NAIZ

Hilaren 27 eta 28rako greba deialdia egin du ELAk EAEko jantokietan eta eskola-garraioan

Lakuako Hezkuntza Sailak «eguneroko arazoak tratatzeko, negoziatzeko eta konpontzeko borondaterik ez duenez», urtarrilaren 27 eta 28an ELAk greba deitu du ikastetxe publiko, pribatu eta itunpekoetako jantokietan eta eskola-garraioan.

EAEko ikastetxe publiko, pribatu eta itunpekoetako jantoki eta garraioko langileei eragiten die deialdiak. (GETTY IMAGES)
EAEko ikastetxe publiko, pribatu eta itunpekoetako jantoki eta garraioko langileei eragiten die deialdiak. (GETTY IMAGES)

Ohar baten bidez, urtarrilaren 27 eta 28rako ikastetxe publiko, pribatu eta itunpeko guztiei eragingo dien greba erregistratu duela jakinarazi du, Hezkuntza Sailaren jarrera salatzeko eta jantokietako zein eskola-garraioko langileen lan-baldintzak bermatuko dituen erabakiak hartzeko borondaterik ez duela agerian uzteko.

Hezkuntza Saileko ordezkariekin egindako bigarren eta azken bileran, urtarrilaren 11n, azarorako aurreikusitako bilera bertan behera utzi eta bi hilabete eta erdira, Departamentuak «ez du oraindik eskola-jantokien edo eskola-garraioaren aldeko benetako apustua egiaztatzen duen daturik eman», ELAk salatu duenez.

Sindikatuaren esanetan, Gobernuak «jantokien zerbitzua indartzeko diskurtsoari eutsi dio, 7 milioi euroko kostuarekin», baina horren aurrean «datu bakarra» eman duela gaineratu du: aurreko ikasturtean baino 17.000 mahaikide gutxiago izango direla «eskaintzarik eta egokitutako gunerik ez dagoelako».

Ondorioz, «aldi baterako enplegu guztia suntsitu da eta milaka langilek eskubideak galdu dituzte».

Eskola-garraioari dagokionean, ELAk dio ez dela «inolako neurririk hartu» eta ez dagoela «gutxieneko protokolorik».

Hala, sindikatuak «benetako neurri mintzatuak eta negoziatuak» eskatu ditu, «zerbitzuen eskaintza, segurtasuna, kalitatea eta enpleguari eta lan-baldintzei eustea bermatzeko». «Zerbitzuen, osasunaren eta pertsonen aldeko benetako apustua eskatzen dugu, gastatu nahi ez izatearen interes bakarraren aurrean», adierazi dute.

Era horretan, hilaren 27 eta 28rako greba deitzeaz gain, otsailaren 23 eta 24rako aurreabisua sartzea ere ez dutela baztertzen adierazi dute, «Hezkuntza Sailak inposizio eta aldebakartasun jarrerari eusten jarraitzen badio».