Amaia Ugarte
Donostia

«Gazteak gara, ez terroristak», Poliziaren jazarpena salatzeko oihu ozena Donostian

Jendetza bildu da Donostian azkenaldian Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Alde Zaharrean izan duten portaera bortitza eta gazteen aurkako kriminalizazioa salatzeko egin den manifestazioan. Egoera «jasanezina» bihurtu dela eta gazteak direla, «ez terroristak», ozen aldarrikatu dute. 

Donostiako manifestazioa. (Jon URBE/FOKU)
Donostiako manifestazioa. (Jon URBE/FOKU)

Azkenaldian Donostiako Alde Zaharrean Ertzaintzak eta Udaltzaingoak izan duten jarrera bortitza gaitzetsi eta gazteen kriminalizazioa salatzeko manifestazioa egin dute eguerdian.

Abenduaren erdialdetik hona hainbat aldiz sartu dira auzoan indarrez eta bortizki oldartu dira bertan –batez ere Trinitate plazan– biltzen diren gazteen aurka. Azken astebetean hiru aldiz kargatu dute, borra eta foam-ezko balekin, eta gutxienez bederatzi pertsona atzeman dituzte. Kargak etxeratze agindua iritsi aurretik izan dira eta pilotakada horietako baten ondorioz gazte bat ospitaleratu behar izan zuten, masailezurra hautsita. San Sebastian egunean izan zen hori, egun horretan bereziki gogorra izan zen ertzainen oldarraldia eta ertzainburu batek «jotzera» tiratzeko emandako aginduak hautsak harrotu zituen.

Hori guztia salatzeko Alde Zaharreko Gazte Asanbladak deituta egin duten mobilizazioan jendetza bildu da. Gipuzkoa osoko 33 eragileren babesa izan dute. Bulebarretik atera da manifestazioa, «Errepresiorik ez. Gazteon aurkako kriminalizazioa gelditu» lelopean. Segurtasun distantziak mantenduta eta banakako ilaretan, hiriguneko kaleak zeharkatu eta atzera Bulebarrera itzuli dira, handik Alde Zaharrerako bidea hartzeko.

«Alde Zaharra bizirik», «euskal gazteria aurrera», «errepresioa gelditu», «alde hemendik, utzi bakean», «gazteak gara, ez terroristak», «estatu poliziala suntsitu», «indar polizialak auzotik kanpora», «PNV lotu txakurrak»... oihupean egin dute ibilbide osoa. Iñigo Cabacas ere gogoan izan dute manifestariek, eta ertzainen pilotakada baten ondorioz hil zela oroitu.

Manifestazioa Bulebarrera iritsi denean, une batean tentsioa izan da Ertzaintzaren auto bat manifestarien artean pasatzen saiatu delako eta bidegorrian ere sartu delako, bertan zebiltzanak arriskuan jarriz. Txistuak izan dira, baina ez da areago joan. Martxa Alde Zaharrean sartu denean auzoa «bakean» uzteko oihuak areagotu egin dira.

Trinitate plazara heldu denean, sarrera pixkanaka egin behar izan dute manifestariek, pilaketak ekiditeko. Jende askok kanpoan geratu behar izan du, plaza bete egin delako. 

Gazte Asanbladako bi kidek irakurri dute bukaerako manifestua. Nabarmendu dutenez, egoera «jasanezina» bihurtu da. «Auzoaren militarizazioa, Poliziaren jazarpena, gazteon kriminalizazioa eta manipulazio mediatikoa irmoki» salatu dituzte.

Horrekin batera, «antolakunde eta mugimenduen antolakuntza galaraztea, biltzeko mugak jartzea, mobilizazioak mugatzea, gazteok gure auzoko plazetan lasai egon ezin izatea, eta uneoro Poliziaren katxeoak, identifikazioak, jipoiak, atxiloketak eta harropuzkeria jasatea gure egunerokotasunaren parte» bihurtu direla ziurtatu dute.

San Sebastian eguneko gertakariak ere izan dituzte hizpide. Istiluen abiapuntua «inolako arrazoirik gabe auzoko gazte baten atxiloketa» izan zela esan dute, baina argi utzi nahi izan dute Konstituzio plazan San Sebastian eguna ospatzen ari zirenek ez zutela zerikusirik izan. «Udaltzaingoak gaztea atxilotzerako garaian –deigarria da udaltzain gehienek ez zekitela zergatik atxilotzen ari ziren gaztea– egoera kudeatzeko gaitasun eza nabaria zen, auzotar asko atxiloketa galarazten saiatu zirelako», adierazi dute. Horren aurrean, errefortzuak eskatu eta «minutu gutxira Ertzaintzaren antidisturbioek auzoa militarizatu zuten».

Agintarien «arduragabekeria» zuritzeko gazteak kriminalizatu

Gazteen arabera, «ez ziren joan segurtasun neurriak bermatzera, auzotarrak jipoitu eta jazartzera» baizik. Gazte Asanbladaren ustez, gertakari hauek ez dira «isolatuak». «Osasun krisiaz harago, egiturazko krisi kapitalista baten aurrean aurkitzen gara. Agintari instituzionalek eduki duten arduragabekeria zuritzeko, gazteon kriminalizazioa erabili dute tresna nagusitzat eta errepresioaren ardatz gisa», nabarmendu dute.

Pandemiaren testuinguruan Poliziaren errepresioa «areagotu» egin dela diote, eta polizia indar ezberdinek haien «eskumenak handitu dituzte, berezko jarrera errepresiboa intentsifikatuz eta haien inpunitatea babesten duten neurri berriez baliatuz». Hori guztia zuritzeko «une oro masa hedabideen manipulazioa» erabiltzen dute, «Poliziaren errelatoari guztizko zilegitasuna emanez», gazteen irakukertaren arabera.

Egoera horren aurrean, abiatu duten dinamika berretsi dute eta horren baitan antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzeko deia egin dute. Kontu korronte bat ere ireki dute, «kostu errepresiboei» aurre egiteko. Azkenik, kriminalizazioaren aurrean antolakuntza eta borrokarako deia egin dute.