NAIZ

Enpresa elektriko handien «diru-gosea» salatu du Sortuk Iberdrolaren egoitzaren aurrean

Enpresa handiek irabaziak metatzen dituzten bitartean argindarraren prezioak etengabe gora egiteak biztanleriarengan daukan eragin kaltegarria salatu du Sortuk Iberdrolaren egoitzaren aurrean egin duen elkarretaratzean.

Bilboko egoitzaren atarian protesta egin du Sortuk. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Bilboko egoitzaren atarian protesta egin du Sortuk. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Argindarraren prezioarekin ematen den «lapurreta» salatzeko elkarretaratzea egin du astelehen honetan Sortuk Iberdrola konpainiak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Eraikinaren atarian metalezko zortzi bidoi jarri dituzte, sutan, bakoitza hizki banarekin eta guztien artean «Lapurrak» hitza osatzen zuten. «Argindarraren faktura igo diguzue. Jende askok gorriak ikusiko ditu negu honetan. Horregatik Iberdrolaren eta energia-enpresa handien diru-gosea salatu dugu», azaldu du talde abertzaleak.

Azken bi hamarkadetan argindarraren fakturak etengabe gora egin duela salatu du Sorturen izenean Carlos Renedok. Egoera are gehiago okertuz, azken asteotan, hotz bolada bete-betean, elektrizitatearen prezioak %30 gora egin duela gaineratu du Sortuk.

Prezioaren gorokadek biztanleriaren ongizate faltarekin harreman zuzena dutela nabarmendu du Sortuk. Zehazki, Hego Euskal Herrian 185.000 pertsonek ezin dute etxea tenperatura egokian mantendu, biztanleriaren %6,5ek hain zuzen ere.

Balantzearen beste aldean, elektrizitatearen alorreko enpresa handien irabaziak etengabe doaz gora. Iberdrolak 2.681 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen iazko bederatzi lehen hilabeteetan, urtarriletik irailera. «Argindarraren prezioa manipulatzeagatik ikerketa judiziala du zabalik eta alderdi sistemiko guztiak erosten ditu ate birakarien bidez», gaineratu du Sortuk.

«Krisia kapitalak ordain dezala. Gehiengo zabalaren aldeko neurriak behar-beharrezkoak dira, eta administrazioak zuzenean interbenitu beharko luke sektore energetikoa. Horretarako tresna propioak behar ditugu: burujabetza; estatu propioa behar dugu», aldarrikatu du Sortuk.