NAIZ
Donostia

Euskal emakume zinemagileak bultzatzeko Noka Mentoring programa abian da

Hirugarren urtez, eta Tabakalera eta Lakuaren bultzadaz, abian da euskal emakume zinemagileen lanak sustatzeko Noka Mentoring programa. Sortzen ari diren lan luzeak tutorizatzea eta profesionalen bidez laguntzea da helburua. Proiektuak aurkezteko epea otsailean 19an itxiko da.

Noka  Mentoring programaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Tabakaleran, astearte honetan. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Noka Mentoring programaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Tabakaleran, astearte honetan. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Euskal emakume zinemagileei zuzendutako Noka Mentoring ekimena astearte honetan jarri da martxan hirugarren urtez, zinemaren sektorean emakume sortzaileek duten presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea helburu. Lakuak eta Tabakalerak bultzatuta, edizio honetan Donostiako zentroak bere gain hartu du proiektuaren antolaketa, eta zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko garapen-programetan zein Zinemaldiarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera parte hartzen duen sare instituzional eta profesionalean integratu du.

Ekimenaren xehetasunen berri eman dute antolatzaileek eta, aditzera eman dutenez, Noka Mentoring Hego Euskal Herrian jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak dituzten zuzendari berriei zuzentzen zaie, hots, lehen edo bigarren filma behar dute izan eskuartean.

Proiektuak jasotzeko epea urtarrilaren 12 honetatik aurrera otsailaren 19ra arte egongo da zabalik eta martxoaren 12an jakinaraziko dira programan parte hartzeko aukeratutako hiru proiektuak. Hautaketa batzordea honako hauek osatuko dute: Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiaren ordezkari gisa; Carlos Muguiro EQZEko zuzendaria eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea, zentroaren ordezkari gisa.

Noka Mentoringek denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen die parte hartzen duten zuzendariei euren filmen lehen fasean; zuzendaritzari buruzko dosier bat egiteko eta parte-hartzaileek zinemagintzaren arloko beste laguntza batzuk eskuratu ahal izan ditzaten, bai Lakuarenak, ICAAkoak (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua), eta baita nazioarteko zinema-industriako foro profesionalenak ere.

Nazioarteko tutoretzak

Iaz Irati Gorostidi ‘Anekumen’, Marina Palacio ‘Y así seguirán las cosas’ eta  Sara Fantova ‘Jone, a veces’, aukeratutako hiru hautagaiekin egin zuten bezala, bigarren aldiz  Elena López Riera, Mar Coll eta Celia Rico tutoreek egingo dute mentoring prozesu osoa.

Aurreratu dutenez, mentoringak bi ardatz izango ditu: batetik, film bat sortzeko prozesura sormenez hurbiltzea, eta, bestetik, proiektu horiek zinemaren merkatuan eta industrian txertatzeko eta trebatzeko beharrezkoak diren moduluak. Hautatutako hiru zuzendariak Noka Mentoringek eskainitako programan parte hartzeko eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatzeko, horietako bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du.

Era berean, proiektuak prest egon beharko dira Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eskaintzen duten Ikusmira Berriak proiektu zinematografikoak garatzeko egoitza artistikoen deialdira aurkezteko. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da zabalik Ikusmira Berriak programaren deialdia, eta Noka Mentoring programa honen helburuetako bat da hiru proiektuak deialdi honetara baldintza onenetan aurkeztu ahal izateko prestatzea.

Interesa duten emakume zinemagileek Tabakaleraren webgunean aurkituko dute informazio guztia eta noka@tabakalera.eus helbidera bidali beharko dute beharrezko material guztia.