«Frustrantea da Athleticek irabazi zuen arren, titularrean Barça aipatu behar izatea»

Patxi Vrignon-Etxezarreta hazpandarrak AFP agentziarentzat egiten du lan Madrilen, kirol korrespontsal moduan. Athleticen garaipenak poztu duen arren, albistea nahiko lukeen bezala ezin aurkezteak «frustrazioa» eragin dio.

Patxi Vrignon-Etxezarreta AFPren Madrilgo bulegoan lanean.
Patxi Vrignon-Etxezarreta AFPren Madrilgo bulegoan lanean.

Patxi Vrignon-Etxezarretak 25 urte ditu, Hazparnekoa da (Lapurdi) eta kirol kazetari gisa lan egiten du Madrilen. Lan egun gogorra izan zuen atzokoa, baina Athleticen garaipenak eramangarriagoa egin zuen goizaldeko ordu bietan amaitu zen lan eguna. France-Presse (AFP) berri agentziarentzat egiten du lan Madrilen, eta haien bezeroak kontuan hartuta, idatzi zuen albistearen titularrean Athletic aipatu beharrean Barça nabarmendu behar izatea «frustantea» dela onartzen du.

Baionako unibertsitatean Euskal Filologia ikasketak egin zituen bi urtez eta, jarraian, 2015 eta 2017 urteen artean, Bordelen izan zen Kazetaritza ikasketak egiten. Ikasketak amaituta, praktikak egin zituen hainbat hedabidetan, tartean AFP agentzian. Ondoren, Mont de Marsanen hasi zen lanean, bigarren mailako Frantziako Errugbi lehiaketak jarraitzen. 

«Praktikak egin eta bi urtera deitu ninduten, 2019ko maiatzean, eta esan zidaten Madrilen lan egiteko norbaiten bila zebiltzala, eta nik gaztelera menderatzen dudanez niri proposatu zidaten lanpostua», oroitzen du kazetari lapurtarrak.

Ez zuen bi aldiz pentsatu, AFP ospe handiko agentzia baita mundu mailan, eta egin behar izan zuen lehen gauza Parisera joatea izan zen. Han, lau hilabetez izan zen enpresa ezagutzen, funtzionamendua eta berari zegokion lanerako prestatzen. Horren ostean joan zen Madrilera, 2019ko urrian.

Saski baloia nahiago

Futbolaz harago, beste kirolak ere lantzen ditu kazetari hazpandarrak, «baina egia esan gure lanaren %90a futbola da, hori da gure bezero frantsesei interesatzen zaiena, Barça, Real Madril eta Atletico Madril», nabarmendu du.

Ordea, ez da futbola gehien maite duena, saskibaloia da Vrignon-Etxezarretaren kirolik gogokoena. Zenbait urtez Hazparneko Zarean taldean jokatu zuen, eta epaile lanetan ere aritu zen.

«Futbola, errugbia eta izotz jockeya ere txikitatik segitu izan ditut, zeren Angelun badugu izotz jockey talde on bat», gaineratu du.

Txikitan Athleticzalea omen zen, baina fakultatera ikasketak egitera joan zenean errealzale amorratuak topatu zituen ikaskideen artean eta hor bi uren artean geratu zen. Edonola ere, egun euskal talde guztiak segitzen ditu, eta guztiak maite ditu. «Zorte handia dugu bost euskal talde goi mailan izatea, beraz, bost taldeak segitzen ditut».

Horregatik, Athleticek Espainiako Superkopako finala irabazi izanak «kriston poza» eragin zion. «Gainera 40. minutua eta gero sekulako partida izan zen, luzapena, Iñakiren gola, dena itzelezkoa» izan zela uste du.

Aitzitik, finalaren kronika berak nahiko lukeen bezala ezin idaztea «pixka bat nardagarria» dela dio, zeren «bezero frantsesentzat berri nagusia ez da Athleticek irabazi duela, Barçak galdu duela baizik, eta ondorioz, titularrean Athletic aipatu beharrean Barça idatzi beharra frustrantea da».

Vrignon-Etxezarretak frantsesez idazten du eta kirolen atalean beste bi lankiderekin egiten du lan, batek gazteleraz idazten du eta besteak ingelesez. Beraz, «espainiarrak gazteleraz idazten du, ingelesak ingelesez eta euskaldunak frantsesez», dio irriz.

Osasun krisia

Atzoko partida telebistatik jarraitu behar izan zuten, izan ere covid-19ak eragin duen osasun krisiaren ondorioz zailtasunak baitituzte estadioetara joateko. «Pandemia aitzin, hiru edo lau partida estadioetan jarraitzen genituen, horietatik bat Madrilen, zeren etxea eta bulegoa estadioaren ondoan dauzkat, baina orain ez dugu leku finkorik Espainiako Futbol Ligako eta Superkopako partiduetan, zeren horietan sei leku bakarrik daude prentsa idatziarentzat, eta gure agentzia internazionala izaki, ez da postu horietako bat eskuratzeko garrantzitsuenen artean».

Aldiz, UEAFAko Txapeldunen Ligako partidetara bai joan ahal da kazetari lapurtarra, izan ere Europa mailakoa lehiaketa denez prentsa idatziarentzako postu gehiago izaten baitira, eta horri esker, Bartzelonan, Sevillan eta Madrilen jokatu diren partiduetan izan da Vrignon-Etxezarreta.

Etorkizunean, gutxienez beste urte pare bat Madrilen egin nahi ditu Hazparneko kazetariak, «zeren Madrilen egin dudan urte eta erdia bitxia izan da, ezin izan dut lanpostuaren aberastasuna deskubritu».

Horren ostean ez du plan zehatzik, baina bere esanetan lan egiten duen enpresan «badira hainbat aukera interesgarri, kirolean zein beste arloetan, eta Europan zein mundu osoan lan egiteko parada bada».

Zalantzarik gabe, gaztelera ongi menderatzeak lagunduko dio eta Atlantikoaren beste aldean ere ate aunitz izan ditzake irekiak. «Adibidez, Los Angelesen, han bada AEBtako saskibaloiaren berri emateko postu bat», hausnartu du kirol kazetariak.