzeko, orain arteko txerto gehienetan bezala.

Koronabirusaren kontrako txertoak inoiz baino azkarrago sortu dira, baina garapen horren abiadura ez da berritasun bakarra izan: mRNA teknikarekin garatu diren lehenengoak ere badira. RNA mezulariaren bidez, txerto honek jarraibideak ematen dizkie zelulei –birusik sartu behar izan gabe–, birusaren proteina bat garatu dezaten; horrela immunitate-sistemaren erantzuna eragin eta antigorputzak sortzen dira. Zientifikoki azaldu ezingo bagenu, miraria dela sinetsiko genuke.

Txertoaren garapenak, ordea, zenbait miseria azaleratu ditu. Adierazgarriena: sendagaia ez dela 2021. urtean zehar Afrikako herri askotara iritsiko; eta 2022an ere, nekez. Badaude gehiago: nola da posible koronabirusaren kontrako txertoa hain azkar garatzea, baina beste gaitz askorentzat sendabiderik ez existitzea? Egia da birus batzuen kontrako txertoa garatzen oso zaila dela, baina askotan muga ez dago zientzian, diru iturrietan baizik: txerto bat garatzea oso garestia da, eta etekinak txikiak izanen direla aurreikusten badute, farmazeutikek ez dute apustu hori egiten. Izan ere, txertoa, bere horretan, negozio egonkorraren naturaren kontra doa: negozio iturri ere baden gaitzarekin bukatzea du helburu. Askoz negozio borobilagoa dira bizitza osorako tratamenduak, adibidez.

Joan den urte honetan, neurri handi batean farmazeutika pribatuetan oinarritutako osasun sistema globalaren mugak eta miseria zenbait agertu zaizkigu, zeharka bada ere. Beharrezkoak dira gaur egun haiek dituzten teknika eta baliabideak, jakina, baina askoz gehiago egin daiteke baliabide eta ahalmen horiek guztion interesetan jar daitezen. Ez da erraza izanen, ekimen pribatuaren defendatzaile sutsuek euren argudioak indartuta ikusten dituztelako koronabirusaren kontrako txertoaren arrakastarekin. Baina txertoak bi apunte utzi ditu beraientzat. Lehena: txerto asko –Modernarena, adibidez, ia bere osotasunean– diru publikoarekin garatzen ari dira. Bigarrena: mRNA teknika berria, beste teknologia berri asko bezala, ez zen garatu laborategi pribatu batean, funts publikoekin finantzatutako laborategi unibertsitario batean baizik, oinarrizko zientzian diharduena. Hortik egin zuen salto esparru pribatura, hainbestetan gertatu izan den bezala. Hona aurtengo beste lezio bat: zientzia aplikatua ezinbestekoa da, jakina, baina zerbait aplikatzeko ezagutu egin behar da aurrena, eta hori oinarrizko zientziak egiten du, gehienetan sos publikoekin.

Txertoak ez dira denbora makinak

Edonola, bere bertute guztiekin, txertoek muga nabarmena daukate patogeno infekzioso ezezagun batek mundua hankaz gora jartzen duenean. Inoiz ez dira gauzak orain bezain azkar egin, eta, hala ere, urtebete behar izan da txertoa garatzeko. Areago, oraindik hilabete dezente beharko dira, dena ongi badoa, txerto hori ekoitzi, banatu eta jartzeko. Oso albiste onak dira, jakina, baina txikizioa egina dago. Gure artean zabaltzen den birusa berria denean, txertoan oinarritutako estrategia bat beti izanen da patogenoaren atzetik ibiltzea. Kasu honetan, txertoak ez du balio prebenitzeko.

Baina posible al da horrelako birus emergente bati aurrea hartzea? Erabat agian ez, baina aurten ikusitakoak ikusita, ez zen zaila hobetoxeago prestatzea. Horrek, ordea, zientzialariek azken urteetan emandako ohartarazpenei aditzea eskatzen zuen, eta ez dirudi hori gertatu denik. Joxerra Aihartza zoologoak esana da, orrialdeotan, tranpa egitea dela salbazioa zientziari eskatu baina zientziari entzun nahi ez izatea.

Abisuak, izan ere, ez dira gutxi izan azken bi hamarkadatan. 1999koa da lehenetarikoa. “Science” aldizkarian argitaratu zen izenburu adierazgarri batekin: “Gaixotasun infekzioso emergenteak: Osasun Publikoaren erronkak XXI. menderako”. Askoz gehiago iritsi ziren gero. Aldizkari bat ere bada, AEBetan: “Emerging Infectious Diseases”. 2003an SARSak abisu galanta eman zuen. Batzuek behintzat ikasi zuten lezioa: Asian egungo pandemiari emandako erantzun irmoak krisi hartan ikasitakoetan dauka oinarria.

Urte batzuk geroago, 2008ko otsailaren 21ean, Kate E. Jonesek eta beste zientzialari batzuek erreferentziazko artikulu bat argitaratu zuten “Nature” aldizkarian: “Gaixotasun infekzioso emergenteen joera globalak”. Elementu sozioekonomiko eta ekologikoak aintzat hartuz, arrisku guneak identifikatu eta bigilantzia zorrozteko eskatzen zuten, patogeno berria agertutakoan erantzun azkarra eman ahal izateko.

Artikulu zientifikoak aski ez balira, 2018an OMEk beste eritasun bat gehitu zuen ohiko patogeno arriskutsuenen zerrendara: X gaitza. Zein zen? Inork ez zekien, baina iritsiko zela nahiko garbi zuten, bai zientzialariek bai OMEk. Abisatuta geunden, beraz. Gu eta, batez ere, osasun publikoaren arduradun politikoak; azken hamarkada luzean oinarrizko ikerketa zein osasun sistema, murrizketaz murrizketa, minimoen azpitik mantendu dituzten horiexek berak. Zer atera zitekeen gaizki?

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? ZORTZI KAPITULUAK:

(I) Urtezaharra, existitzeari utzi dion toki batean

(II) Jauzi egiteko tranpolin bat

(III) Beldur al da armiarma adarbakarraren adarrarekin?

(IV) Abrakadabra, ideia berri bat

(V) Desberdintasun handiagoak mundu txikiago batean

(VI) Hogei umezurtz portuz portu

(VII) Planeta bat, osasun bat

(VIII) Gu, Erebuseko marinelak