Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Bidenek erronka ia gaindiezinei aurre egin beharko die

Joe Bidenek AEBak munduan aitzindari izaten jarraitzea nahi du. Erronka izugarriak ditu, ordea, eta larrienak ez dira Txinak, Errusiak eta Iranek suposatzen dutenak, barnean dituen auzi ia gaindiezinak baizik. Egungo Amerika, noren aitzindari?

Kapitolioan Bidenen kargua hartzea ekitaldiaren prestaketak. (Patrick SEMANSKY/AFP)
Kapitolioan Bidenen kargua hartzea ekitaldiaren prestaketak. (Patrick SEMANSKY/AFP)

«Amerika bueltan da mundua gidatzeko»: Joe Bidenek oraingoz munduko lehen potentzia dena munduko nazioen arteko gailurrera itzultzeko konpromisoa hartu du. Aurrez aurre izango ditu Txinaren, Errusiaren eta Iranen desafioak.

«Amerika indartsuagoa da aliatuekin batera lan egiten duenean», ziurtatu du presidente berriak aurreko asteburuan Estatu departamentuan arduradunak aurkeztean. Bide batez, mundu osoan AEBen «lidergo morala eta politikoa berreskuratzea» agindu die.

Bidenek Barack Obamaren Administrazioaren diplomatikoak hautatu ditu. Beraz, Trumpek egin duenarekin alderatuta –aliatuetatik aldentzea, autokratei keinuak, nazioarteko itunei mespretxua eta aldebikotasun asimetrikoa– Etxe Zuriko maizter berriak kanpo politika klasikoagoa egingo duela argi dago.

Horretarako Antony Blinken aukeratu du Estatu departamentuan idazkari bezala, AEBen interbentzionismoa lotsarik gabe aldarrikatzen duena, «Amerika mundu osoan eredu izan dadin».

Amerikaren ondorengo mundua

Nola izan munduan eredu, ordea, Amerikak berak hondoa jo duen honetan? Trumpen lau urteek amildegiari begira utzi dute lehen potentzia. Hauteskundeen ondorengo krisialdiak eta Kapitolioaren erasoak ia gaindiezineko kolpea eman diote AEBek munduan duten irudiari.

Richard Haass diplomatiko ohiaren ustez, urtarrilaren 6ko Kongresuaren aurkako erasoak «amerikar-ondorengo munduaren hasiera suposatzen du, AEBek lehentasuna izango ez duten munduarena».

Horrela bada, Haassentzat «denbora asko beharko dugu Zuzenbideko Estatua modu sinesgarrian defendatu ahal izateko». Beste aditu batzuk bat datoz eta dei egin diote Bideni aurten antolatzeko asmoa duen «demokrazien gailurra» bertan behera utz dezan.

Brookings Institution gogoeta zentroan lan egiten duen Thomas Wrightek, ordea, ez omen du ikusten kontraesanik «egun bizi dugun umiliazioaren eta munduan demokrazia eta giza eskubideak (sic) defendatzeko ahaleginaren artean».

‘The Atlantic’ aldizkarian gogora ekarrri duenez, trumpismoa eta bere ondorioak ez dira «bakarrik auzi amerikarra».

Kanpo arazoei aurre egin behar

Dena den, eta eztabaidak eztabaida, barne krisiez inguratuta –pandemiaren epizentroa, arazo ekonomikoak, arrazakeria– munduko auziei aurre egin beharko die Bidenek. Eta lehen momentutik.

Washingtonek eta Moskuk, bere etsai historikoak, otsailaren 5era arte dute desarme nuklearrari buruzko New Start ituna sinatzeko. Demokratek akordio bat nahi dute alde batetik eta Trumpen ganoragabekeria salatu dute, baina bestetik magnateak Errusiarekiko agertu ez duen irmotasuna erakutsiko dutela iragarri dute.

Iranekin dossierra ez da samurragoa. Biden Trumpek salatu zuen akordio nuklearra berreskuratzearen alde azaldu da baina horretarako Mike Pompeo Estatu idazkari ia ohiak areagotu egin dituen Teheranen aurkako zigorrak arindu beharko ditu. Iranek, gainera, bere programa nuklearra indartu egin du, Parlamentuko sektore printzipalistek, Ali Jamenei aiatola buru dutenak, bultzatuta.

Azkenik, baina seguruenik garrantzitsuena, Washingtonek Pekinekin duen lehia da erronkarik handiena. «AEBek Txinaren aurrean irmoak izan behar dute», aldarrikatu du Bidenek, hainbat errepublikarrek leporatzen dioten «ahultasuna» uxatu asmoz.

Irmotasun honek Gerra Hotz berri batera garamatza, Pompeok nahi duen bezala, ala europarrek defendatzen duten moduan lehiakortasun estrategiko baina apalago bat suposatuko du?

Auzi horri erantzunak «Amerikako kanpo politikaren arrakasta edo porrota aginduko du», ziur da Bill Burns diplomatiko ohi eta Bidenek CIAko zuzendari izendatu berri duena.

Ba al da gai, ordea, egungo «Amerika», bide batez irmotasuna eta malgutasuna erakusteko? Ez al da bere ahuldadea harrokeriarekin ezkutatzen saiatuko, zauritutako lehoiaren antzera?