Alavesek jasoko du Arabako Domina, bere mendeurrenean

Arabako Foru Aldundiak erabaki du Deportivo Alaves futbol taldeari domina ematea bere 100 urteko historiagatik.

Lehen Mailako partida Alaves eta Elche artean. (Raul BOGAJO/FOKU)
Lehen Mailako partida Alaves eta Elche artean. (Raul BOGAJO/FOKU)

Arabako Foru Aldundiak erabaki du Deportivo Alaves futbol taldeari ematea Arabako Domina, foru erakundeak ematen duen saririk handiena, hain zuzen. Foru gobernu bilerak erabaki du kluba saritzea bere 100 urteko historiagatik, arabarrentzat kirol eta gizarte balio nabarmenak defendatzeaz gain, lurralde historikoaren enbaxadore gisa lan handia egin duelako.

Arabako Aldundiko arduradunek jakinarazi dutenez, 1921eko urtarrilaren 23an Sport Friend's Club gisa sortu ondoren, Gasteizko klub apalak egun duen izena hartu zuen.

Sortu zenetik, «Arabako gizartearen balio bereizgarriak aurki ditzakegu klubaren balioetan ere». «Ehun urteotan zehar erakutsi digu arrakasta lortzeko duen gaitasuna, harrotasuna eta apaltasuna, bai eta porrotean suspertzeko duen gaitasuna ere», nabarmendu dute.

Gasteizko klubaren ibilbidean aurki daitezke 1. mailara igotzea, 1946ko Federazio Kopan lortu zuen garaipena, eta Liverpool talde ingelesaren aurka 2001ean jokatutako UEFA txapelketako finala.

Deportivo Alavesek 13.000 pertsonatik gorako masa soziala du, «kolore urdin eta zuriarekin identifikatzen dena, Arabako eta Gasteizko historiaren zatia da, eta erreferentea da gazteentzat eta, oro har, Arabako gizartearentzat».

«Zalantzarik gabe, gizarte kohesiorako elementu garrantzitsua da, eta bere ibilbidean zehar, gure lurraldea ezagutarazten lagundu du, bai estatuan, bai nazioartean», nabarmendu dute.